Apika informatika: Teknologia erresistentzia tresna gisa

argia
0

[Miren Osa Galdona] ARGIAren inguruan enpresa egitura bat eraikitzea izan zen 80ko hamarkadan kaputxinoen jabetzako Zeruko Argia eurenganatu eta ARGIA kooperatiba sortu zuten langileen asmoa. Hala, enpresa burujabe bat izatetik gertuago egongo ziren, aldizkariaren biziraupen osasuntsuaren mesedetan. Apika informatika enpresa testuinguru horretan sortu zen, kooperatibista berriak zorrari aurre nola egin pentsatzen zihardutenean, eta aldizkaria bera kaleratzea erronka handia zen garaian.

Mundu mailako enpresa teknologiko boteretsuenetariko baten antzera, Apika ere bazterrean sortu zen, eraikin baten behealdeko lokalean. Donostian zegoen bulego inprobisatua, eta handik hasi ziren 30 urte baino gehiago iraungo zuen ibilbidea hontzen. Luken Goia lantaldeko kide erreferenteetako bat izan zen; Apika sortu eta hiru urtera buru-belarri sartu zen enpresan, gerente izateko makilari helduz. Bera sartu zenerako lankideak jada “langile modura” ari zirela dio, hasieran militantziari eta ARGIAri sostengua emateko premiari bideratzen baitzitzaizkion osorik irabaziak. “Hasierako urteetan beste medioetan egiten zuten lan Apikako hainbat kidek, ezin baitzuten soldatarik poltsikoratu enpresa martxan jarri zen arte”. ARGIAri laguntza emateko propio sortutako enpresa izanik, helburua kolektiboa zen, eta norberaren diru-iturriak bigarren mailako lehentasuna ziren. Joxe Mari Ostolazak askotan errepikatu duenez, garbi zuten euskarazko prentsa normalizatua egin nahi zutela, eta amets horri jarraiki, talde indartsua zegoen helburua lortzeko.

Juanjo de Marcos Poco, Simeon Barroso, Xabier Erro, Joxemi Zumalabe eta Joxe Mari Ostolaza izan ziren hastapeneko boskotea, Apikari izena eta izana jarri ziotenak. Lehen bien kasua azpimarragarria da: ARGIAn kolaboratzen zuten Egineko langileak ziren. Ordenagailu sareak muntatzen aritzen zirela aprobetxatuz, ARGIArentzat bere sistema propioa garatzeko erronka hartu zuten, gaurko begientzako itxura arraroko pantailak eta zarata dezente ateratzen zuten teklatuak bulegoetan justu-justu sartzen hasiak ziren garaian.

Softwareak sortu, gestio sistemak antolatu eta inportazio-esportazioan ari ziren agentzientzat azpiegitura informatikoak muntatzea izan zen Apikaren jarduna, beste hainbat zereginen artean. Neurrira egindako lanak izaten baziren ere, proiektuak ikuspegi zabalagoarekin egiten zituztela dio Goiak, egindako lana hartzaile bakar batengana ez mugatzearren. ARGIAri sostengu ekonomikoa ahalbidetzeaz gain, Apikak bazuen ez hain ezkutuko beste asmo bat: Euskaldunon Egunkaria sortzerako sistema operatibo indartsu eta fidagarria edukitzea.

Apikari esker, teknologikoki zenbait hedabide handi bezain aurreratuta egon zitezkela ikusten hasi ziren ARGIAn, nahiz eta askoz baliabide gutxiago eduki eskura. Beste hedabideeetan baino gutxiago kobratuta, lan-talde txikiagoa edukita eta azpiegitura aldetik ere kaxkarrago ibili arren, teknologia berrietan ondo prestatuta egotea biziraupenerako giltza izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA