"Izan gaitezen justuak, izan gaitezen BDZ" #RightToBoycott

Axier Lopez
0

Israeli boikot egiteko eskubidearen alde nazioartean hedatu den kanpainari gurean bultzada emateko asmoz Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundeak bideo pedagogikoa sareratu du. Argazkigintza borroka tresna gisa hartzen duen Active Stills kolektibo palestinarraren argazki ikusgarriak erabili ditu horretarako. Emaitza 100.000 lagunek baino gehiagok ikusi du jada.
Israel palestinarren giza eskubideak sistematikoki urratzen dituen estatua denez, 2005ean Israelekin mota guztietako harremanak eteteko deia zabaldu zuten dozenaka talde palestinarrek nazioartera, Hego Afrikako apartheidaren aurkako boikot kanpaina arrakastatsua eredutzat hartuz. 11 urtetan Israeli boikot egiteko deiak bide oparoa egin du, baita garaipen batzuk lortu ere. Baina horrekin batera, boikotaren inguruko diskurtso edo uste okerrak ere sortu dira. Edo akaso hedatu dituztela esango beharko genuke. Juduen aurkako gorrotoan oinarrituta dagoela, herri oso bat kriminalizatzeko deia dela, antisemitismoa eta gorrotoa bultzatzen dituela… Gaiari jarraipen minimoa egin dion orok badaki funtsik gabeko usteak direla, baina horren aitzakiatan Israelgo gobernuak protesta molde horren aurkako legedia osatu du. Eta horrek eragin du Israelen erabakiak sekula ezbaian jartzen ez dituzten zenbait gobernuk ere –AEBkoa buru– bere egitea BDZren aurkako zigorrak.
Palestinako BDZ mugimenduaren kriminalizazioari amaiera emateko eta giza eskubideen alde egitea delitua ez dela aldarrikatzeko #RightToBoycott kanpaina sortu da. Horri aupada emateko Mundu Batek egin duen bideoak Euskal Herriko mugak gainditu ditu eta, sare sozialetan izandako zabalpen itzelari esker, dozenaka milaka lagunek ikusi dute honezkero.
Bideoa euskaraz ikusteko sakatu Youtubeko azpitituluen botoia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA