Asteko portada hautatua: 1978ko otsailaren 12a

argia
0

[Koldo Izagirre] Ez, ez, ez, zentral nuklearrik ez!

Hala zioen herriak, egun algara bihar aldarri egiten duen jende multzo horrek, datu zientifikorik behar gabe susmoz, intuizioz eta eskarmentuz biztanle izatetik herritarra izatera heltzen den kontzientzia horrek.

Nuklearrik gabe, azak jaki.
Nuklearrik gabe, kandelak argi.

Hala zioten gure klase sozial betijator eta zentzudunaren ordezkariek leize zuloetara itzuli behar izanen genuelako mamua inarrosiz, herria adin eta adimen politikorik gabeko pats amorfoa izan baitzaie historikoki.

Lemoiz teknikak, zientziak, negozioak eta politikak elkarren artean dauzkaten harremanen erakustokia izan zen, lohikeria putzu bat, zinismoz eta lainezaz betea. Handik berrogeitaka urtera, Armintzako tabernan antolatu zen EITBrako mahai-inguruan, “Guretzat, zentral nuklearra jostailu bat zen” aitortu zuen hartan sartua ibili zen ingeniari zintzoak.

Munstroari beha dago mezularia, Txernobyletik etorri zitzaigun zantzu kezkagarriak azaltzen ari zirela jakin genezan, Fukushimatik heldu zen gogor egiten jarraitzeko eskatzera, guztiok sarkofago batean amaitu nahi ez bagenuen.

Lemoiz gure klase buruzagiak demokraziarako prest zegoen ala ez frogatzeko eduki zuen aukera ezin argiagoa izan zen, eta Bixente Ameztoiren azal hau Bilboko Arte Ederretako museoan egon izan da ikusgarri, buruzagi kastak maite dituen tenpluetarik batean alegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA