Hankak lurrean, baina ez geldirik

argia
0

Argia Sari guztien atzean pertsonak daude. Jendea saritzen dugu, eta jenderik gabe banatu behar izan ditugu aurtengo Argia Sariak. 2020. urtea eta 2021eko hasiera ez dira errazak izan. Ezta Argiarentzat eta Argiakoontzat ere. Txinan agertu zen birus hartaz lehen aipamenak egiten zirenean etxeko mesfidatienek gure arteko elkarrizketetan egiten zituzten aurreikuspenik ilunenak ere motz utzi zituen dagoeneko ezagun baina oraindik ere ez-ezagutzatik asko duen pandemiak. Mundua hankaz gora eta Argia zangoak lurrean eduki nahirik. Ondo azalduta dago urtearen balantzea Lander Arbelaitzek pasa den azaroaren 29ko zenbakian idatzitako Hilik baikaude, bizirik gaudela ez badugu oihukatzen erreportajean.

Aldatu behar izan ditugu lan egiteko moduak, Argia osatzen dugun guztion osasuna bermatu ahal izateko. Guztiona. Erredakzioan lan egiten duenetik hasi eta inprentatik pasaz, banatzaileetaraino. Erabaki genuen etxetik lan egitea. Hautatu genuen hiru astez aldizkaririk ez egitea eta modu digitalean eskaintzea ahalik eta informazio zabalena.

Kazetaritza independente eta kalitatezko hori bermatzeko aukera badugu, denon artean Argia ekonomikoki bideragarri egiten asmatzen dugulako da. Durangoko Azokaren hutsuneak moztu du diru-iturri bat, eten dira aurrez aurreko urteroko egonaldiak, harremanak, eman eta hartuak. Proiekturen batean ibili denak ondo daki zein nekeza den proiektuaren alde dirua jartzeko prest dagoen jendea topatzea. Eta krisi ekonomiko batek ez du bidea leuntzen. Baina lantaldeko kide batek zioen, biziraupenera ohitutako espeziea dela Argia, diru irabazi asmorik gabe, urtez urte biziraupena bermatzea lehentasun duena. Behin urtea salbatuta, gero gerokoak.

Sendo harrapatu du Argia mundua dardarka jarri duen lurrikarak. Azken urteetan izan den generazio aldaketak bultzada eman dio eta martxan jarritako lan egiteko moldeek ere taldea egiteko balio izan dutela dirudi. Pentsatzeko, birformulatzeko, moldatzeko eta aldatzeko artea eskuratu dute langileek; 1980ko hamarkadatik berena duten enpresaren gidari. Erronkei erantzuna emateko prest. Aurrean suertatzen den harri-kozkor honekin zer egin? Hasteko, taldean erantzun. Eta gero, eskura ditugun baliabideen araberako neurriak hartu: batzuetan harria mugitu arte bultza, beste batzuetan gainetik salto egin, eta akaso, maniobra bihurriegia bada, inguratu eta aurrera egin. Baina aurrera egin.

Urte gogorra izan da guztiontzat, datorrenak zein norabide hartuko duen ondo ez dakigun bitartean. Dakiguna da Argiak komunitatearen beharra duela. Sekula baino handiagoa, harremanak mozteko eskatzen ari zaizkigun garaiotan. Argiak beste urtebetez biziraungo badu (eta hori du asmoa) bere sarearen babesarekin izango da. Independentziatik. Euskaratik. Ikuspegi kritikotik. Ezkerretik. Argiaren magalean biltzen garen guztion bultzadarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA