Nola eragin du greba feministak ARGIAn?

argia
0
Martxoaren 8an horrelaxe zegoen ARGIAren Lasarteko egoitza.

[Egilea: Itsaso Zubiria Etxeberria] “Gune hau bat greba feministarekin”. Horixe martxoaren 8 honetan Euskal Herriko beste hainbat gune publiko eta lantokitan bezala, ARGIAren atean irakur zitekeen mezua. Barrura sartu eta normalean hamabostetik gora lagun egoten diren aulkien erdiak baino gehiago hutsik. Sei lagun kazetari lanetan, eta hiru etxetik, zaintza eta kazetari-lana uztartu nahian.

Kazetaritza lana soilik aipatu dut, administraritza eta komertzial lanak geldirik egon baitira greba egunean. Usainduko duzu zergatik, ezta? ARGIAren ekonomiak %100 emakume aurpegia du.

Eta kontrara, aldiz, erredakzioan bertan emakumeen lanuzteak ez du berebiziko eraginik izan; erredakzioko bi emakumeek greba egin dute, ARGIAn greba aktiboa deitzen zaiona, Barakaldo eta Bilboko mobilizazioetan parte hartu dute, eta etxe honetako kazetariek greba guztietan bezalaxe bertatik jarraipena egin dute.
Baina greba honen bidez ikustaraztea lortu nahi zen elementu batek ARGIAko lana ere aldrebestu du. Hiru erredaktore geratu dira etxean bertatik lan egiteko asmoz zaintza-lanekin uztartuz, normalean ordu horietan beraien haurren zaintzaz arduratzen diren emakumeak gelditu eta kalera atera direlako. Zer eragin izan du horrek? Haur txikia duenak denbora gutxiago eskaini ahal izan diola ordenagailuaren aurrean lan egiteari, editore lanetan zebilenak eguerdiko tartean ezin izan duela lanarekin jarraitu haurren jangela-zerbitzua geldirik zegoelako… Eta ohiko erritmoaren martxa aldatu da.

Administraritza eta komertzial lanak %100ean gelditu direla esan dugu. Egun batez. Eta ez dakit ARGIArentzat zer izan daitekeen jardun hori 24 orduz geldirik egotea. Agian ez du zifretan eragin izugarririk izango egun batek. Baina zer gertatuko litzateke astebetez geldirik egongo balira emakume horiek?

ARGIAn langileek asanbladan erabakitzen dute enpresa bezala greba egin edo ez, eta asanbladak erabakitakoa betetzeak ez du zigor ekonomikorik eragiten. Gainerako grebetan bezala oraingoan ere, langile guztiek egun hori normal kobratuko dute, langile bakoitzak egun horretan greba feministari bere ekarpena modu ezberdinean egin bazion ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA