Hartu parte Argia Sarietan

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zuk proposatutako komunikazio lana izan daiteke 2019ko Argia Sarietarako aukeratua. Saritua. Ezagutzen duzu gure kazetaritza saria jaso dezakeen ikus-entzunezko saiorik? Prentsa idatziko lanik? Irratsaiorik? Interneti lotutako emankizun edo orrialderik? Komunitatearen iritzi eta proposamenak jaso nahi ditu ARGIAk, datozen Argia Sariak denon artean banatzeko. Esana dago lehendik ere 2019 urte berezia izango dela ARGIArentzat. Mendeurrena dugu eta lantaldea buru-belarri dabil urteari forma eman nahian. Baina jada urteroko zita bilakatu diren Argia Sariek ere hirugarren hamarkadarako saltoa emango dute 2019an, eta aukera aprobetxatu nahi da 30. urteurrena ere ospatzeko.

Urte borobila, dirudienez. Edo borobildu beharreko urtea, akaso. Urteurrenean zenbaki borobila tokatzen denean ospakizuna borobiltzen saiatzen baikara denok. Kasu honetan Argia Sariak borobiltzeko formula komunitateak saridunak aukeratzeko prozesuan parte-hartzea da. Ez 30. urteurrenarekin asmatutako formula, 29.arekin, baizik. Baina balio du borobiltzeko. Eta aukeraketa sistema errepikatzea da formulak funtzionatzen duen seinale. Eta ez da marroia zuei pasatzeagatik, irakurle, ARGIAko lantaldeak 2018ko sariak banatu bezain pronto heldu zion datorren urteko saridunak bilatzeari. Aztarrika dabiltza zer topatuko, hau entzun, bestea irakurri, hura ikusi… Baina denok dakigu, geroz eta begi gehiagok begiratu errazago ikusten dela. Laguntza bila jotzen dugu zuengana, gure begiak Euskal Herriko txoko guztietara ailegatu ahal izateko. Gogoratu, euskarazko kazetaritza eta komunikazioa saritzen da, atal hauetan banatuta: prentsa saria, irratia, ikus-entzunezkoak, internet eta sustapen ekintza. Hainbatetan, halaber, Merezimenduzko saria ere banatzen dugu, euskal kulturan edo euskal gizartean nabarmendutako pertsona, lan edo proiektua.

Saritu daitezke lan zehatzak, saioak, sekzioak, hedabideak, pertsonak, proiektuak… Ezagutzen al duzu horietako atalen batean koka daitekeen hautagairik? Bidali pertsonaren edo proiektuaren izena, zergatik sarituko zenukeen argudiatuta oirureta@argia.eus helbidera. Zure hautagaia izan daiteke 2019ko Argia Sarietako saridunetako bat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA