Maitane Gartziandia: Diseinuaren tripak

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sergio diseinatzaileari agur esan genion pasa den urrian, baina ez diogu orain arte inori ongi etorririk egin, eta aldizkariaren diseinuak aurrera jarraitu du. Aurrera jarraitu bakarrik ez, 100. urteurreneko ale bereziarekin batera mantxeta aldatu zuen Argiak (Gartziandiaren lana da hau), diseinu aldaketa egin du astekariak, eta baita Larrun hilabetekari monografikoak ere. Onintza Iruretak idatzitako Berdea da more berria liburuaren azala ere Gartziandiak egin zuen. Argiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien kartelak ere bai… eta laster ekingo dio Gartziandiak urtean behin argitaratzen dugun Gakoak diseinuz berritzeari. Ez dizuet kontatuko zuzendariaren ipuin iguala, lasai, Argiak horizontaltasunaren izenean ez du diseinatzaile figura ezabatuko. Zuzendaririk gabe tira, baina zer litzateke astekariaren azala diseinatzailerik gabe? Langile berria aurkeztera nator, Maitane Gartziandia.

Indartsu hasi da Gartziandia. Indartsu hastea tokatu zaio. Azaroan ekin zion Argiako lantaldean bere lanari, eta deskantsurako tarte gutxi izan du. Gustura hartu du postua, ordea, eta pozik dago hilabete hauetan egindakoarekin: “Ale bereziak lan handia ekarri zuen eta horri heldu nion iritsi bezain azkar. Hasiera mugitu xamarra izan zen, baina oso gustura nago”. Orain “lasaixeago” dabilela onartu digu, eta pixkanaka ikasi du astero argitaratzen den aldizkari baten diseinuak daraman dinamika.

Kate-lana

Astekaria makinetara bidali arteko lan osoa katea da. Kazetariak egiten du lan bat, argazkilariak bestea, diseinatzaileari heltzen zaio hori guztia, publizitatekoek ere beren lana egin eta aldizkarian bere lekua eskatzen dute, eta hori da Maitane Gartziandiak antolatu behar izaten duena. Ez du bakarrik egiten. Astelehenetako erredakzio bileran, taldean aukeratzen dira asteko gaiak, artikuluen lekuak, azaleko gaia… Eta hor, noski, diseinatzaileak ere bere hitza du. “Ostiral eta astelehenak potenteak izaten dira”, azaldu dit Gartziandiak. Ostiraletan ixten da normalean astekaria, orduan hartzen baitu inprentarako bidea; baina asteko gaia asteburuan tokatu bada, lanen bat egiteko geratu bada, astelehenak ere baliatu ohi ditu.

“Aste normalak oraintxe hasi zaizkigu”, kontatu digu barrez. “Orain arte ale berezia zela, presoen manifestazioa gero, Argia Sariak segidan, Martxoak 8… aste berezi xamarrak izan dira”, dio. Bada, Maitane, jakin beharra daukazu, Argiako hauekin, aste normalak gutxi! Beti bada zerbait etxe honetan.

Lehen ere diseinu grafikoan eta maketazioan ibilia, sekula ez astekari baten martxan, baina beti dago lehen aldiren bat. Urte askotarako, Maitane.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA