Idazkeran laguntzeko tresnak sarean

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bakoitzak ditu bere errekurtsoak idazkera zuzena erabiltzeko edo testua aberasteko. Euskal prentsan ere bai. Hizkuntza garatzen eta moldatzen doa. Garaian garaikoa ez da elikaduran bakarrik aplikatu daitekeen formula, hizkuntzak ere garaian garaiko arauak eta moldeak izaten ditu, eta kazetariek jakin behar dute garaian idazten. Ze trikimailu erabiltzen dituzte ARGIAko lagunek “ondo” idazteko? Ezagutzen nituen batzuk, besteak berriak zaizkit; baina kontutan hartzekoak dira zerrendako erremintak, ez baita kazetaria izan behar hauek erabiltzeko.

Zumaian 2019. urtea amaitu aurretik antolatutako kontzentrazio egunetan ARGIAko lankideei Onintza Irureta kideak azaldu zizkien zer tresna dauden erabilgarri sarean euskara egoki eta modu aberatsean idazteko. Azalpen huts bat baino, izan zen informazio-truke bat. Bilkurako gidariak botatako pistez gain, beste kideek ere gehitu zizkioten tresna batzuk eta denen artean osatu zuten, nolabait, zerrenda.

Zer da sarean topa dezakeguna

Askori dagoeneko ezaguna egingo zaigun ‘Xuxen’ zuzentzailea daukagu, alde batetik. Honek zuzenduko dizkigu ortografia akatsak eta abar.

Oso azpimarratua izan zen Berria egunkariaren estilo-liburua. Askoren errekurtso nagusia. “ARGIAren iparra da”, azaldu du Iruretak, “lan handia dago honen atzean, eta eskertzen da”. Baliagarri da, esaterako, gaur egun horrenbeste aditzen diren ingelesezko hitzak itzultzeko (vallenato edo thrash bezalako musika estiloak, reality show bezalako hitzak), munduko herrialde baten bilaketa eginez gero, oinarrizko informazioa jasotzen duen fitxa teknikoak ditu…

Euskaltzaindia da arau-emaile nagusia eta askok egiten dute bilaketa hemen, batez ere, toponimiari lotua, edo hitzak -a itsatsia duen edo ez jakiteko…

Euskalterm terminologia zehatzetarako asko erabiltzen dute batzuk. Esaterako, nola idazten da euskaraz RGI gaztelerazko terminoa? Nola idatzi Instituto Nacional de Estadística (INE)? Horrelako galderen erantzunak badaude bertan.

Testua aberasteko armiarma.eus atariko “euskal lokuzioak sarean” loturara jo dezakegu. Hitz bat behin eta berriz errepikatzen ari zarenaren sentsazioa badaukazu, hor duzu konponbidea.

Euskalbar instalatuta dute beste batzuek beren ordenagailuetan. Horrek eskura jartzen baitizkie hamaika hiztegi, itzultzaileak direla, sinonimoak direla…

Tresnak ezagutzea da garrantzitsua, hor daudela jakitea. Gero, bakoitzak aukeratu dezala gustukoena. Baina ez daukagu aitzakia gehiegirik dagoeneko oker idazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA