Aritz Galarragaren zutabea: Uda osteko panorama

argia
0
Argazkia: booktegi

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hitz-joko erraza jarri didate oraingoan. Astekariko “Panorama” atalean aldaketak daudela eta Santi Leonek Gorka Bereziartuaren lekua okupatu zuen moduan datorrelako, hemendik aurrera, Aritz Galarraga ideia berriekin espazio hori osatzera. Eta segituan etorri zitzaidan burura, albistea jaso nuelarik, “ea zer panorama topatzen dudan”. Txiste erraz eta hitz-jokoen zalea ni.

Komunitateari pista batzuk ematea da asmoa gaur, gehixeago uler dezan zer aurkituko duen Galarragaren artikuluetan. Eta galdera horixe egin diot kazetariari neuk ere zuzenean. (H)ona erantzuna: “Ba aurkituko ditu humanitatearen une goren batzuk, alegia, eguneroko bizitza arruntaren gorabehera ezdeusak, gauza txikiak, aktualitatearen diktaduratik urrundu, eta inguruko errealitateari begiratuko diotenak. Ezinbestean agertuko dira hala irakurketak, lagunarteak, kotidianitateak eskaintzen dizkigun sorpresa atseginak (eta ez hainbeste)”.

Inspirazio iturriak

Denok ditugu kazetari eta kazeta gustukoagoak, dela gaiengatik, dela idazteko estiloagatik. Galarragak ere bai, eta Argian bertan inspirazio iturri batzuk badituela esan badit ere ez da izenetan busti eta nazioartera egin dit salto beste erreferentzia batzuk emateko. Daniel Schneidermann-en tonua atsegin duela onartu du, Arrêt sur images atariak egiten duen lana, edo katalanez Mercè Ibarz, “aktualitateaz paso egiten duelako, hitz egiteko gauza garrantzitsuez, literatura frantsesaz eta abar”. Baina onartu du egunerokoa izango duela inspirazio iturri nagusi, “hori baino iturri oparoagorik ez dut ezagutzen nik”, aitortu du.
Modu natural batean suertatutako aukera izan omen da kolaborazio hau egiten hastea. Argiako kide batekin Santi Leoneren hutsunea komentatzen ari zela, beste norbaiten bila zebiltzala eta ea bera prest egongo al litzatekeen… “Horrelako karamelu bati ezetz esatea inozoen eskura dago bakarrik”, esan dit. Hemendik urte batzuetara seme-alabei, ilobei edo bilobei mahai bueltan kontatzeko istorio horietako bat izan daiteke.

Gogoz sumatu dut kazetaria, eta gogoa piztu dit aurreneko astekarian orrialde berrira iristeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA