ARGIA Eguna egingo dugu irailaren 27an Usurbilen

argia
0

ARGIA Eguna egingo dugu Usurbilen, irailaren 27a larunbatarekin. Festa aukera bat izango da herritar guztientzat ARGIA proiektua ezagutzeko, eta ARGIAko komunitatea elkartzeko: harpidedunak, irakurleak, blogariak, kolaboratzaileak, langileak, publizitatea jarriz proiektua babesten dutenak… Gainera ARGIA Egunaren barruan antolatuko den “ARGIAzaleen topaketa”-n, proiektuari buruz komunitateko kide guzti horien arteko iritzi-trukea egingo dugu. Bertan, urte amaierarako prest izan nahi dugun aldizkari berritua aurkeztuko dugu lehen aldiz, era informal batean.

ARGIAren balioetan oinarritutako festa izango da, egun osokoa eta adin guztietako jendearentzat zuzendua: Ingurumenarekiko errespetua, parekidetasuna, independentzia, lurraldetasuna, euskara eta parte-hartzea landuko ditugu, beste hainbat baloreren artean.

Egitarau zehatza irail hasieran jakinaraziko dugu, baina aurreratuko dugu produktu ekologikoekin egindako herri bazkaria, Euskal Herriaren independentziari buruzko mahai-ingurua, bertso saioa, tailer ekologista bat, bakarrizketa umoretsuak, kale animazioa, jolas aldarrikatzaileak eta kontzertuak izango direla, beste hainbat gauzaren artean.

Egitarau partehartzailea egin nahi dugu, eta inork zerbait antolatu nahi balu, jarri gurekin harremanetan sustapena@argia.eus helbidean abuztuaren 25a baino lehen.

ARGIA Eguna 1982an egin zen lehen aldiz, 1992. urtean azken aldiz, eta bi hamarkadaren ostean berreskuratzea erabaki dugu ARGIA kalera atera, proiektua ezagutarazi eta komunitatea sendotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA