Jan eta edaten duguna ere bagara

argia
0

050Jakoba Errekondok dio hauteskundeetan boza nori eman jakiteko biderik onena dela politikariei galdetzea non erosten duten janaria. ARGIA, oraingoz, ez da hauteskundeetara aurkeztuko, baina galdera horri heldu nahi diogu. ARGIAren komunitatea osatzen duten milaka lagunek proiektua babesten dute egunerokotasunean kazetaritza egiteko erabiltzen ditugun baloreengatik, eta gu ez gara nor horiei muzin egiteko diru apur bat gehiago irabazte aldera. Ezta jai giroan ere. Beraz, ARGIA egunean zer jan eta edan aukeratzeko orduan oso presente izan ditugu elikadura burujabetzaren alde ari diren bertoko ekoizleak.

Horregatik, 200 lagunentzat antolatu dugun herri bazkarirako Lea-Artibaiko ekoizle txikiengana jo dugu lehenik. Entsalada osatzeko urazak, tipulak, tomateak, sagarrak eta abarrak eskualdeko nekazari ekologikoenak izango dira. Markina-Xemeingo, Aulestiko eta Mutrikuko bost baserritar dira eta elkarrekin Markinako eskola publikoko hirurehundik gora ikasleak elikatzen dituzte. ARGIA Egunean ere bide bera egingo dute barazkiek: baratzetik mahaira, bitartekaririk gabe.

Jaki nagusia marmitakoa izango da, Ondarroan zer bestela! Uxola Kultur Elkarteko lagunak Ondarroako herri bazkarietako erregin-errege antimonarkikoak dira. “Ados, baina gitxienez 200 lagunentzat, e!”. Bazkaltiarren muga goitik baino behetik jartzen dizunak konfiantza ematen du eta marmitakoa herriko portutik ekarritako atunarekin eginda, zer esanik ez.

Inguruko okinen ogiekin garbituko ditugu platerak eta Arabar Errioxako Candido Besa upategiaren ardo ekologikoek eta Markina-Xemeingo Axpeko lagunen sagardoak lagunduko dute zintzurra eta mingaina alaitzen.

Postrerako, aldizkarian publizitatea jartzen duen Nafarroako Lacturaleko jogurtak izango ditugu, Berangoko Mari Tere Gonzalez harpidedunak ARGIA Egunerako espresuki egindako euskal pastelek lagunduta.

Bazkarirako txartela errerbatzeko deitu ARGIAra (943 37 15 45) edo idatzi denda@argia.eus helbidera. Menua: bertoko produktuekin egindako entsalada, marmitakoa, jogurrak eta euskal pastela; ura, sagardoa, ardoa eta kafea. 14:30etik aurrera. Prezioa: 15 euro (langabetuek, langile prekarioek eta ikasleek 12). Bazkalostean Bertxio bertso saioa izango da, Iratxe Ibarra, Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitiarekin.

aldaSistemaBazkarian bezala, txosnan ere zenbait kartelek “Ura ez da salgai” esango dute. Ura eskubidea denez, ez dago zertan horren truke ordaindu edo kobratu, ezta plastikozko botilak xahutu ere. Edalontzia gustura asko beteko dizuegu iturrian.

Ura pribatizatzen eta gure zainak azukrez betetzen txapelduna dugu Coca-Cola. Bera eta Pepsiren artean edarien arloko monopoliorik handiena osatzen dute. Ez da erraza morrontza horretatik askatzea, baina aurten norabide horretan beste pauso bat eman dugu. ARGIAko egoitzatik oso kilometro gutxira ekoizten den Korricolari freskagarria eskainiko dugu. Iván García Caballero lasartearrak sortutako kolak ez du ez azukrerik ez kaloriarik.

Munduko alkaterik onenak eraitsi aurretik, Bilboko Kukutza gaztetxean hasi ziren egiten Aingeru, Alba, Urtzi eta konpainia txosnan eskainiko dugun garagardoa. Egun Mungiako pabiloi batean urtero 60.000 litro ekoizten dituzte Boga kooperatibako lagunek.

Ezin aipatu gabe utzi urtero txosnako parrilak pizteko arrazoiak, Villabonako Musturinea harategiko ARGIA zaleen solomo, txorizo, gazta eta abarrak. Eta amaitzeko, aitorpen bat: aldizkariko editorialen antzera, tortilla pintxoek egiletza komuna dute. “Ez ahaztu larunbatean tortilla bana ekartzea”, dio urtero ARGIA Egunaren bezperan 25 lankideok jasotzen dugun e-mailak. Txosnan salgai dauden pintxoak ere auzolanean egiten ditugulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA