1981eko martxoaren 8a

argia
0

[Koldo Izagirre] Theresa bere hartan zegoen, “Ez nauk joanen, ez itzak utz eraman nazaten!” berriro eta berriro esanaz. Gizonak so egiten zion erantzun gabe, ezpainak isilik higituz, Theresaren bihotzaren elkarrizketari arimarekin jarraikitzen zitzaiolarik. Bet-betan haurrak oihu zuen: “Ez nauk joango! Nahiago diat hil!”.

Haurra nerabezaroaren atarian da eta maitasun hertsi bat bizi du aitabitxia duen gizonezko heldu batekin. Gizarteak, ordea, ez du onartzen ahal horrelakorik. Elkar maitatu ezin horrek, gauza jakina da, herio nahikundea ekar lezake, gaizto guztiengandik betikoz urruntzearren. Irakurlea liluratu egin zuen Jon Miranderen ausardiak. Pedofilia, zaflada bat gure literaturaren masail garbian.

Zurbildu zen gizona; begiak jasan zituen neskatoarengandik, leihotik zeihar urruti so egiten zuela, urrutira. Atzera haren aldera inguraturik, azkenean, esan zion geldiro: “Baina, Theresa, ez dakin zer dionan, heriotzea zer den ez dakin gaixo horrek”. Haurrak burua astinduz “Bai bazekiat!” erantzun zion berehala.

Kritika, oro har, oharkabean iragan zen suzidioaren gainetik. Itxaro Bordak, Haur besoetakoa-ri –eta Jon Miranderi– egindako irakurketa zorrotz sakonean, patetikoa iritzi zion amaierari: haurrak bere buruaz beste egiten du Gaztedi Lurra erdiestearren, haren amorante zintzo suharra bizirik ateratzen dute lehorrera. Sinbolo bat izaten ahal zen hura ere, helduon koldarkeriaren eta dominazio harremanen ispilua, edo Miranderen beraren mezua, ausaz, hurrengo saioan lortuko zuena iragarriz.

Hainbat gomendio eta protokolo daukate kazetariek suizidioaren berri eman behar dutenetarako, gai delikatua da. Ez dakigu buruaz beste egiten duten nerabeen tasa igotzen denetz Haur besoetakoa irakurririk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA