Angel Zelaieta Gisasola: Bizitza kazetaritzari emana

argia
0
Angel Zelaieta. Argazkia: Dani Blanco.

[Miren Osa Galdona] Anaitasuna aldizkariari lotu izan da Angel Zelaieta Gisasolaren izena, baina Zeruko Argian sinatu zituen lehen artikuluak. Berarekin izan gara Zeruko Argiako ibilerez hitz egiteko. Derioko seminarioan apaiz izateko ikasketak egiten ari zen kolaboratzaile moduan lehen urratsak eman zituenean. Zerutiarra zen Argia gertu sentituko zuen, baina baziren beste arrazoi batzuk ere idazteari ekiteko: 1968an, Galdakaoko Bengoetxe auzoan meza ematen ari zela “Txabi Etxebarrieta hil zutela aipatu nuen nire hitzartzean, injustizia galanta zela esanez. Bat batean andre bat altxatu egin zen, eta oihuka hasi zitzaidan, elizan halakoak esatea bekatua zegola, besteak beste. Zeruko Argian garai hartan sinadura ezaguna zen Basajaunek ni defendatuz idatzi zuen”. Artikulua lehengusuari erakutsi, eta hark Zeruko Argian idazteko aukera aipatu zion. Bi aldiz pentsatu gabe, lehen artikulua bidali zuen.

1966an Etxebarri herriko San Antonio auzora bidali zuten apaiz, Espainiatik iritsitako langilez betea zegoen ingurura. Seminarioan euskal giroan murgilduta zeuden gazteak eremu erdaldunetara bidali zituzten, “zigor modura” dio Zelaietak, euskara sentitu ere egiten ez zen bizitokiraetara. Zelaietak, ordea, fede handia zuen auzo haien euskalduntzean, eta asko izan ziren Zeruko Argian auzokide hauen defentsan idatzi zituen artikuluak. “Maketo” eta antzerakoak baino entzuten ez zituztenen ahotsa izan zen: “Bertan bizi ziren gehienak Extremaduratik iritsitakoak ziren. Lanagatik etxea atzean utzi zuten pertsonak. Euskaraz ikasiko zutela sinetsita nengoen, auzoa ezagutzen nuen, eta beharra sentitzen nuen apaiz modura bada ere beraien alde idazteko”. Artikuluok pisua izan zuten Zelaieta Anaitasunako zuzendari izendatzerakoan.

1969-1972 urte bitartetan izan zen zuzendari. “Lana, lana eta lana” besterik ez zuten egin aldizkaria maiztasunez kaleratzeko, baina gustuko lekuan aldaparik ez: Galdakaoko Bengoetxe auzoan zegoen Ideal inprentan botatzen zuten aldizkaria, eta horiek ditu oroitzapenik goxoenak. “Presioagatik gaizki pasatzen genuen, baina finean harreman oso ona genuen guztion artean”.
Euskara batuaren auzia pil-pilean zegoen zuzendari izan zen bitartean, eta argi du Anaitasunak nori esker hartu zuen euskara batuaren aldeko jarrera: Imanol Berriatua. “Haren eskuetatik pasatzen zen idazten genuen guztia. Ikaragarria zen! Hasieran deigarria egiten zitzaigun nola zuzentzen zuen, h-ak erabiltzen zituelako gehien bat. Lan handia egin zuen euskara batuaren alde, eta inork gutxik aitortu izan dio”. Albisteak ziren Anaitasunaren bizkar hezurra. Ekitaldi eta gertakarien berri ematen zien irakurlei, baita Francoren diktadurak zentsuratutakoak seinalatu ere: “Adibidez, kantaldi bat suspenditzen zutenean, guk esan egiten genuen, zentsuratu egin zutela adieraziz. Isun bat baino gehiago jaso izan genuen horregatik”.

Zeruko Argiarekin denboran bat egin bazuten ere, aldizkari bakoitzak bere publikoa zuela dio Zelaietak, ez zutela “inongo lehiakortasunik”.

Eskerrik asko euskal prentsari emandako artikulu eder horiengatik. Urte askotarako, Angel!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA