Abian diren blog berriak

argia
0

Oraingoz 18 dira ARGIAko komunitatean irekiko ditugun blog berriak. Ekain hasieran edonork bere bloga ARGIAn irekitzeko aukera zabaldu genuen eta poztu gara ikusita jende askok egin duela ekimenarekin bat. Batzuk orain hasi dira blogarekin; beste batzuek aurrez zeukatena gurera ekartzea erabaki dute.

Blogak prestatu eta banaka-banaka aurkezten ari gara. Batzuk jada publiko daude, eta falta direnak laster irakurri ahalko dituzue.

Eskaera berriak ere kudeatzen ari gara eta gogorarazi nahi dizugu zuk ere edozein unetan zabal dezakezula bloga ARGIAn. Idatzi mezu bat blogak@argia.eus helbidera eta azaldu zeri buruzko bloga egingo zenukeen. Gainontzeko guztia gure esku.

Orain arteko blog berriak

Etorkizuna momentuan gertatzen dena da (Miren Karmele Gomez): egilea sinestesiaduna da eta horregatik, beste pertsonek jasotzen ez dituzten formak, irudiak eta koloreak hautematen ditu. Gurean zabaldu duen blogean euskarazko hitzak eta kantak marrazten ari da.

Umea, kume (Nahia Alkorta): edoskitzeari eta atxikimenduzko hazierari buruzko iritziak, informazioa eta erreferentziak.

Basajaunaren eremuan (Eneko Sanchez): zientzia, historia eta gizarte gaiak dira blogaren ardatza eta zientziari buruz dagoen ikuspegi nagusiaren aurrean bestelako planteamenduak eskaintzen ditu.

Gasteizkeriak (Gorka Gonzalez de Zarate): musika kreatiboari buruzko bloga duzu honakoa, batez ere jazzaren inguruan ariko dena.

Sareedunak eta sareegabeak (Mari Artano): emakume euskaldun bat Indian. Hango emakumeen berri izango dugu blogeko elkarrizketen bidez, baita kooperaziorako ideiak eskaini ere.

IKT motzean (Joxi Balerdi): gaur egungo teknologiak eta gai sozialak lantzen ari da, saretik Euskal Herria hobetzen lagundu asmoz.

Egin klick (Sergio Monedero): argazkigintza, literatura, mendia eta bidaiak atsegin ditu egileak; bere irudi bikainak ekartzen ari da blogera.

Hiperdimentsioa (Iker Alvarez): bideojokoak dira Iruñeko gazte honek zabaldu duen blogeko ardatz. Bideojokoen orokortasun eta zehaztasunak aurkituko dituzu Hiperdimentsioan.

Xaxiletrauen kluba (Jagoba Astiazaran): jakintsu ustekoari esaten zaio “xaxiletrau” eta Euskal Herrian samalda dira. Horiek denak batzea du helburu musikaz eta kulturaz jardungo duen blog honek.

Itsasegia (Iker Etxaniz): umorea, salaketa eta komiki zintak. Euskal Herriko hainbat lekutako pertsonaiak ekarriko dizkigu egileak, umorearen bidez bidegabekeriak salatuz.

Gaztekeriak (Malen Aldalur): gazteez mintzatuko da bloga, baina ez gazteentzat bakarrik, baita behin gazte izan zirenentzat eta gazte izango direnentzat ere.

Laster martxan izango diren blogak

Ezjakin minez (Aitor Kaltzakorta): gaur-gaurko gaiak ikuspuntu glokaletik.

Zorrak kitatzen (Aritz Aroskoa): arkitektura eta jendarte eredua, modu grafikoan.

Sasi guztien azpitik (Lide Hernando): kulturaren eta arteen alorreko gai diferenteak elkarrizketen bidez.

Itsaslabarretik (Aitziber Egaña): naturaz, ekologiaz eta ingurumenaz mintzatuko da egilea, oharkabean pasatzen diren gaiei garrantzia emanez.

Gehiago ere badira, baina oraindik ez daukate dena lotuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA