Eta grabatu izan ez balitz?
Ikusi berri dut Herrira mugimenduak pasa den larunbatean Durangon eginiko lipduba. Eta ikusgarria iruditu zait, ona. Horregatik, zalantzetan egon naiz azken egunotan buruan izandako iritzi hauek plazaratu ala ez. Baiezkoaren alde egin dut azkenean, ekimena beraren arrakastak ez baitu gehiegi aldatzen esan beharrekoa.
Lipdubez saturatu dugu Euskal Herria, eta dirudienez, ez gara horretaz konturatu. Edo ez dugu konturatu nahi izan, ikusgarritasunaren izenean. Baina komunikazio formatu bakoitzak, eraginkorra izan nahi badu, biziraupen mugatua dauka. Eta lipduben bizitza are murritzagoa dela esanen nuke. Finean, berritasuna eta originaltasuna dira egiten dutena lipduba eraginkor. Horregatik komentatu genuen denok, duela pare bat urte, Bartzelonan Herrialde Katalanen independentziaren alde eginiko lipduba hura, artean, askok ikusitako lehenegoa. Horregatik ekarri genuen gurera, berria zelako, eta gure erara moldatu genuen han hemenka. Eta horregatik funtzionatu zuten lehenbiziko lipdub horiek guztiek funtzionatu zuten moduan. Baina indargune nagusia berritasuna duen edozerk bezala, errepikatu ahala eraginkortasuna galdu du komunikazio formatu horrek. Dagoeneko ez gaitu horrenbeste erakartzen. Indarra galdu du.
Youtuberen aroan bizi gara, eta youtuben dena egotea nahi dugu. Eta azkartasun horren zurrunbiloan jirabiraka ari garela, sarri ez gara konturatzen grabazioak baino grabatutako horrek duela garrantzia. Herrira mugimenduak milaka pertsona bildu zituen larunbatean Durangon, eta herritarrak bilakatu zituen adierazi beharreko mezuaren protagonistak, urtarrilaren 12an Bilbon egoteko deialdiaren igorle, herri komunikazioa maila gorenera eramanez. Durangoko kaleetan bildutako herritar horiek guztiek esperientzia eder bat partekatu zuten haien artean, istorio bat, eta giro ederrez jantzi zuten Alde Zaharra. Esperientzia kolektibo horrek ematen dio indarra larunbatean Durangon bizitakoari, eta esperientzia hori ez litzateke aldatuko kamara batek han zegoena grabatu izan ez balu. Kamara, azken finean, hango elementu bat gehiago baino ez zen, ez garrantzitsuena.
Lipduba bezalako formatuak aberatsak dira herri mugimenduarentzat, jendearengan jartzen dutelako indarra, benetako protagonistengan. Eta ziur nago larunbatean grabatutakoak bere papera beteko duela, eta abiadura handian altxaraziko duela youtubeko bisita kontadorea, jendarteari euskal preso politikoen eskubideen alde kalera ateratzeak duen garrantzia azalduz. Baina arrakasta horrek ezin du hausnarketa eten. Horregatik, komenigarria litzake lipdub-arengandik ikasitako elementu positiboak gorde eta gauza berriak asmatzeko pausuak ematen hastea, ausardiz, eta hanka sartzeko beldurrik gabe. Originaltasun ezak akabatuko gaitu bestela.
http://www.youtube.com/watch?v=mREEbtkzh2o
Arrazoi guztia duzu, Ander. “Mobilipdubzioa” egin behar zutela irakurri nuenean gauza pentsatu nituen. Bat, “beste bat?!”. Eta bi, “izena #wtf handi bat da”. Baina tira, Durangokoa ikusi dudanean itzela iruditu zait, duela urtebete (edo bi?) Durangoko Azoka zela eta egindako hura baino askoz ere hobea. Ez dago kolorerik bien artean. Baina zuk esan bezela, garrantzitsuena bertan parte hartu zutenek bizi zuten momentua da, istorioa, eta herri sentimendu bizi baten bozgorailua.
Baina arren, ez dut besterik nahi. Bila ditzagun bestelako formatu batzuk…
Ba zer nahi duzu esatea: Manifestazio bat baino askoz ere alaia eta erakargarriagoa da, denboran irauten du, manifa batera joango ez litzatekeen jendea biltzeko ahalmena du (oso interesgarria azken hau, azken lipdub hoentan sekula manifa batetan ikusi ez dudan jendea ikusi batut…).
Lipdubaren originaltasuna inplikatzen den jendearena da, haietariko askok aparteko unibertsoan bizi direnak izan daitezkelako.
Dena den, baduzu arrazoia originaltasun ezak akabatuko gaituela esaten duzunean. Baina oraindik lipdubari bide luzea gelditzen zaiolakoan nago. Manifaren formatua bai dagoela erreta…
Bat nator aipaturiko gehientsuenaz. Nik uste Lipdub honek lipdupen azkenak behar duela gurean, erakargarri egiteko aniztasunetik eta jende kopuru aldetik gaitz baita azken hau gainditzen.
Hala ere, aitortu behar dut artikulua izenburuak deituta irakurri dudala, eta penaz geratu naiz, “eta grabatu izan ez balitz?” galderaren osteko erantzunaren zain, intriga horrekin.
Azkenik Xabi, ez dut uste (lehen parrafoan idatzi dut) Lipduben kontua gehiago luzatu behar (ahal) denik, eta manien kontura, hortan bai ,ados, bada bai garaia sormenari bide eman diezaiogun, eta bertsu hitz erabiliegietan, diskurtsoetan, komunikatuetan, jendaurreko hitzaldien entonazioan,…
Ados aipatutako iritziekin. Azken Lib dub honetan lan handia egin du Herrirak kualitatiboki (errespetuz , euskal kulturaren la crem de la crem zegoen bertan)zein kuantitatiboki eta beraz zaila izango da “gainditzea”. Era berean aro digitala eta masa borroka uztartzea lortzen du ederki. Gainera modu alai eta irudimentsuan…
Ados, baina Lip-Dub-en defuntzioa sinatu baino arinago, arantzatxo hau kendu behar genion geure burueri (horrela setizen dut nik neuk behintzat). Vic-ekoaren ostean hortxe ibili gara imitatu ezinean (Durangoko iazkoa nahiko eskaxa geratu zan), eta orain bai, lasai gertu gaitezke eta beste gauza batzutara dedikatu.
Sarritan irakurri dut, komunikazioari eta mobilizazioei dagokionez, gauza berriak asmatu behar direla, hau edo bestea gehiegi erabili dela, “saturatu” egin garela. Baina inori ez diot irakurri ZER egin behar dugun.
Lip Dub gehiegi egin direla irakurtzeak arritzen nau. Zenbatetan hartu dugu parte? hainbeste izan dira? pentsa zenbat manifa, kontzentra, mitin, omenaldi-monotono egiten diren gurean, astero astero. Hoiekin ez dugu bukatu behar? Euskararen alde Donostian egin zen manifa guztiz aspergarria izan zen, paseotxo bat, baina Lipdubetaz saturatu gara? ez dut ulertzen.
Ikusentzunezkoen munduan bizi gara, eta herri mugimenduek esparru hauek esplotatu behar dituzte. Lipdubak auzolanean egiten dira, parte-hartzaileak dira, alaiak dira! eta gainera internet bidez mezua zabal dezakezu.
Zer egin behar ez den esaten dioen gurú asko ikusten dut eta ideia original eta berritzaileak aurkezten dituen gutxi. Ideia berri guztiak ongietorriak izan daitezela, baina bitartean lipdub gehiago behar ditugu! gero eta parte hartzaileagoak!
Formatuak euren artean nahastu eta konparatzea arriskutsua izan daiteke. Lipdubez saturatu garela esateak ez dakar gainerako formatuen defentsa, eta beraz, ados nago manifak, mitinak edo bestelakoak birpentsatu eta birmoldatu beharko liratekela ahal den neurrian. Edonola, esan dudan moduan, formatuak ez dira elkarren artean konparagarriak, eta manifestazio edo mitin baten oinarri eta indargunea ez da ezustekoa eta berritasuna;lipdubarena bai, ordea. Beraz, behin eta berriz errepikatuz gero, hondatu eginen dugu lipdubak errentagarria izateko duen amu hori, originaltasuna.
Bestalde, ni ez naiz inolako gurua, eta beraz, ez dagokit niri zer egin behar den esatea, zer egin behar ez den esatea ez dagokidan moduan. Nik nire iritzia baino ez dut eman eta nik dakidala, lipdubak antolatu eta parte hartu duten milaka pertsonenganako (ni barne) errespetu handiz.
Egia esan, nik ere mobiLIPDUPzioaz aitu nuenean ere belduertu egin nintzen. Emaitza txukuna iruditu zait.
Pentsatu nahi det bi helburu zituela: jendeak parte hartzea (aurreko iruzkin betean esaten den bezala, beste ekimen batzuetan parte hartuko ez lukeen jende bat gerturatu daiteke) eta bideoaren zabaltzea, Urtarrilaren 12ko deialdia zabaltzeko.
Eta uste det bi helburuak bete direla. Eta antolatzaileak zoriontzeko moduan gaudela, ez baita baterae errexa horrelako ekimen bat antolatu eta emaitza hori izatea.
Baina hemendik aurrera? Bada, uste dut ekimen bakoitzak bere helburuak izan beharko dituela, eta ekimenean bildu dezakegun jendeaz gain, difusioan iritsi gaitezkenaz ere pentsatzen jarri beharko ginakela…
Interneten bilatzen hasi eta ideiak biltzen joan gaitezke (street marketing, viral marketing,…) Gauza pila dago egina, ez naiz kopiatzeaz ari, moldatzeaz baizik 😉 )
Hemen adibide batzuk:
Redstripe
Aurrekoa hau nola egin zuten
ZARAren manikien ekimen bat
Aupa denoi!
Ibon Meñika nauzue, Herrira-ko kidea eta pasadan larunbatean Durangoko azokaren harira Herrira-k buruturiko lip dubaren antolatzaileetariko bat. Agur bat guztioi ezer baino lehen!
Zer esatea nahi duzue, interesgarria iruditzen zait hausnarketa hau eta zinez Anderri eskertzen diot, honi buruz idatzi eta bere iritziaren bidez, gainontzekooi berea emateko tartea plazaratu izanagaitik.
Formatoak garrantzia du, ziur baietz. Eta gure partetik mobilipdubzioa deitzearen bidez ekimenari, nolabait, izaera bat eman nahi genion: alegia, preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko mobilizazio bat egitea.
Bigarrenik, sektore eta jende ezberdinaren inplikazioa bilatzen genuen eta eskertzekoa da horretarako izan dugun harrera: abeslari, musikari, aktore, ikusentzunezko, idazle, kirolari… ugarien jarrera itzela izan delako. Eta dena urtarrialren 12ko manifestazio orokorra indartzeko modu bat bilakatuz.
Bestalde, masibotasuna bilatzea eta jende guztiaren parte hartzea, aldarrikapen berdinarekin eta positiboan garatzea zen gure asmoa.
Lip duba? guzti hau lantzeko aitzakia, besterik ez (eta guztia aldi berdinean).
Bere zabalpena sarean? ezinbestekoa. Ikusle bihurtuz mobilizazioan partaide bihurtzen zarelako, apika.
Baina ziurrenik dena erlatibizatu beharko genuke. Niretzat garrantzitsuena, bi osagai direlako: presoen etxeratzearen bidean urrats txikitxo bat egin dugula, eta bestetik, berton egon zirenengan poso bat utzi zuela; alegia, larunbatean ez zuela amaierarik izan ekimenak. jende ugari aktibaturik atera zen, gogotsu, gauzak egiteko asmoarekin. Originaltasuna bilatu behar da, noski baietz,; baina iraunkortasuna eta inplikazioan oinarriturik. Gaur, larunbatean denon artean sortarazitako ilusio, emozio eta gogo hori aktibazio herritarrean bilakatu bada eta urtarrilak 12ko manifestaziora joatea pentsaturik ez zuen herritar bat, orain joango bada, gu pozik eta asebete!
Bilbon elkar ikusiko gerelakoan, aguir bero bat denoi!