ARGIAk babesa adierazten die joan den larunbatean Hondarribian erasoak jasan zituzten kazetariei

argia
0

Ohar honen bitartez, ARGIA egiten dugun langile guztiok babesa adierazi nahi diegu joan den larunbatean Hondarribiko Alardearen berri ematen ari zirenean erasoak jasan zituzten kazetariei. Horrelako gertakariek informatzeko askatasuna urratzen dutela uste dugu eta onartezinak direla gizarte demokratiko batean.

Antxeta Irratiko kazetari bati informatzeko erabiltzen ari zen telefono mugikorra kendu zioten joan den larunbatean eta hura itzuli zioten arte tentsio handiko uneak bizi behar izan zituen Alarde baztertzailearen alde protestan ari zen publikoaren parte batekin.

Era berean, El Diario Vasco egunkariko argazkilari bati kamera kentzen saiatu ziren eta Alarde baztertzaileko kide batekin indarka aritu behar izan zuen bere lan-tresna berreskuratzeko.

Bi eraso horiek izan dira Hondarribian larunbatean gertatutako larrienak, baina beste hedabide batzuetako kazetariek ere (Berria eta EITB, besteak beste), irainak eta beren lana askatasunez egiteko oztopoak jasan zituzten irailaren 8an.

ARGIAk elkartasuna adierazi nahi die egoera horretan egon arren, lanean jarraitu eta gertatzen ari zenaz informatzeko konpromisoari eutsi zioten kazetariei.

Horrekin batera, gogoeta bat egin nahi dugu: iruditzen zaigu mota horretako jokabideekin gizarte demokratiko baten oinarrizko printzipio bat kolokan jarri nahi izan dela eta hori onartezina da. Gertakari publiko bati buruzko kontakizun periodistikoa askatasunez egitea informatzeko eskubidearen oinarri-oinarrizko baldintza da. Eta eskubide hori gabe, beste guztiak ere kolokan leudeke.

Horregatik, gogora ekarri nahi dugu tokian tokiko instituzioei dagokiela eskubide hori bermatzea, kasu honetan, Hondarribiko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak larunbatean Hondarribian egin zituzten esku-hartzeek ez zuten informazio-askatasuna bermatu.

Prentsako profesionalen babesgabetasun horrek aurrekari arriskutsua ezartzen du, espazio publikoan oihaneko legea ezartzen bada indarkeriaz jokatzen duenak gertakarien bere bertsioa ezartzeko aukera baitauka. ARGIAn guztiz kontrakoa defendatzen dugu: arrazoiaren indarrarekin ebatzi daitezela gizarte-gatazkak, inola ere ez indarkeria arrazoi bihurtuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA