Diru-laguntzak: Zeresan handiko sostengua

argia
0

[Miren Osa Galdona] Gai delikatua da diru-laguntzena: gaiaz idazten den bakoitzean jomugan jartzen delako kargu publikoek hartu duten erabakia batetik, eta “ez zarete ezerekin konformatzen” mezuei aurre egin behar zaielako, bestetik. Alta, aldizkari honen historiak erakutsi du argiatarrek ez dutela ahoa itxita izan, eta artikuluetan kontatu izan dutela diru-laguntzen ebazpenen berri.
1987ko abenduaren 6ko astekariak azalean titular hau ekarri zuen: Jaurlaritza Argia itzali asmoz ari ote? eta azken orriko editorialean horrela laburtu zuten ordura arte jasotako diru-laguntzen ibilbidea: “Duela bi urte Argiak 13 milioitatik gora jaso zituen instituzioetatik, Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak jasotakoak batuta. Hurrengo urterako, eta Lurralde Historikoen Legearen aplikapenaren arabera, arlo honetako transferentzia esklusiboak Gasteizko gobernura pasatu ziren. Jaurlaritzak haatik ez zuen diru-partida proportzionalki gehitu, bere horretan utziz, eta ARGIAri lehenengo jeiste handia heldu zitzaion, 4 milioitakoa alegia. Aldizkariarentzako diru gehiagorik ez zegoelako aitzakiaz eman zigun %30eko beherapena, baina urte berean Eguna eta Hemen sortarazteko bazterren batetik atera zituen 18 milioi”. Beherapena ARGIAren laguntza erdira jaisteraino iritsi zela azaldu zuen editorialak jarraian: “1985ean 13 milioi, 1986an 8,8 milioi, 1987an 6,7 milioi. Aurten guri 6,7koa eman digun bitartean, Hemen eta Egunari 20na milioi ingurukoa luzatu die, azken hauek guk baino askoz salmenta eta irakurlego urriagoa izanik, eta haien kostoak ere gureak baino askoz txikiagoak izanik”.

90eko hamarkadan diru-laguntzen inguruko artikuluak idazten jarraitu zutela du gogoan Joxe Mari Irazustak. 1991. urtean sartu zen erredakziora, eta ordurako “saltsa ederra” egoten zela dio, orduko hartan ere tartaren zatia ez baitzen izaten konforme egoteko modukoa.

Mende berriarekin batera iritsi ziren “euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak”. Sektoreari laguntzeko asmoz, 3,8 milioi euro bideratu zituen Eusko Jaurlaritzak 2004an; zifra bera mantendu zuen 2005ean. Urtebetera %17ko igoera etorri zen. Kontuan hartu behar da ordurako euskal hedabideen sarea asko ugaritu zela, eta beharrak kolektiboak bezain estrategikoak izaten hasi zirela.

2012an “krisi-ekonomikoaren aitzakian”, Eusko Jaurlaritzak 605.000 euro murriztu zuen euskarazko hedabideentzako laguntza. Egoeraren larritasun hark lagundu zuen Hekimen sortzen, herri ekimeneko hedabideen elkartea.

2019an gaude baina. Eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek diru-laguntzak banatzeko planteamendu berria egin dute, Hekimenek parte hartu duen prozesuan. Lehen puntuaketa baten araberako lehian oinarritzen zen sistema, orain hedabideen kostu estandarren %30 estaltzea da planteamendua. Zein hedabide lagunduko dituzten aldundiek eta zein Jaurlaritzak ere “ordenatu” dute. Lau erakundeen artean 10,5 milioi euro bideratuko dituzte euskarazko hedabideak sendotzeko, orain baino hiru milioi gehiago –%41eko igoera–. Urte bukaeran jakingo da hedabide bakoitzak jasoko duen zenbatekoa. ARGIAk desio du planteamendu honek sektorea duintzeko helburua betzea. Gauza bat behintzat ziurra da: ARGIAk bere orrietan emango duela datuen berri, urte hauetan guztietan egin duen bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA