ARGIAren barrenak
Hasiera »

Hankak lurrean, baina ez geldirik

2021-02-11  //  Argia Sariak  //  Iruzkinik ez

Argia Sari guztien atzean pertsonak daude. Jendea saritzen dugu, eta jenderik gabe banatu behar izan ditugu aurtengo Argia Sariak. 2020. urtea eta 2021eko hasiera ez dira errazak izan. Ezta Argiarentzat eta Argiakoontzat ere. Txinan agertu zen birus hartaz lehen aipamenak egiten zirenean etxeko mesfidatienek gure arteko elkarrizketetan egiten zituzten aurreikuspenik ilunenak ere motz utzi zituen dagoeneko ezagun baina oraindik ere ez-ezagutzatik asko duen pandemiak. Mundua hankaz gora eta Argia zangoak lurrean eduki nahirik. Ondo azalduta dago urtearen balantzea Lander Arbelaitzek pasa den azaroaren 29ko zenbakian idatzitako Hilik baikaude, bizirik gaudela ez badugu oihukatzen erreportajean.

Aldatu behar izan ditugu lan egiteko moduak, Argia osatzen dugun guztion osasuna bermatu ahal izateko. Guztiona. Erredakzioan lan egiten duenetik hasi eta inprentatik pasaz, banatzaileetaraino. Erabaki genuen etxetik lan egitea. Hautatu genuen hiru astez aldizkaririk ez egitea eta modu digitalean eskaintzea ahalik eta informazio zabalena.

Kazetaritza independente eta kalitatezko hori bermatzeko aukera badugu, denon artean Argia ekonomikoki bideragarri egiten asmatzen dugulako da. Durangoko Azokaren hutsuneak moztu du diru-iturri bat, eten dira aurrez aurreko urteroko egonaldiak, harremanak, eman eta hartuak. Proiekturen batean ibili denak ondo daki zein nekeza den proiektuaren alde dirua jartzeko prest dagoen jendea topatzea. Eta krisi ekonomiko batek ez du bidea leuntzen. Baina lantaldeko kide batek zioen, biziraupenera ohitutako espeziea dela Argia, diru irabazi asmorik gabe, urtez urte biziraupena bermatzea lehentasun duena. Behin urtea salbatuta, gero gerokoak.

Sendo harrapatu du Argia mundua dardarka jarri duen lurrikarak. Azken urteetan izan den generazio aldaketak bultzada eman dio eta martxan jarritako lan egiteko moldeek ere taldea egiteko balio izan dutela dirudi. Pentsatzeko, birformulatzeko, moldatzeko eta aldatzeko artea eskuratu dute langileek; 1980ko hamarkadatik berena duten enpresaren gidari. Erronkei erantzuna emateko prest. Aurrean suertatzen den harri-kozkor honekin zer egin? Hasteko, taldean erantzun. Eta gero, eskura ditugun baliabideen araberako neurriak hartu: batzuetan harria mugitu arte bultza, beste batzuetan gainetik salto egin, eta akaso, maniobra bihurriegia bada, inguratu eta aurrera egin. Baina aurrera egin.

Urte gogorra izan da guztiontzat, datorrenak zein norabide hartuko duen ondo ez dakigun bitartean. Dakiguna da Argiak komunitatearen beharra duela. Sekula baino handiagoa, harremanak mozteko eskatzen ari zaizkigun garaiotan. Argiak beste urtebetez biziraungo badu (eta hori du asmoa) bere sarearen babesarekin izango da. Independentziatik. Euskaratik. Ikuspegi kritikotik. Ezkerretik. Argiaren magalean biltzen garen guztion bultzadarekin.

2020an webguneko irakurrienak izan dira…

2021-02-03  //  Internet, Komunitatea  //  Iruzkinik ez

[Itsaso Zubiria] Webguneko datuen azterketa egin dute ARGIAn, ikusteko zein izan diren azken urtebeteko irakurleen joerak, zein albiste irakurrienak, zein blog jarraituenak, zein multimediako eduki ikusienak, zein podcast entzunenak. Neronek ez dizuet eskainiko 2020ari begira egindako azterketa honetan jasotako datuen ondoriorik. Bakoitzak atera ditzala bereak. Artikulu honen helburua gehiago da datuen errepasoa egin ondoren bildutako informazioa nahi duenaren eskura jartzea.

Pandemiarekin batera igoera nabaria izan du webguneko sarreretan ARGIAk eta webgunearen historian bisita gehien izan dituen hilabetea izan da apirila.

Telefono mugikorrak dira webgunerako bidea irekitzen duten gailu nagusiak. %63k tresna hori erabili du. Ordenagailua da bigarren gailu erabiliena baina aldea handia da: %35. Eta tresna horietan zein nabigatzaile den nagusi? Google multinazional ahalguztidunaren Chrome nabigatzailea, %63ko erabilerarekin.

Bisitari asko zuzenean sartu dira webgunera eta beste batzuk sare sozialetako lerroburuekin bakarrik geratzen dira. Baina badago tartekorik. Bisiten herenak jo du ARGIAra sare sozialetatik. Facebook da iturri erabiliena alde handiz, eta atzetik, Twitter dator.

Webguneko sarreren %40 zuzenean albisteetara izan dira. Beste %17 argia.eus-eko orri nagusira eta beste hainbeste astekariko edukietara. %6 multimediara. Webguneko atalik bisitatuena, berriz, dokumentalen kanala izan da.

Lehen hamar albiste irakurrienen artean maila gorenean dago Zubietako erraustegitik behera doan Arkaitzerrekan hilik agertutako arrainen ingurukoa. Eta gai berari lotutako beste albiste bat ere badago irakurrienen zerrendan. Baina gai nagusia koronabirusa eta pandemia da, erpin askotatik helduta, hamarretik bost albistetan agertzen dena. Interesatutako beste gaiak izan dira Zaldibarko hondamendia eta euskara.

Multimedian ikusiena Erroa eta geroa dokumentala izan da eta blog bisitatuena Beranduegi, baita podcast entzunena ere.

Dena den, kontutan izan behar dugu datuok webguneko estatistikak soilik hartzen dituztela kontuan eta, beraz, irakurketa ez dela osoa. Jakinik geroz eta gehiago mugitzen garela sare sozialetan eta eskura ditugula sekula baino plataforma gehiago, ARGIAren eduki asko ere bertatik jasotzen ditu Argiazaleak, webgunera jo gabe; bai sare sozialetako lerroburuak irakurriz edo zintzilikatutako bideoak ikusiz, bai podcast-ak FM irratietan edo ivoox-en entzunez, edo bai, zorionez, lizentzia libreei esker ARGIAk sortutakoa beste hedabide batzuetatik jasoz. Eta nola ez, astekaria irakurriz.

Elkarrizketak eta interrogatorioak

2021-01-29  //  Komunitatea  //  Iruzkinik ez

Argazkia: Mikel Blasco.

[Estitxu Eizagirre Kerejeta] Sisiforen paperak antzezlana urtarrilaren 28an Donostiako Victoria Eugenian. Ezin galdu euskarazko kazetaritzaren historiako pasarte beltzenetakoa trama gisa duen obra ikusteko aukera. Blog honetan lantzen dugun ARGIAren historian ere zirriborro beltza da. Zorionez, antzerkiak asmatzen du pasarte umoretsuen eta hausnarketen bidez tortura berez den dramaren putzuan ez itotzen, ikusleak aktoreei begira egingo duen bidaia emozionalean orekari eutsi ahal izateko moduan.

Harkaitz Canok idatzitako hariak josten ditu aldi berean bi mundu, taula gainean askotan momentu berean ikusiko ditugunak: kontakizuna ekintzen bidez aurrera eramaten duen epaitegi eta komisarietako mundua, batetik, eta lankideen harremanen garapena kontatzen duen egunkari baten erredakzio barruko bizitza, bestetik. Mundu horietako bakoitzak du bere hizkuntza, epaileak eta torturatzaileak gaztelaniaz mintzo baitira. Mundu horietako bakoitzak bere gaiei buruzko gogoetak eta autokritikak, ofizioei lotutako bitxikeriak… eta bi munduak tarteka lotu egingo dira: agerikoa denez, epaile eta guardia zibil horiek erredakziora sartu eta egunkaria itxiko dutelako, eta mundu bakoitzaren gogoetak eta erreferentziak bestera iritsiko direlako. Metafora indartsurik ere bada: komisarian torturan oinarritutako interrogatorioak egiten ari diren bitartean, erredakzioan kazetaritzako elkarrizketen helburuaz arituko dira hausnarketan; hiru bider errepikatzen da joko hau, bakoitzean elkarrizketaren helburua bat dela teorizatuz: kazetariak nahi duena elkarrizketatuaren ahotan jartzea; elkarrizketatuak esan duena ahalik leialen islatzea; eta elkarrizketatuak esan nahi izan duena (baina esatera iritsi ez dena) idaztea lortzea. Estimatzen da kasu zehatz batzuei beharrean, egiturazko arazoari eusten diola antzezlanak: torturan oinarritutako interrogatorioek botere banaketa omen dagoen demokrazia batean jokatzen duten paperaz hausnartuko dute torturatzaileek eta epaileak.

Alegiazkoak dira Alea egunkaria eta pertsonaiak, baina errealitatean gertatu zirenen fikziozko isla ere bai eta ikuslea ezinbestean arituko da igarle lanean, nor zen nor asmatu nahirik, eta egiazko zein pasarte zegoen jolasezkoaren oinarrian. Joko horretan nahasgarri da bi denbora errealak fusionatu izana, nahiz eta obra bezala funtzionatzeko baliagarri dela ulertu: alegia, itxi zutenean egunkarian lanean ari ziren pertsonak, elkarrizketa gaiak, garaia… bat zirela, eta atxilotu zituztenen garaia, giroa, pertsona-taldea eta funtzioak beste batzuk, egunkariaren sorrerakoa.

Egunkaria itxi zuteneko garaia ongi islatzen dute manifestazioko irudi errealek, beste egunkari bat martxan jartzeko langileen kemenak eta ekimenak, eta erredakzioko langile batek telefonoz duen elkarrizketak: “Justiziari bere bidea egiten utzi behar zaiola? Benetan hori da zure adierazpen ofiziala? Eskerrik asko, Kultur Kontseilari jauna”. Jakinik fikzioak badituela bere arauak eta dena ez dagoela taularatzerik, atxilotutako guztien erreferentzia (alegizkoa) gehitzea ekarpen handia litzateke herritarrak oraindik oso presente duen gertakizun haien oroimenerako.

Zorionak antzezlana taularatu duen talde handi eta osoari, hurrengo egunetan buruan oihartzunak eta gogoetak uzten dituen horietakoa baita. Hainbeste, zeren eta ia-ia kirol orriak irakurtzen hastera animatzen baitu.

Harrobia sendotzen (II)

2021-01-22  //  Komunitatea  //  Iruzkinik ez

Pello Basurto, ARGIAko lankide berria. Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bigarren atala duzu hau. Bigarren parteak sekula ez omen dira onak izaten, baina kasu honetan araua hausteko intentzioz gatoz beste fitxaketa berri baten artikuluarekin. Urtea hastearekin batera heldu dio ARGIAk eskainitako erronka berriari Pello Basurtok, kasu honetan arlo komertzialean. Ez duzu, beraz, astekarian bere sinadurarik ikusiko, baina astekariaren atzean dauden lanetan bere eskua sumatzea espero da.

ARGIAn hasi berria zara baina ez kazetari moduan. Zein izango da zure lana?

Komertzialaren lana. Arlo horretan ariko naiz ni, publizitatea eta proiektuaren ezagutza gertutasunetik landu nahi da eta lan-karga bat egongo dela aurreikusita sartu naiz taldean. Oraindik nire betebeharrak guztiz zehaztu gabe baditugu ere, lanetako bat izango da ARGIAren arlo komertzialeko sarea indartzea; proiektu honengandik gertu egon daitezkeen enpresa eta eragileak erakartzea eta, nolabait, eurak ere proiektuaren parte sentiaraztea.

Ez du erraza izan behar leku berri batera iritsi eta proiektu hori saldu behar izateak.

Tira, proiektua bera ez zait batere arrotza egiten. Betidanik naiz ARGIAren irakurlea eta gertutik jarraitu izan dut, interesgarria iruditzen zaidalako bertan lan egiteko modua. Badakit taldean lan egiteko joera dagoela eta, uste dut, hori dela proiektuan guztiz murgiltzeko, motibatzeko eta gustura lan egiteko era. Bestalde, arlo komertzialean aritua naiz lanean Irutxuloko Hitzan eta egoki ikusten dut nire burua eginkizun horretan.

Irutxuloko Hitza aipatu duzu maila profesionalean. Baina herri mailan ere baduzu esperientzia pixka bat, ezta?

Bai, akaso ez horrenbeste ARGIAn beteko dudan lanari zuzenean lotua, ordea, esango nuke lan egiteko moduekin baduela zerikusia. Donostiarra naiz, Ibaeta auzokoa eta bertako jai batzordean zein auzo dinamiketan ibiltzen naiz. Donostiako herri mugimendu ezberdinetan parte hartzen dut aspalditik, Donostiako Piratetako partaide naiz, adibidez. Betidanik bertsozalea, eta Añorgako bertso eskolako kide ere banaiz.

Egunerokotasunean, sinesten dudan proiektuetan lan egitea gustatzen zait eta ARGIAren eskaintzari ere horregatik eman nion baiezkoa.

Harrobia sendotzen (I)

2021-01-14  //  Komunitatea  //  Iruzkinik ez

Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria] Sinadura berriren bat topatu al duzu urte berri honekin batera, irakurle? Espektatiba akaso gehitxo jarri dizkiogun 2021ari buruz ez naiz arituko hemen, bestela ere izango duzu nahiko espazio horretaz entzun eta hitz egiteko. 2021arekin batera ARGIAra iritsitako aurpegi berriak aurkeztu nahi dizkizut. Gaur Peru Iparragirre. Berari buruz pixka bat jakin nahian eta irakurleari aurkezpen txiki bat egiteko asmoz bota dizkiot galdera labur batzuk. Erantzunak diskretuak dira, umilak, baina iruditzen zait harribitxi bat dugula eskuartean.

Urtea hastearekin batera iritsi zara ARGIAra. Eskaintza bat jaso eta zuk onartu.

Urtebeterako lana eskainiz deitu zidaten duela denbora bat. Interesgarria iruditzen zaidan proiektua da ARGIArena eta bertan, urtebetez, gustuko dudan lanean aritzeko aukerari nola esan ezetz?

Aurretik zertan aritu zara?

Prentsari dagokionez, Gaztezulon hasi nintzen kolaboratzaile modura, gero literatur kritikari aritu nintzen Berrian eta kazetaritza praktikak egin ditut Irutxuloko Hitzan. Bestalde, lagunartean sortutako Lekore aldizkariarekin ere aritu gara orain dela gutxi arte.

ARGIAn zein arlotan ikusiko zaitu irakurleak? Izango duzu bereziki gustuko duzun gairik.

Kultura eta literatura ditut gustuko, batez ere, baina beste arloetan ere arituko naiz ziur aski.

Zer jaso nahiko zenuke ARGIAtik?

Historia luzea du ARGIAk, eta denbora honetan guztian asmatu du egokitzen eta berritzen, oinarriak galdu gabe. Esperientzia metatu horretatik ikasi nahiko nuke, eta egunerokotasunean zein astez astekoan interesekoak eta garrantzitsuak diren gertakariei eta ahotsei zabalkundea ematen lagundu.

Idatzizko lanean ikusiko dugu oraingoan batez ere Iparragirre, baina argia.eus-eko multimedia atalean, ikus-entzunezko Booktegi sailean egindako lanen bat edo beste ere ikus dezakegu, bai elkarrizketatzaile eta bai elkarrizketatu paperetan. Biak interesgarriak, gehixeago ezagutu nahi badugu bere ibilbidea.

Badugu, dena den, urtebete gutxienez, bere lanaz gozatzeko aukera. Ongi etorri, Peru.

Zertan dabil Olatukoop?

2020-12-23  //  Ekonomia sozial eraldatzailea  //  Iruzkinik ez

Olatukoopen saretze eguna, 2020ko ekainean Usurbilen.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Aurpegi berriak ikusiko ditugu hemendik aurrera Olatukoopeko koordinazio taldean. Orain artekoen erreleboa prestatzen aritu dira urtebetez eta 2020 erdialdera iritsi da aldaketa. Bi urteko konpromisoa hartu dute kide berriek, nahiz eta azpimarratu nahi izan duten garrantzitsua dela pertsonen erritmo eta errealitateak errespetatzea.

“Aldaketa egoki egitea izan da helburua, presarik gabe, fundamentuz eta eroso; horregatik hartu dugu urtebeteko denbora”, azaldu digute. Koordinazio taldeko kide bakoitzaren indarguneak aztertu eta kolektiboaren osagarritasuna bilatzeko profilak aztertu dituzte partaideen artean. “Taldeko kide ohien eta berrien arteko elkarrizketek eta elkar eraginak asko lagundu” dutela diote Olatukoopetik. “Prozesu aberasgarria” izan dela aipatu dute eta “oso pozik” agertu dira egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin.

Koordinazio taldeko kideen aukeraketarako bolondresak atera izan dira orain arte. Hala izango ez balitz, badute hitz egin eta onartuta bozketa prozesu bat, baina oraingoz ez dute errekurtso horren beharrik eduki. Ahalegintzen dira elkarteko enpresa komunitario ezberdinetako jendea lortzen, koordinazio taldeari zabaltasuna ematen, beti enpresa berak egon ez daitezen. Erreleboa pertsonena bezala enpresena ere lortzen.

Betebeharrak eta erronkak

‘Koordinazio’ bezalako hitz potolo horren atzean zer dago? “Olatukoopen erronka eta helburuak lortzeko ikuspegi integrala duen batzordea da”, azaldu dute elkarteko kideek, “eta luzera begirako plan estrategikoaren garapena, zein egunerokotasunean elkartearen barruan dauden beharrei erantzutea dira, oso azaletik esanda, talde honen lanak”.

Urte bukaeran egingo dute datorren urteko plan estrategikoa lantzeko bilera eta han zehaztuko dira puntu gehiago, baina tartean jardungo dute sareko kideen beharren identifikazioaz eta hauek asetzeko bitartekoez, interkooperazioaz, lurraldeaz eta eraldaketa sozialaz, elkartearen autofinantzaketaz… eta ahaleginduko dira 2021ari begira erronka batzuk zehaztu eta bide orriak markatzen.

Eta ia ahaztu zait esatea: partaide denak emakumeak dira gaur egun.

Etxea, nire espazio pribatu hori

2020-12-22  //  Liburuak  //  Iruzkinik ez

[Itsaso Zubira Etxeberria] Etxebizitza eskubidea da. Ez dut uste ARGIAren komunitate osoan topatuko dugunik inor, kontrakoa dioenik. Ez nator eskubidea den ala ez eztabaidatzera, onartutzat jotzen baitut oinarri hori. Baina etxebizitzaz hitz egiten dugunean zer datorkigu burura? Zenbat gara hemen erosi duen etxea oraindik bankuaren eskuetan duena, alokairuan bizi dena, bigarren etxea alokatuta duena? Ez dago oso barneratuta gure gizartean jabetza kolektiboaren ideia edo erabilera-lagapeneko etxebizitza eredua, ohituta gaude merkatuak markatzen dizkigun irizpideak jarraitzera. Baina bada zirrikitua bilatu duenik. Ikusi duzu Puska dezagun izotza solasaldi zikloan Abaraska proiektuko kide Ana Almandoz eta Maite Leturiaren hitzaldiaren bideoa? Gomendatzen dizut.

Aurreko artikuluetan aipatu dugu solasaldi ziklo hori dela ARGIAren produktuek atzean dituzten ideia eta baloreak plazaratzeko espazioa. Etxebizitzaren gaian liburu bat argitaratu berri dute elkarlanean Olatukoop, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, KoopFabrika eta ARGIAk elkarlanean: Komunitatean bizi. Herrialde Katalanetan sortutako “Habitar en comunidad” liburuaren itzulpena da. Bertan biltzen dituzte, La Borda proiektua oinarri hartuta, erabilera-lagapeneko etxebizitza ereduaren ertzak eta horiek leuntzeko formulak. Etxebizitza geroz eta jende gehiagorentzat ordaindu ezinezko eskubidea bihurtzen ari den garai honetan, “non biziko gara?” galderari erantzun bat ematea zail egiten ari denean, alternatibak badaudela erakutsi nahi duen liburu honek, bestelako eredu baten oinarriak esplikatzen ditu.

Hari-mutur asko dituen gaia da. Akaso gu ohituago gaude kooperatiba hitza enpresa bati lotuta entzuten. Baina hau beste zerbait da. Etxebizitzaren jabetza kolektiboa da, erabilerari lotua joango dena. Kooperatiba egiten da eraikuntzaren edo birgaitzearen gain eta berea izango da ondasuna. Etxearen egitura bera, kolektiboak erabakiko du nolakoa izan, baita hiri edo herriarekin, kalearekin zein harreman izan nahi duen. Publiko eta pribatuaren arteko harresia eraitsi.

Antzeko proiektuak ari dira sortzen Euskal Herrian, baina oraindik gure artean oso gai ezezaguna dela jabetuta, liburuaren euskarazko edizioaren egileek azpimarratu dute beharrezkoa ikusten zutela material hau euskarara ekartzea, eskuliburu moduan erabiltzeko. Bai erakundeetan proiektuak azaldu behar dituztenerako, baita bidean topa ditzaketen oztopo fiskal, juridiko eta abarrei erantzuna emateko erreferentziak izateko.

Balioek zenbat balio dute?

2020-12-11  //  Durangoko Azoka  //  Iruzkin bat

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Printzipioak, baloreak, saldu eta erosi ote daitezke? Zerbaitek, saldu edo erosteko, materiala izan behar du normalean, fisikoa, ukigarria. Zer gertatzen da, ordea, elementu horrek atzetik dituen printzipio eta balore horiekin? Ez zuzenean, baina operazioan eman edo jasotzen dugun produktu horrekin, zeharka, berorrek oinarrian dituen balioak bultzatuko ditugu.

Erraza egiten zaio ARGIAri salgai dituen produktuak defendatzea. Atzetik osotasuna ematen dieten balio horietan sinesten duelako. Diskurtso bat duelako. Ez delako kasualitatea. Ez duelako edozein produktu zabaltzen merkatura.

2020ko nobedade bezala aurkeztu dira “Lurra herriari deika” kanpainari lotutako kamisetak, Etxeko landareak Jakoba Errekondoren liburu berria, Ilargia eta landareak agenda 2021 eta, noski, urtero Durangoko Azokan stand-a betetzen duen egutegia. Baina ez dira ARGIAk erakusleihoan dituen bakarrak. Hor dira “Inor ez da ilegala” lemadun kamiseta, jertse eta poltsak edo Xapoketan, Euskal Herrian ditugun ekosistemak eta bizidunak ezagutzeko karta-jolasa, ARGIAk azken urteetan argitaratu dituen beste hainbat libururekin batera.

Nola ikusarazi azpian dagoena?

ARGIAko salgaiek oinarri sendoak dituztela sinetsita, aprobetxatu dute abenduan Puska dezagun izotza kanpaina martxan jartzeko. Produktuak aitzakia polita izan dira azpian dutenaz hitz egiteko eta, aldi berean, gaiak mahai gainean jarrita produktuaren salmenta bultzatzea da helburua. Urte bukaerara arte luzatuko dira hitzaldi eta mahai-inguruak (hemen ikusgai).

Oreka bat behar du bien artean. Produktuak erakargarria izan behar du material bezala, ez hori bakarrik, ordea; oinarrian mezu bat behar du. Eta alderantziz, mezu bat bai, baina produktu bezala gustagarri izan behar du, funtzionatuko badu.

Pena handia izan da ARGIArentzat Landakon ez izatea, abendu hasierako egun horiek garrantzitsuak baitira salmentari begira, baina baita ARGIA Jendearekin zuzeneko harremana izateko ere. Aurtengo formatu digitalean ez zen erraza ikusgarritasuna lortzea eta Durangoko Azokaren webgunean bere presentzia segurtatu badu ere, indarrak salmenta modu propioan jarri ditu: zuzeneko harremana sendotzeko ahalegina egiten ari da herri eta auzoetako hainbat dendatan, azoka.argia.eus Interneteko denda berritu du eta bidalketa gasturik gabe erosi ahalko da bertan abendu osoan zehar.

Gaur ARGIAk jai egingo du, gure egutegi propioan adostua dugunez

2020-12-03  //  Sailkatugabeak  //  3 iruzkin

Beste egun batzuetan harrotasunez esan ohi dugu “Ezer ez ospatzeko, gaur ARGIAn lanean ari gara”. Izan urriaren 12an (Ameriketako jatorrizko herrien genozidioa hasi zen eguna) edo abenduaren 6an (Espainiako Konstituzioaren egunean), gustura egiten dugu lan egun horietan.

Gaurkoa, txanponaren beste aldea da eta pozarren diogu: Gaur ARGIAk jai egingo du, gure jai egutegi propioa adostu eta bertan euskararen eguna urtero jai egun izendatzea erabaki baikenuen langileok duela zenbait urte.

Beraz, gaur ez dugu webgunea eguneratuko eta arratsaldean ez dugu albisteen laburpena jasotzen duen email buletinik igorriko. Horrek ez du esan nahi, ordea, webgunean informazio interesgarria prestatu ez dizuegunik: www.argia.eus 😊

Amazon: libertatearen gatibu

2020-12-02  //  Komunitatea, Webgunea  //  Iruzkinik ez

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Lehengo astean Erosi herrian kanpainaren harira botatako diskurtsoaren ondoren, sartu dut sareko bilatzailean ARGIAko produktu baten erreferentzia eta hara non ireki zaidan, lau edo bosgarren postuan, Amazon munstroaren ahorako bidea. Ez da posible. ARGIA Amazonen? Ondoan dudanak dagoeneko igarri dit eta buruarekin keinu eginez galdetu ea zer dudan, muturra okertuta.

Deitu dut ARGIAra. Ez azalpen eske. Ziur naiz akats edo trikimailuren bat egongo dela tartean, ARGIAk berak ez dituela bere produktuak kate handian sartu. Deitu dut abisua pasatzeko. Baina dagoeneko denak jakinaren gainean dira. “Ez dugu Amazonen egon nahi, baina sekula bertan egoteko baimenik eman gabe ere, komeriatan gabiltza hortik ateratzeko”, erantzuna. Nik hots egin dudanerako lortua dute kentzea zenbait produktu. Bitartekaritza-lanetan ibili den pertsona, elkarte edo entitateari eskatu zaio kentzeko ARGIAren produktuak hortik eta hala ezabatu dira batzuk.

Itxura batera, ordea, ematen du denak ez direla bitartekari beretik iritsi Amazonera. DILVE Interneteko plataforma ere tartean dela dirudi. “Liburuen metadatuen banatzaile eta kudeatzailea” esaldiarekin aurkezten du bere burua plataformak. ISBN Agentzian erregistratutako liburu berri guztien datuak pilatzen ditu (izenburua, editoriala, laburpena, orri kopurua, azal mota, edizioa, argazkiak…) eta bezeroari zerrenda hauek igortzeko aukera du. Amazonek eskatzen badio, demagun, hilabetero berrikuntzen datuak bidaltzeko, posible du, nahiz eta produktua bera stock-ean ez izan, bere zerrendan liburu horiek ere gehitu eta publikoki eskaintzeko.

Kuriosoa da aspektu batzuetan zenbat borrokatzen diren batzuk lizentziak pribatu mantentzen, argitaratu duten erreportajea berea dela eta egilea aitortuta ere ez dizutela bere horretan zabaltzen utziko; baina, aldi berean, merkatuen logikan sartzean nola baliatzen diren merkataritza librearen zirrikituez bestearena dena hartu eta salerosketan etekina ateratzeko. Zenbat kate dituen batzuen libertateak.

ARGIAk jarraituko du lanean bere produktu guztiak Amazonetik ateratzeko eta segituko du antolatzen zuzeneko salmenta eta bere komunitatearekin zuzeneko harremana erraztuko dion formula.

1 / 441234102030Hurrengoa»

ARGIAren barrenak

Etxe barruan egositakoak plazaratzeko gunea da hau. Irakurlearekin harreman zuzena izateko beste molde bat. Gurea adierazteko, zurea jasotzeko txokoa.

Azken bidalketak

  • Hankak lurrean, baina ez geldirik
  • 2020an webguneko irakurrienak izan dira…
  • Elkarrizketak eta interrogatorioak
  • Harrobia sendotzen (II)
  • Harrobia sendotzen (I)

Iruzkin berriak

  • "Sisiforen paperak" - Estitxu Eizagirre Kerejeta - EHAZE(e)k Elkarrizketak eta interrogatorioak bidalketan
  • in đồng phục(e)k Balioek zenbat balio dute? bidalketan
  • Joker688(e)k Gaur ARGIAk jai egingo du, gure egutegi propioan adostua dugunez bidalketan
  • sco.lt(e)k Gaur ARGIAk jai egingo du, gure egutegi propioan adostua dugunez bidalketan
  • meeyland24h.blogspot.com(e)k Gaur ARGIAk jai egingo du, gure egutegi propioan adostua dugunez bidalketan

Artxiboak

  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua

Kategoriak

  • 1919-2019 mendeurrena
  • Aktualitatearen Gakoak
  • Aldizkaria
  • Aplikazioak
  • ARGIA Eguna
  • Argia Jendea mintzo
  • Argia Sariak
  • Durangoko Azoka
  • Egin ARGIAkoa 2019
  • Ekonomia sozial eraldatzailea
  • Elikadura burujabetza
  • Elkarlanak
  • Ingurumena
  • Internet
  • Kazetaritza ez da delitua
  • Komunitatea
  • Lan eskaintzak
  • Liburuak
  • OlatuKoop
  • Sailkatugabeak
  • Sare sozialak
  • Webgunea

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren RSSa
  • Iruzkinen RSSa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA