Harrera euskaraz

argia
0
Argazkia: Dani Blanco.

[Estitxu Eizagirre Kerejeta] Euskara integrazio hizkuntza. Zer diote euskaldundutako euskal herritar berriek? mahai-inguruan landu dute gaia Tarana Karim (Azerbaijanen jaioa), Petra Elser (Alemanian jaioa) eta Bouba Diouf-ek (Senegalen jaioa). Durangoko Azokako Gogoetaren Plaza itxi zuen solasaldi honek, eta Onintza Irureta aritu zen galderak jaulkitzen.

Hasteko zuzendu dute ez daudela “integrazioa”ren alde, elkarbizitza dela gakoa, eta herri honek harrera gazteleraz egiten duela. EPA (helduentzako eskola), administrazioa eta herritarrak gazteleraz mintzo zaizkie baita euskara ikasi duten jatorri anitzeko euskaldunei ere. Hiru euskal herritar hauentzat normala da hemen bizitzea erabaki duenak bertako hizkuntza ikastea. Jatorria edozein dela ere, elkarbizitzarako hizkuntza euskara izan dadin desio dute.

Merezi du Hamaika telebistaren saio honetan mahai-ingurua osorik ikustea:

Hemen mahai-inguruaren laburpena:

Tarana, nola egin zenuten topo euskararekin eta noiz erabaki zenuen euskara ikastea?

TARANA KARIM: Hemeretzi urte daramatzat hemen bizitzen eta iritsi nintzenean egin nuen topo euskararekin. Ingelesez hitz egiten banekien etorritakoan, gaztelerarekin hasi nintzen, eta handik hilabete batzuetara EPAn (helduentzako eskola) hasi nintzen astean pare bat orduz euskara ikasten. Interesa nuen euskara ikasteko. Donostiara iritsi nintzen 2000ko udan: pare bat urte egin nituen han, gero Errenterian beste hiru urte. Donostian oso gutxi erabiltzen nuen euskara, asko kostatzen zitzaidan euskaldunek niri euskaraz egitea, gogoan dut Bretxako baserritarrari galdetzen niola “honek zenbat balio du?” eta berak erdaraz erantzuten zidala. Oso zaila egiten zitzaidan ikasitako lehen esaldiak praktikatu ahal izatea.

Bouba, zuk nola egin zenuen euskararekin topo?

BOUBA DIOUF: Heldu nintzenean Galdakaon bizi nintzen. Kalean ikusi nituen kartelak eta semearen lagunari galdetu nion “zer da hizkuntza arraro hori?”, “euskara”. Uste nuen euskaraz entzuten nituenak turistak zirela. EPAn izena eman nuen DBH ateratzeko eta euskara klase bat ematen genuen. Kalean saltzen aritzen nintzen, eta hor praktikatzen nuen euskara, nahiz eta oso gutxi hitz egiten den, baina tabernetan ezagun batzuekin bai egiten nuen. Bi urte beranduago joan nintzen euskaltegira B1 ateratzeko.

Petra, zure esperientzia zein da?

PETRA ELSER: Alemanian ezagutu nuen Euskal Herria eta Euskal Herriaren egoera. Nire bikotekidea euskalduna zen baina ez ginen hemen bizi. Niretzat hasieratik argia zen Euskal Herrian bizitzeko eta euskaldun batekin bizitzeko euskara ikasi behar dela. Kartzelan egon nintzen eta denbora hori baliatu nuen euskara ikasteko, bakardadean, bost liburu tomorekin. Euskal Herrira etortzean euskara banekien, eta harritu ninduen ikusteak uste baino jende gutxiagok hitz egiten zuela.

Zergatik erabaki zenuten ikastea?

T. KARIM: Argi dut bertako hizkuntza dela eta erabaki badut hemen bizitzea, ikasi behar da. Tolosan orain eguneroko harremanak euskarazkoak ditut eta tresna bihurtu da: seme-alaben eskolarekiko harremanetan, bertako gauzak ezagutzeko, ekimen kulturalak… Nire herrian esaten da hizkuntza bakoitza giltza bat dela, ateak irekitzen dituena. Erabaki bat izan zen, ondo egindakoa, nire ustez.

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

B. DIOUF: Nire ustez, leku batera joaten bazara oso normala da bertako hizkuntza ikastea eta hitz egitea. Asmoa dudanez hemen bizitzeko, hasi nintzen EPAn ikasten, eta erabaki nuen hizkuntza hori menperatu nahi nuela.

P. ELSER: Niretzat guztiz gauza arrunta zen, hasieratik. Zerbait gehitzekotan, militante politikoa naiz eta Euskal Herriko abertzalea, nahiz eta Alemaniatik etorri, eta zentzu horretan hizkuntza zerbait gehiago da, gizartearen elkarbizitzarako faktorea. Herri ikuspegitik, hizkuntza da herri eraikuntzaren parte bat, ez da neutroa. Zentzu horretan garrantzitsua iruditzen zait horren alde egitea.

Zuen eguneroko bizitzan zer leku du orain euskarak?

T. KARIM: Egunero leku guztitan erabiltzen dut. Hedabideak irakurtzeko, eta harremanen %85-90etan erabiltzen dut euskara, normaltasunez.

B. DIOUF: Bilbon bizi naiz. Orain nire egunerokoa erdi mailako sukaldaritza ikastea da eta ikasgai batzuk euskaraz dira, beraz, egunerokoan euskara erabiltzen dut eskolan, baita ere lagunekin whatsapp-ak idazterakoan, telebistan eguraldia euskaraz ikusten dut… orain ez naiz kale saltzailea, baina lagunekin kalean euskaraz egiten dut.

P. ELSER: Hona etorri nintzenean eta ikusi nuenean zer zaila den euskaraz bizitzea eta lan egitea, pentsatu nuen nik neuk bilatu behar nuela modua, edo bestela hemengo egoerara makurtu beharko nuela. Lan egin nuen enpresa batean baina gazteleraz zen, ez nuen horrela lan egin nahi eta utzi egin nuen eta bidea bilatu nuen euskaraz lan egitea posible izan zedin. Eta bilatu nuen bidea euskara beste pertsonei transmititzeko, zeren nik grina dut hizkuntzekiko, baina pertsona guztiek ez dute hori: Banaiz Bagara elkartea sortu genuen besteei erakusteko eta erraztasunak emateko. Baina asko dago egiteko politika mailan eta kontzientzia mailan.

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

T. KARIM: Nola egin Petrak esandakoa ez gertatzeko? Errealitatean ez dago hainbeste jende inguruan bertako hizkuntza ikasten ari dena. Tolosan ezagutu nuen bertan jaiotako 75 urteko gizon bat eta “egun on” baino ez zuen esaten. Nire inguruan ezagutzen naute, badakite zapia eraman arren euskaraz egiten dudala, baina Bilbora banoa, zuzenean gazteleraz egiten didate, nik euskaraz erantzun eta haiek erdaraz jarraitzen dute. Galdetzen diedanean zergatik ez duten ikasi, “eske lehen debekatua zegoen” esaten didate, baina ni jaio aurreko egoera zen hori! Dagoeneko euskara ikastea ez dago debekatua, hori dagoeneko aitzakia da. Nola egin jende honek berea senti dezan hizkuntza, ez dadin administrazioaren hizkuntza izan? Jende asko ezagutzen dut euskara jakin eta koadrilan erdaraz egiten duena. Ni kanpotik nator eta ez nuke esango euskara nirea denik. Niretzat tresna da. Baina bertan jaiotakoek eta sustraiak hemen dituztenek, ez dute euskara zaintzen. Zer egin behar dugu haiek lehentasuna eman diezaioten euskarari? Hizkuntza batekin etnia bat desagertzen da.

B. DIOUF: Nire lagun batzuk esaten didate “Bouba lotsa dut, joan behar dut euskara ikastera, ze hemen jaio nintzen eta oraindik ez dut ikasi”. Bertako jendeak ez du erabiltzen eta nik praktikatu nahi dut, horregatik, euskaldun jendeak saiatu behar du guri erabiltzen laguntzen.

P. ELSER: Nola lortu euskara gizarte hizkuntza bihurtzea eta ez beti gehigarria izatea, ez izatea zerbait berezia euskaraz jakitea? Esaten den bezala, euskara gutxiago maitatu eta gehiago erabili behar da. Nola lortu hizkuntza normaltzat hartzea lanean, kalean…? Etxean bakoitzak nahi duena egitea guztiz zilegi da, baina nola iritsi gizarte hizkuntza euskara izatera? Nola lortu lotzen gaituena ez gaztelera izatea, euskara baizik?

Euskara integrazio hizkuntza da?

T. KARIM: Niri “integrazio” hitza ez zait batere gustatzen. Integratu da nik aldatu behar dudala dena, identitatea eta dena, bertako bihurtzeko, eta ez nago ados. Elkarbizitza lortu behar dugu denon artean, noski hemengo gauzetatik asko ikasiko dudala, baina elkarrekin egin beharreko lana da, bakoitzak egiten dio ekarpena herri honi eta denon artean osatzen dugu. Egun euskara ez da elkarbizitzarako hizkuntza, kultura eta erlijio ezberdinentzako ez da. Izan daiteke? Noski, harrera euskaraz egiten bada.

Ni hona etorri nintzenean, leku guztietan erdararekin egiten nuen topo, jendeak gaztelerara egiten du salto aurreko pertsonaren izen-abizen “arraroak” ikusten badituzte. Lehen hizkuntza bihurtu behar da euskara, eta hori izan behar da harrerako hizkuntza. Ni iritsi eta bi urtean Donostiako Herriko Tabernan aritu nintzen lanean, eta hor ez zegoen dudarik, euskara zen lanerako behar nuen hizkuntza. Etortzen direnen aurrean hemengo hizkuntza euskara izatea lortu behar dugu. Gainera Tolosaldean umeek D ereduan ikasten dute, has gaitezke gurasoekin euskaraz egiten…

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

B. DIOUF: Nik nire burua konparatzen badut euskara ikasi ez duten senegaldar batzuekin, nik euskararen bidez gauza asko lortu ditut, lagun asko egin ditut. Niretzat hizkuntza integratzeko modua da, herri euskaldun batera joaten banaiz eta euskaraz egiten badut, jendea harritzen eta harrotzen da, “zenbat urte daramatzazu hemen?”, “lau urte”, “euskaraz egiten duzu?”.

P. ELSER: Ados nago Karimekin, “integrazioa” ez, elkarbizitza da behar dena. Eta garrantzitsua ikusten dut euskal komunitatea jatorri anitzeko pertsonez osatuta egotea. Egun ez dago herrialderik jatorri aniztasunik ez duenik. Ideia honi eusten badiogu, alegia, euskal komunitatea hemen jaiotakoek bakarrik osatzen dutela, guztiz okertuta egongo gara, zeren orduan badirudi gaztelania dela mundurako hizkuntza eta euskara koadrilan egiteko. Elkarbizitzan jatorri ezberdinetakoen artean euskaraz egiten bada, guztiz beste ikuspegi bat ematen da, horregatik oso garrantzitsua iruditzen zait mahai-inguru hau antolatzea, eta gehiago egin behar dira, ikusteko euskaldunok askotarikoak garela.

Sentitu duzue edo esan dizuete noizbait migrazioa arazoa dela, euskara galtzeko?

T. KARIM: Nire aurrean hori esatea zaila, beti euskaraz egiten dut. Bertan jaio eta bizi diren batzuek ez dute hitz egiten. Norbaitek esango du, “etortzen dira eta gure hizkuntza ez dute ikasten”. Baina zuk esan duzun beste hori ez, inoiz.

B. DIOUF: Ez. “Bouba, jarraitu horrela” esan didate beti.

P. ELSER: Bai, aldatzen da hizkuntza etorkinengatik, baina errua euskaldunena da. Arazoa da oso erraz eta oso azkar pasatzen direla euskaldunak gaztelerara: zerbitzaria latinoa bada, nire semeak, hemen jaiotakoak, eskatzen dio “una caƱa por favor“. Bereziki lanbide horiek etorkin asko hartzen dituzte, herri txikietako tabernak ere bai… ezaguna egin da Azpeitiko baserri batean migrante komunitate bat bertan lanean hasi dela, eta oso ekimen ona da, baina baserritarrak beraien artean euskaraz aritzen dira, migranteekin gazteleraz, eta migrante talde hori eskolan gazteleraz azalpenak ematen izan da. Noski, hasieran euskaraz egitea zailagoa da, baina hor dago erronka: lortu nahi dut pertsona horrekin euskaraz hitz egitea, edo bide erraza hartu nahi dut eta gaztelerara jo? Egon behar dira bideak, eta ezin dira guztiz bakarrik utzi euskara ikasten ari diren pertsonak. Badaude esperientziak eta laguntzak, eta herri administrazioek horren alde egin beharko lukete.

Bertakoak harritzen dira euskaraz ari zaretelako edo normal hartzen dute?

T. KARIM: Aurrekoan batek esan zidan: “Ze ondo egiten duzu euskara”. “Guztiek bezala!” erantzun nion. Ez dakit zer duten buruan hori esaterakoan, euskara zaila dela eta nola ikasi ote duten kanpotar horiek, ez dakit gure gaitasunez zer uste duten… Frantziara banoa, urtebetean txapurreatuko dut, ez? Ni molestatzen nau pixka bat hori entzuteak. Naturalki hartu behar dute kanpotik etorri eta euskara ikastea, harritzekoa izan behar duena da bizitza osoa hemen bizi eta ez jakitea! Nolabait derrigorrezkoa izan beharko luke, nik ez nuke onartuko norbait nire herrira etorri, 20 urtean hor bizi, eta saiatzeko jarrerarik ez izatea, beste gauza bat bakoitzaren gaitasuna, baina beste kultura eta herriarekiko errespetu kontua ere bada.

B. DIOUF: Beltz bat euskaraz hitz egiten entzunda arritzen dira. Nik nire ikaskideekin nahiago dut euskara erabiltzea, baina haiek beti gaztelerara jotzen dute, eta beraien hizkuntza da, ez dut ulertzen.

P. ELSER: Jendeak batzuetan esaten du “zuek egiten duzuena hemengoek ez dute egiten”.

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

Beti ez duzue hain ongi hitz egin. Laguntza behar izan duzuenean, badago pazientzia, laguntzeko prest gaude euskaldunok?

T. KARIM: Nire kasuan bai izan dut laguntza lagunartean. Beldurrik gabe hitz egiten nuen eta zuzentzen zuten. Gramatika jakin behar duzu, baina joaten bazara Azpeitira, euskara batua ahaztu, eta zabaldu belarri eta begiak eta saiatu harrapatzen ea hizketan ari zaizunak zer esaten dizun. Seme-alabak dira okerrenak “hori ez duzu ongi esan, hori ez da horrela esaten”… euskaltegitik kanpo kalean asko lagundu didate.

B. DIOUF: Nik ere beldurrik gabe, hitz egin eta jendeak zuzendu. Horrela ikasiko dut. Nik asko ikasi dut kalean, jendearekin, kaleak asko lagundu dit euskara praktikatzen.

P. ELSER: Zein girotan mugitzen zarenaren araberakoa da, zer jenderekin. Askotan jasotzen duzun feedbacka oso positiboa da. Gauza bat da zure zirkulua, eta beste gauza bat eguneroko bizitza anonimoa, kalean. Hor askoz zailagoa da jendea topatzea euskaraz egiteko, esaten baduzu esaldi bat gaizki, ingurukoak pasatzen dira gaztelerara… badago jendea euskara kalean ikasten ari dena, eta hori publikoki oso gutxi esaten eta zoriontzen da, hori da adibide bat ikusteko posible dela kalean euskaraz ikastea.

T. KARIM: Iazko Euskaraldian egon zen “belarriprest” figura, baina oso egun gutxi izan ziren, urtean zehar orokorragoa izan behar da. Boluntaritza lana eskertu behar da.

B. DIOUF: Mintzalagun taldeak ere asko laguntzen du.

Etorri berriek badakite bi hizkuntza horiek badaudela? informazio hori jasotzen dute ofizialki?

T. KARIM: Hor hutsunea ikusten dut. Gaztelerarekin etortzen direnak ez dira EPAra etortzen. EPAn bai informatzen gaituzte herri honetaz, hemengo jaiak, eta gai bat dago azaltzen duena euskara dela hemengo hizkuntza, baina gai horretan gelditzen da. Administraziora bazoaz erdaraz egiten dizute, baina ikusten duzu orrietan bi hizkuntza agertzen direla. Medikuarengana bazoaz ere bai… Anoetan gauza gehienak egiten dituzte euskaraz eta han agian egingo dute harrera euskaraz, baina gainerako herri erdaldunetan ez, eta beharra dago. Hori sustatu behar da, kanpotik etorritakoek jakiteko bertako hizkuntza euskara dela eta badagoela hizkuntza koofizial bat, gaztelera. Eta alderantziz dago planteatua, badirudi bertako hizkuntza gaztelera dela eta euskara dela koofiziala.

P. ELSER: Ibilbidea ere egin behar litzateke. Jende asko ezagutu dut hasieran oso irekia dagoena euskara ikasteko. Baina gero ikusten duzu jasotzen dituzten mezuak guztiz ezberdinak direla: nahi baduzu lanbide heziketa egin gazteleraz ongi jakin behar duzu eta curriculuma gazteleraz egin. Ez dago akonpainamendurik ibilbide horretan, ikasi bai baina gero lana lotu behar da, eskaintza anitza izan behar da… Euskara ikastean txalo joko dizute baina gero hor konpon. Jende asko ezagutu dut euskara maila onean ikasi dutenak, baina gero egunerokoan erabilerarik ezin eman eta ahaztu dutenak. Balioa izan behar du lanean, bizitza publikoan…

B. DIOUF: Jende asko ezagutu nuen euskaltegian euskara ikasten ari zena lan bat lortzeko edo titulua lortzeko. Umeek eskolan euskara ikasten badute, eta horiek gero bere karrera euskaraz egitea aukeratzen badute, urte batzuk barru agian denok erabiliko dugu euskara.

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

Kontuan hartu behar da atzerritarrak hona etortzean egoera berezian daudela: zama handiarekin, batzutan beldurtuta…

P. ELSER: Zama hori guztia ezin da etorri berriaren gainean jarri. Europako beste herrialde batzuetan hizkuntzaren gaia beti hor dago. Alemanian atzerritar komunitateak hain dira handiak, zu bizi baizaitezke zure komunitateko hizkuntzan, eta sortu dira alemana ikasteko eskaintza ez akademikoak, hizkuntzaren erabilera errazteko, modu lorgarrian. Ez duzu eskolara joan beharrik eta han aditzak ikasten jardun, zeren batzuentzat eskola bide egokia da baina beste askorentzat ez. Burua ireki behar da, nola lortu gauza lorgarriak datozen jendearentzat, bide bat eskaintzen dutenak. Egun harrera bidea EPA da, eta EPAk ematen duen mezua da “garrantzitsuena gaztelera da”. Hala ere EPA laguntza handia da, joan zaitezke bertara, doainik da, eskaintzen dizute zerbait ikasteko, eta hor egiten den bidea gaztelerara da, eta hor sortu behar dira bideak euskal mundura. Zerrenda bat egin dezaket zer neurri falta diren, baina ez diot Jaurlaritzari eskatu nahi, herritik ere sortu behar da. Kontua da ardura hartzea, euskal komunitatetik sortuko da eta ez beste inondik, eta hor dago erronka, antolatzea moduak eta bideak euskaraz bizi ahal izateko, edozein tokitatik etorritako jendea ere bai.

T. KARIM: Emakumeen berezitasunak aipatu nahi ditut. Egun, errealitatean, euskara ez da gizartean parte hartzeko tresna. Gaztelera da bide bakarra emakumeak etxetik atera eta gizartean parte hartzeko. Ekimen horietara etorritakoan egiten da bidea euskarara, egiten dute harremana eskola ekimenetan… egun errealitatea hau da. Gainera, emakume kanpotarrentzat ekimenak bertako emakumeek antolatzen dituzte, emakume kanpotarrekin kontatu gabe, eta gero kexatzen dira ekimen hauetara ez datozelako. Niretzako gaztelera da emakume horiengana iristeko tresna, eta gero etorri direnean bai, egiten dugu herria ezagutzeko ibilbidea, euskara zer den azaltzen diet, zazpi lurraldeko mapa erakusten diet eta bi estatuetan banatuta dagoela azaldu, zeren politikaz ere hitz egin behar da, bat eta beste. Euskararekin ezin naiz emakume horiengana iritsi.

P ELSER: Neurri batean ados nago, pertsona batekin harremanetan sartzeko erdara erabiltzea normala iruditzen zait. Gero kontua da zer egin, kontua ez da jendea euskaltegira bidaltzea eta gero etorri dadila euskara ikasita. Nire kritika bi aldetara egingo nuke: egon behar dira erdiguneak, non emakume euskaldun hiztunak praktikatzen duten euskara erraz batean, euskara oso gutxi dakitenekin, baina emakumeen arteko harremanetan. Keinu eta gorputz hizkuntz handiarekin. Bi aldetan dago arazoa, emakume euskaldunei hori aspergarria iruditzen zaie, errazagoa da erdaraz hitz egitea eta betirako harremana erdaraz sortzen da. Kanpoko emakumeek ere jarrera dute “zergatik hasi behar dut keinuka, gazteleraz ongi espresatu naiteke”. Nik ez nuke inoiz zerbait sortuko aktibitateak erderaz egiteko, ni saiatuko nintzateke gauzak sortzen jatorri anitzeko nire nire bizilagunekin euskaraz hitz egiteko.

Euskaraz ikastea garestia al da?

B. DIOUF: Bilbon oso garestia da. Bilbon bizita ere Basaurin matrikulatu nintzen, merkeago delako eta titulua ateratzen baduzu dirua itzultzen dizute. Badago beste aukera bat: bi urte egin ditut gaueskolan eta dohainik dira. Gaztelera ikasteko ez dut ordaindu behar izan, EPAn doan ikasi nuen.

T. KARIM: Baditugu euskaltegiak, barnetegiak, EGA, mailak… eta dena dirua da. 1973. urterako hori guztia sortuta bazegoen, honezkero gizarteak euskaraz hitz egin behar zuen, beraz, metodoak ez ditu nahi genituen emaitzak ematen. Barnetegia niretzako kalera atera eta euskaraz egitea da, edozein lekutan. Euskararen gaiekin makinaria sortuta dago dirua ateratzeko, jende askok lanerako titulua atera behar du eta dirua da. Nire kolektiboan, dirua nola gastatzen dugun begiratzen dugu eta hori kontuan hartu behar da eta aldatu egin beharko da. Urteko matrikula 400-500 euroan dagoela uste dut, eta hori familia batentzako dirua da. Euskara babestu nahi badugu eta hizkuntza bizirik mantendu, gai ekonomikoa joan behar du desagertzen edo oso sinboliko izan beharko du.

P. ELSER: Horren atzean dago gai ekonomikoa: kanpotik datorren langilea lan indarra da, eta langile hori non enplegatu erabakitzen da Madrilen edo Gasteizen. Lanbide heziketara bideratuta daude ekonomia ministeriotik. Ez da bakarrik euskara dohainik izatea, baizik eta zergatik onartzen dugu lanbide heziketako %85 gazteleraz izatea? Herri ikuspegitik hitz egin behar da nola antolatu nahi dugun ekonomia eta elkarbizitza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA