Ramon Saizarbitoria eta Gazte Naiz saila

argia
0
Ramon Saizarbitoria 1976an. Argazloa: Argiako artxiboa.

[Miren Osa Galdona] Elixabete Garmendiari orri honetan egin nion elkarrizketan aipatu zuen euskal prentsak ez duela gainditu Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek kazetaritza eta literatura batzeko izan zuten maisutasuna 70eko hamarkada bukaeran, Baietz astea gaizki bukatu sailean. Inork gainditu duen ala ez baloratzen ez da hasi, “euskal munduan pasa dituen garairik onenak” izan zirela esateko baliatu du Saizarbitoriak telefonoz egin dugun elkarrizketa. “Gaiztakeria gehiago egiten genituen orduan. Esango nuke orain kontsentsu handiagoa dagoela euskararen inguruan; lehen kritikoagoak ginen. Izugarrizko nostalgia dut garai hartaz”.

Ez da harritzekoa Saizarbitoriaren kasuan atzera begiratu eta barrua uzkurtzea; neurrira egokitutako plaza bihurtu zuten Zeruko Argia, euskarazko mediorik apenas zegoen garaian, hainbat gazteren ahotsa baitzen. “Dena zor diot Argiari. Umetan kalea izaten da eskola, bada niretzat ARGIA eskola izan zen: idazten hasi nintzen kalea”. Rikardo Arregiren eskariz hasi zen lehen artikuluak Zeruko Argian argitaratzen, 60ko hamarkadaren lehen urteetan. Agustin Ezeiza zen orduko Kaputxinoen arduraduna Okendo Kaleko bulegoan, eta bertan biltzen ziren Carlos Santamaria, Rikardo Arregi, eta beste hainbat.

Zeruko Argiaren berpizte urteak ziren. Saizarbitoriak Gazte Naiz atalaren ardura izan zuen garai hartan. Kolaboratzaile andana izan zuen atal hark eta Koldo Izagirrek Mendearen umeek munduari desafio hitzaldian azaldu zuen moduan, zalaparta bat edo beste eragin zuen. Saizarbitoriak berak idatzitako Ez naiz jatorra artikulua, esaterako, horietako bat izan zen. Euskal izaera klasikoa herrikoia, baserri girokoa eta folklorikoa zela aldarrikatzen zutenei kontrapuntua erakutsi eta, hiritar gazte, moderno eta abangoardista gisa aurkeztu zuen bere burua artikulu hartan, betiko ezaugarrien faltan euskaldun petoa zela aldarrikatuz. Sektore kontserbadorearen kritikak ez ziren nolanahikoak izan, nahiz eta Ezeiza kaputxinoaren babesa lehen unetik izan zuen.

Bigarren historia 1966. urtean pasatutakoa da, Aberri Eguna ospatzeko ETAren lehen deialdi klandestinoaren harira gertatutakoa. Mikel Forcadak Irunen elkartzeko deia marrazkian ilustratu zuen, bera baitzen atalaren ilustratzailea garai hartan: “Oso mezu ezkutua zen, marrazki abstraktu baten behealdean Irun jartzen zuen eta ongi irakurtzeko aldizkariari buelta eman behar zitzaion. Carlos Santamaria ohartu egin zen eta halakorik ezin genuela egin esan zigun. Forcada ezer argitaratu gabe egon zen bolada batez”.
Urte gogoangarriak izan zirela dio Saizarbitoriak, lagunen arteko topagune ez ezik, idazle gisa trebatzeko plaza ere izan zelako berarentzat Zeruko Argia. Belaunaldi berriei lekua uzteko asmoz utzi zion aldizkarian idazteari, berak ehundutako bideak jarraipena izan zezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA