Astean asteko historia: Zeruko eta lurreko ARGIAren 45 portada

argia
0
Lehen astean azal bat eta kaxa bidali dugu.
Lehen astean azal bat eta kaxa bidali dugu.

 

Ehun urte dira 2019 honetan Zeruko Argia sortu zela Nafarroako herrixka bateko komentu zahar nobizio euskaltzalez betean. Bere makalaldiekin, bere piztualdiekin, bere etenekin eta bere aro desberdinekin, historia eta ondare aberats baten oinordeak gara, egun, Argia egiten eta irakurtzen dugunok.

Urteurren berezi hau ospatzeko, gai eta garai desberdinetako 45 portada hautatu ditugu, proiektu hau eusten duen komunitatearentzat opari: aldizkariek, eta bereziki kazetaritzako aldizkariek, hitzez baino indartsuago ageri ohi dute ildo editoriala irudiz.

Buletin hartatik egungo astekarirainoko azalak gure historia politikoaren frogak dira, gure egoera kulturalaren islak, eta, irudiz emanak izanik, arte album bat osatzen dute. Koloreak, motiboak, argazkiak, alegoriak… edertasun adierazkor bat, arte aplikatuaren eredu hainbat artistaren lanez: gure historiaren une eta gertakari garrantzitsu mordoxkaren interpretazioa.

Koldo Izagirreren idatziak lagun, lehenarekin bidali dugun kaxan gordetzeko aukera izango duzu urte osoan zehar banatuko ditugun azalak, astero bana. Historiaren parte bilakatu diren lan hauek tamaina handiagoan eskuratu nahi izanez gero, ARGIA.eus/azoka helbidean aukera izango da.

Ez ditu edozein proiektuk 100 urte betetzen. Are gutxiago euskara hutsez funtzionatzen duen komunikabide independente batek. Mundua dantzan ikusi nahi dugunontzat, bada ospatzeko motibo. Horregatik, ARGIAren mendeurrena baliatu nahi dugu proiektu hau sendotzeko. Lagun gehiagorengana heltzeko. Eragiten jarraitzeko.

Bultza kazetaritza independentea

Munduan bakana den harpidetza eredua du ARGIAk indarrean, herritar ororen informatzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, posible egiteko asmoz sortu genuena. Egoera ekonomikoa ez dadin inorentzat oztopo izan. Dena salgai jarri duten garaiotan, informazioa ez dezaten pribilegio bihurtu. Horregatik ARGIAren alde ahal duzun eta egoki ikusten duzun diru ekarpena egin dezakezu, eta bueltan nahi duzuna jaso: astekaria astero, bi astean behin, hilero, internetez jarraitu eta paperean ez hartu… Elkartasuna ardatz hartuta, komunitateak elkar eusten du hemen.

Alde horretatik, lanean ilusioz jarraitzeko erregaia da azken urteetan ehunka eta ehunka bidelagun berri gurera nola batzen ari diren ikustea eta sentitzea. Noiz eta paperaren krisiaren erdian, noiz eta hedabide askoren sinesgarritasuna aspaldi ez bezala ezbaian dagoenean. Mendeurrena proiektu hau sendotzeko baliatu nahi dugu. Lagun gehiagorengana heltzeko. Eragiten jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA