Intifada bai, baina Palestinako kasta politikoaren aurkakoa

Zenbait politikari palestinarren aldarriek eta nazioarteko masa komunikabideen mezuek irudikatzen dute Palestina beste Intifada baten atarian dagoela. Baina, egiatan hala al da? Palestinarrak prest al daude mundu mailako potentzia militarrik handienetakoari aurre egiteko?

Israelgo indarkeria estrukturalari palestinarrek era kolektiboan erantzuten dioten aldiro, nazioarteko komunikabideek balizko hirugarren Intifadaren susmoa zabaltzea ohitura bilakatu dela dirudi. Oinarriak, testuingurua eta historia hurbila kontuan hartu gabe, Intifadaren “mamua” zabalduz arreta erasotzaile nagusiarengan jarri beharrean palestinarren artean ezartzen dute: (1) (2) (3)… Gaur egun, islamisten ohiko dei propagandistakoetan salbu, zaila da irudikatzen aurreko Intifaden gisako altxamendu herritar orokorrik izango denik Palestinan. Ekialde Hurbilean egoera aldakorra da oso, baina testuinguruak ez du horretarako aukera handirik eskaintzen.

Batetik, bigarren Intifadaren zauriak oso zabalik daude oraindik. Bigarren Intifadari –2000tik 2005era arte iraun zuen oldarraldi herritarra– Israelek eman zion erantzun militarraren tamainari ezin izan zioten eutsi. Amaierarako odolustea izan zen eta palestinarrek beraiek, Al Fatah buru, geldiarazi zuten. Konfrontazio irekiaren bidetik joz gero, munduan ia parekorik ez duen Israelen gerra-makinak dena du bere alde. Israel, gainera, lezioa oroitarazten oso saiatua da: tarteka abiatzen dituen operazio militarren sarraskien bitartez –azkena orain hilabete batzuk Gazan–.

Argazkiak: Issam Rimawi kazetari grafikoa

Bestetik, egun palestinarrek batasun politikorik ez dutelako. Intifaden izaera eta motorra herritarra bada ere, nekezago piztuko da giro politikoa zauriz josita egonda. Fatahk erresistentzia eta konfrontazioa alboratu ditu; eskuineko mugimendu islamistek (Hamas eta Jihad Islamikoa) Fatah boteretik kentzea dute helburu nagusia; eta ezkerreko mugimenduei dagokienez, batzuk ahul (PAHF) eta beste batzuk desagertzear daude.

Azkenik, Israeli Boikot nazioarteko kanpaina tantaka-tantaka emaitzak lortzen ari bada ere, palestinarrek ez dute nazioarteko testuinguru politikoan beren aldeko indar korrelaziorik, ezta ekonomikoki edota militarki laguntzeko prest dagoen ia inor ere.

Orain 5 urte Biladi Hadi ekimenaren bitartez Palestinan izan ginen askok somatu genuen buruzagi politikoekiko mesfidantza orokorra; eta zenbait kasutan, mesfidantzaz gain, ustelkeria eta kolaborazionismo salaketak entzun genizkion bati baino gehiagori. Urteak pasatu dira, baina okupazioaren eguneroko umiliazioak bere horretan darrai. Egun barrikadaren lehen lerroan daudenak, harria eskuan dutela, Osloko negoziaketen garaia edota bigarren Intifada ez zuten bizi. Ezagutu duten bakarra da ezertan islarik ez duen “bake prozesu” etengabearen garaia. Ikusi dituzten “hobekuntza” bakarrak aldian aldiko sarraskiak egiteko Israelen teknika militarrenak izan dira. Eguneroko bizimoduari dagokionez, Gazak sabairik gabeko kartzela izanez jarraitzen du eta Zisjordania mugimendu asktasunik gabeko eremua; kolonien ugalketak eta harresiaren eraikuntzak marraztutako gruyère gazta. Beraz, ez da harritzekoa Palestinan inoiz berriz altxamendurik izatekotan, Fatah-k (eta beste maila batean Hamasek) ezarritako egungo status quoaren aurkakoa izango dela pentsatzea.

Marwan Barghouti ere oso kritiko
Israelek preso duen parlamentari palestinarra da Barghouti. 20 urte eman ditu kartzelan, azken 13ak jarraian. Lehen eta bigarren Intifaden bultzatzailetzat hartzen dute askok, eta gaur egun, oso kaltetua dagoen Palestinako kasta politikoaren artean, sektore askoren aldetik ongi ikusia dagoen buruzagi bakarretakoa da.  Bere ustez, Palestinako Aginte Nazionalak Israelekin kolaboratzeari utzi behar lioke eta palestinarren erresistentzia sustatzen lagundu Jerusalemen eta Zisjordanian. “Zisjordanian gainerako mugimendu palestinarren aurkako poliziaren rola hartu du PANek. Israelekin duen segurtasun-ituna apurtu behar lukete”, idatzi du kartzelatik Barghoutik.

Bide diplomatikoaren bideaz ere zorrotz mintzo da. Ezin dela negoziaziorik proposatu, gaineratu du Barghoutik, baldin eta Israelek ondorengo lau minimoak ez baditu onartzen: 1967an okupatu zituen lurraldeetatik –Jerusalem ekialdea barne– joateko egiazko engaiamendua; neurri politiko kolonialistak indargabetzea; palestinarrei herri gisa dagozkien eskubideen aitorpena, baita autodeterminaziorako eta etxera itzultzeko eskubideak ere; eta preso politikoen askatasuna bermatzea. “Okupazioarekin batera ez dago elkarbizitzarik, eta guk ez diogu inoiz okupazioari men egingo.” Israelen krimenek nazioarteko legeak urratzeaz gain, “bi estatuen konponbidea” ere suntsitzen ari direla adierazi du. “Palestinako gatazka politikoa amaierarik gabeko gerra erlijioso bilakatu nahi dute, inguruko herrialdeen egoera desegonkortzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.