2003-02-20 Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak: Dena aldatu zuen deia

argia
0
ARGIA eta Ametzagaiña taldeko enpresetako langileak Egunkariaren itxiera salatzeko prentsaurrekoa ematen. Mahaian, ezkerretik eskuinera, Berdaitz Goia, Xabier Letona eta Lontxo Zubiria.
ARGIA eta Ametzagaiña taldeko enpresetako langileak Egunkariaren itxiera salatzeko prentsaurrekoa ematen. Mahaian, ezkerretik eskuinera, Berdaitz Goia, Xabier Letona eta Lontxo Zubiria.

[Miren Osa Galdona] Jada hamasei urte igaro dira euskal gizartea Euskaldunon Egunkariarik gabe utzi zutela, eta 2010ean akusatuak errugabetzat jo bazituzten ere, saminari ez zaio pisua arindu oraindik.

Goizeko lauak aldera abisatu zioten Bego Zuza Argiako langile eta lagunari Pello Zubiria “eraman zutela”. “Ospitalera” pentsatu zuen, baina “ezetz, ospitalera ez, atxilo eraman zutela”, Malores Etxeberriak, Pelloren emazteak, telefonoaren bestaldetik. Irrati bidez jakin zuten Egunkariaren auzia zela-eta sartu zela Guardia Zibila euren etxera, baita Pello ez ezik, Inma Gomila lankide ohia eta euskal kulturaren beste zortzi erreferente ere atxilotu egin zituztela: Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Fermin Lazkano, Luis Goya eta Xabier Alegria.

“Amets gaizto bat bezala bizi izan genituen egun haiek. Proiektu baten atzean dauden esfortzua, lan pila eta borondatea albo batera utzita, ziurra den bakarra proiektuak pertsonei esker ateratzen direla da. Bada Madrilera joan ginenean ulertu genuen nola desegin zuten gau bakar batean amets handi hura, Egunkaria zen amets hura”. Hala oroitzen ditu Begok 2003ko otsailaren azken egunak. Egunkariaren itxiera oso gogorra izan bazen ere, are gaitzagoa izan zen laguna lau hormen artean imajinatzea. “Pelloren orduko osasun egoera oso kritikoa zen. Horrek kezkatzen gintuen gehien bat, baina une oro pentsatzen genuen Pellok zeruak eta lurrak mugituko lituzkeela gu izango bagina barruan geundenak”. Ospitalera eraman behar izan zuten Euskaldunon Egunkariko lehen zuzendaria inkomunikazioaldian, eta ospitalean jarraitu zuen inkomunikatuta beste egun batzuez, familiak inolako informaziorik ez zuela haren egoeraz, eta handik, epaileak osatutzat eman zuenean, Soto del Realeko espetxera eraman zuten. Hamabost egunen ondoren aske utzi zuen Juan del Olmo epaileak.

Euskal gizartean erantzun handia ekarri zuen. Horren eredu dira Donostiako manifestazio jendetsua edo Euskaldunon Egunkaria itxi berritan bertako langileek kaleratu zuten Egunero egunkaria. “Nolabaiteko haustura” eman zela dio Zuzak, jendearentzat pentsaezina baitzen “gure kulturan hain garrantzitsua den jendeak” halako injustizia eta tortura pairatzea. Halaber, kontrakoa dirudien arren, ez du uste Espainiako Gobernuak esku artean zituen helburu guztiak bete zituenik, nahiz eta “min handia” eragin zuten. Bada, ordea, lerroartean argi geratu zaion ideia: “EAE gisa hainbat gauzetan autonomia izan arren, aginte makila duena Espainia da, eta horren aurrean ezer gutxi egin dezakete euskal erakundeek”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA