Koloreak kalean sentitzen dira

argia
0
Onintza Irureta “Berdea da more berria” liburua Manresako CUPen egoitzan aurkezten.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Koloreak ez dira futbolean sentitzen, hala behar lukeela esaten badigute ere. Katalunian azken denboretan horiak eta gorriak bakarrik erakusten badizkigute ere, sentitzen dira beste kolore batzuk. Balio du ‘berdea da more berria’ sloganak. Ondo dator han ere. Herrialde Katalanetan ere ezagunak baitira erresidentzietako langileen borrokak. Borroka sindikalak. Borroka feministak. Ziur “herrialde garatu” deitzen diegun bazter gehienetan ulertuko litzatekeela ondo leloa. Horrela iritsi da Onintza Irureta Azkune ARGIAko erredaktorearen liburua Katalunian egindako aurkezpen-birara, Tigre de Paper argitaletxeak katalanera itzulitako El verd és el nou lila (Berdea da more berria) liburua besapean hartuta.

Bartzelona, Terrassa, Igualada eta Manresan egin dituzte liburuaren aurkezpenak. Iruretak berak sarrera laburra egin ondoren, hitz egin dute egoitzetako ELAko bi ordezkarik. Lau aurkezpenak katalanezko bertsioa argitaratu duen argitaletxeak eta herri eragileek antolatu dituzte, eta Bartzelonako ekitaldian Carme Herranz izan zen gonbidatua, berak egin baitio katalanera itzulitako liburuari epilogoa. Manresan, aldiz, herriko egoitzako langile batek parte hartu zuen solasaldian eta hango errealitatea kontatu zuen.

Aurretik ere oihartzun nahikoa

“Aurkezpen gehiegirik behar ez duen liburua da. Propaganda handia greba garaian egin baitzen. 378 eguneko greba egin zuten eta gatazkak ia bi urte iraun zituen. Epe horretan borroka sindikal eta feminista hura lau haizetara zabaldu zuten grebalariek. Euskal Herrian egin zen ezagun, eta baita Espainian ere”, azaldu digu Onintza Iruretak. ELA sindikatuak harreman zuzenak egin zituen orduan hainbat eragile sindikal eta feministarekin eta garbi zuten euskarazko testuaren segidan helduko zela gaztelerazko itzulpena, besteak beste, jada ezagun zen borroka hori jasotzen zuen liburua Espainian zabaltzeko.

Pozik agertu da egilea, harrera oso ona izaten ari baita argitalpena. “Ezaguna greba garaian egin zen eta orain pentsatzen dut euskal, gaztelania eta katalan hiztunek erreminta bat daukatela greba hura hobeto ulertzeko eta borroka sindikal eta feminista bat nolakoa izan daitekeen hobeto entenditzeko”, azpimarratu digu.

Durangon erosi ez duenak edo aurkezpen batera gerturatu nahiko lukeenak badauka hurrengo zita: urtarrilak 24 ostirala Lekunberrin Printza gune autogestionatuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA