Astean asteko portada: 1926ko Jorraila

argia
0

[Koldo Izagirre] Ebanjelioetan ez omen da ageri Jesukristo zein aldetarik sastakatu zuten. Ikonografian, berriz, artista batzuek eskuinaldean kokatzen omen dute zauria, eta bestetzuek ezkerraldean. Horra publikoaren interesa biltzeko debate bat, Larrekok, Nafarroako Ospitaleko zirujau eta zuzendari gisa, bideratu ez ezik argitu ere egin ziguna mediku frogak eskuan: dagoen aldean egonez, bihotza ezkerretik zauritu ziotela uste genezake, baina eskuin saihetsetik sartu omen zen Jesukristoren bihotza urratu zuen lantza.

Gurutzean josirik ez gaudenoi, eta burdina zorrotzik gabe, guk geuk egiten ditugun ametsetarik sastakatzen gaituzte, eztizko hitzetarik hartzen dugu min, edo egia entzun behar izatetik, edo gezurra onartu behar izatetik, edo bihotzak berak daukan oroimen handiaren erruz. Gertatzen baita geure bihotzaren jabe ez izatea osoki, giharrik delikatuena zauritzen digute, ardura, maite gaituztela ziur dakigunek ere.

Eta gu, bihotza aneika arranguraz minberatua daukagunok, gure eginetarik, gure esanetarik, gure behakoetarik, gure irrietarik heldu ohi gara, Alemanian ikasitako zirujauak bezain trebe, barnebide ezkutuenetan zehar urragarri, inoren bihotzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA