Hala Bedi irratia: Uhinen azpitik eta mozalen gainetik

argia
0

Zenbat harreman-mota izango ote ditu gutako bakoitzak. Zenbat harreman-mota ote daude munduan. Kontaezinak izango dira harreman-mota guztiak, beti aterako baita berriren bat, desberdinen bat. Argiak baditu makina bat harreman. Motzean esanda, oso motzean, motzegi seguru asko: onak, ez hain onak eta txarrak. Eskala horren barruan, denetarik. Baina baditu elkarlan harreman aunitz.

Elkarlanetik iritsi da Herrialde Katalanetako La Directa hedabideko Jesus Rodriguez kazetariak apirilaren 5ean Gasteizen, Hala Bediren lokalean emango duen hitzaldia. Argiak Hala Bedi irratiarekin eta La Directarekin dituen harremanetatik. Kataluniako egoera politikoaz hitz egingo digu Rodriguezek, horretan aditua baita. Harreman handia dute hiru proiektu komunikatiboek; desberdin izanik ere oinarrian dituzten baloreetan eraikitzen dute laguntasuna. Hala Bedi irratiaren ondoan hitzaldi, elkarrizketa eta eztabaidetarako berriki prestatu duten lokal berrian izango da ekitaldia, 18:30ean hasita. Eguna biribiltzeko, Hala Bedi irratiaren eta Gasteizko Gaztetxearen artean hilabetero antolatzen duten “Muinoko-Hotsak” kontzertu sorta ere 21:00etatik aurrera izango da Gaztetxean. Pelax eta Bide Lapurrak taldeak ikusteko aukera izango dugu.

Baina ez da egun soil batera mugatzen elkarlana. Astero Hala Bedi parte den Arrosa Sareko Zebrabidea saioan Argia astekariko gaien errepasoa egiten da, eta etxe honetako kazetariek ere egiten dituzte kolaborazioak uhinetan. Eta alderantziz ere, modu naturalean eta Creative Comons lizentzia libreei esker, Hala Bedik argitaratutako albisteak eta elkarrizketa interesgarriak ere hartzen ditu Argiak, bere webgunean gehitzeko. Txikion artean, lagun artean, independenteon artean, denon artean komunikazioa errazagoa eta eraginkorragoa da.

Tamalez, ordea, ez dira elkarrizketa interesgarriak eta lizentzia libreak, Hala Bedi eta Argia batzen dituen gauza bakarrak. Batzen dituzte isunek edo isun arriskuek ere. Batzen ditu Mozal Legearen eta Ertzaintzaren jo-puntuan egoteak. Lander Arbelaitz Argiako kazetaria, kalean izandako hizkuntz eskubide urraketa baten berri emateagatik, epaiketa arriskuan dagoela jakin dugu hilabete honetan, bi ertzainek bere kontrako salaketa jarri baitute.

Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari, 2017ko maiatzean Errekaleor auzoko argi-mozketaren berri eman zuelako, Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak Mozal Legea aplikatu zioten. Errekurtso guztiak agortuta, administrazioarekiko auzi-epaiketa izan berri du, asteartean. Mozal Legeaz Eusko Jaurlaritzak zigortu duen lehen kazetaria da. Berriro diogu, astearte honetan Buruaga deklaratzen ari zela epaitegi atarian esan bezala: kazetaritza ez da delitua, kazetaritzari mozalik ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA