Zuzendaririk gabeko komunikabidea

argia
0
Mendeurreneko zenbakia. Lantaldea 2019ko lehen astekari berezia inprentatik atera dela ospatzen. Staffean zuzendaririk ageri ez den lehen zenbakia da.

 

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zer litzateke ARGIA zuzendaririk gabe? Zer litzateke komunikabide bat kargu gorenik gabe? Mendeurrenarekin batera ezagutuko dugu emaitza, lantaldeak hala erabakita zuzendaririk jarri gabe funtzionatuko baitu etxe honek.

Miren Jone Azurza, Mikel Atxaga, Elixabete Garmendia, Garbine Ubeda, Pello Zubiria, Xabier Letona eta Estitxu Eizagirre. Azken zuzendariak ez du kargurako oinordekorik izango. Taldeak beteko ditu karguak eskatzen dituen lanak eta ardurak.

Argia bere erabakiguneak berrantolatzen ari da urtez urte, beti horizontaltasuna eta parekidetasuna ortzi-muga. Eta bide horretan emandako pausoek ekarri dute hurrengo hau egin ahal izatea, zuzendari figurarik gabe funtzionatzea. Lehen urratsa soldatak eta ardurak birbanatzea izan zen: soldatetan denek oinarri bera dute egun eta ardurak ere parekatuz doaz. Horretarako, lehenago zuzendaritzak landu ohi zituen Argiaren proiektu estrategikoak lantaldeetan banatu zituzten; gogoratzen? Denek parte har zezaten eta sail guztietako langileak ordezkatuta egon zitezen bermatzeko, lan asko hartzeko tentazioa zutenei itxaroteko eskatu eta hartzea gehixeago kostatzen zaienei saltoa ematen lagundu zitzaien; oroitzen? Lantaldeko kideen egoera eta baldintza pertsonala, edozein izanik ere, proiektuko arduraren bat hartzeko muga izan ez dadin, kide guztientzat eramangarriak diren karga eta lan-orduak dituzten ardurak sortu dira, lanak gehiago banatuz, ezagun duzu?

Era berean, ordura arte zuzendaritzak hartzen zituen erabaki asko bazkideen batzarrera bideratu dira pixkanaka, gai sakonenak prozesu parte-hartzaileetan landuz. Iaz, bazkideen batzarrak zuzendaritzaren antolaketa berritu zuen: zuzendaritza hautatzeko irizpideak, zuzendaritzaren funtzioak, eta zuzendaritza kide izateko urte kopurua zehaztu zituzten. Eta lanketa horren barruan planteatu zen egitura gero eta horizontalago batean zuzendari figurak zer zentzu duen.

Argiak mendeurrena hasi du zuzendaritza taldea berrituta –bost kidetik bi aldatu dira– eta zuzendari figurarik gabe. Horrelako aldaketak egingo direla entzun eta gure buruetako erreakzioek, galderek, zalantzek erakusten digute argien nola gauden programatuta; baina horrelako aldaketek eramaten gaituzte hausnarketetara.

Bizi dago ARGIA, eta globalean pentsatu eta lokalean eragiten jarraitzeko gogoz dago ehun urte beteta ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA