Mila esker Danele Sarriugarte, kaixo Miren Artetxe

argia
0
Danele Sarriugarte 2019an Durangoko Azokan egindako mahai-inguruan. Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Danelerekin pixka bat jarduteko denbora hartu dut eta telefonoz aritu gara. Elkarrizketa bukatu eta gutxira bere jarraitzailea den lagun bati eman diot albistea, eta elkarrekin oroitu ditugu Sarriugarteren entrebistak, aldizkarira ekarritako pertsonak eta argia emandako gaiak.

Bere ibilbideaz galdetu diot kazetari gazteari ezer baino lehen. 2016ko maiatzean hasi zen ARGIAko atal honetan kolaboratzen. Ondo gogoratzen du lehen lana: “Lorena Cabnal-i egin nion elkarrizketa, Maia-Xinka herriko aktibista feminista komunitarioa. Konkretuago esanda, lehen kolaborazio horren aurretik, hizkuntza kontuak tarteko, beste elkarrizketa bat publikatu nuen ARGIAn, Melike Yasar emakume kurduari egindakoa”, zehaztu dit; “baina hiru astez behineko kolaborazioekin maiatzean hasi nintzen”.

Izen ezagunetatik ezagutzeko moduko izenetara

Hiru urteko ibilbidearen inguruan galdetuta, azpimarratzekoa iruditu zaio elkarrizketatutako pertsonen profil aldaketa. Ez da nahi gabekoa izan. Aitortu dit hasiera batean bilatzen zituela jende ezagunagoak, baina denborak eraman duela inguruan ezagutzea suertatu zaizkion pertsona berezi horietara; izenez hain ezagun ez, ordea, kontatzeko asko duten horiengana.

“Askatasun osoa” izan du gaiak hautatzeko. Hala azaldu digu, esker tonuan. “Gainera, hiru kazetarik osatzen dugu saila eta aniztasuna bermatuta dago, bakoitzak du bere estiloa”, jarraitu du.

Miren Artetxek hartuko dio testigua. Lagunak biak. “Gomendioren bat eman al diozu?”, galdetu diot, titular polit baten bila-edo. Danelek aitortu dit eskaintza onartu aurretik izan zutela elkarrizketa eta bere esperientzia kontatu ziola; berarentzat Jendeak atalean parte hartzeko aukera jasotzea opari bat izan zela 2016an, gozoki bat eskaini ziotela eta gogoz hartuz gero oso gozagarria dela lana”.

Gozagarria izan dena kazetariarentzat, gozatua izan da, ziur, irakurle askoren partetik. Miren, orain zure txanda da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA