Engranaje artean
Hasiera » Sailkatugabeak » Etxebizitza lubaki
Eka29 0

Etxebizitza lubaki

Atalak: Sailkatugabeak

Normaltasun generitzon iraganera buelta egitea ezinezkoa dela, horixe osasun krisiak ireki duen hutsartetik etorkizunari behatzerakoan gehiengoak partekatu duen irakurketa. Datorrenak dakarkigunaren bueltan, kontrara, iritzi batasunik ez da: sistema kapitalistaren barrenak bere gordinean bistaratu ditugun honetan, zentraltasuna bizitzari emango dion jendarte baterantz bideratuko gaituen paradigma aldaketa emango dela uste duenik bada; are muturrekoagoa eta autoritarioagoa den kapitalismo baterantz bidean goazela deritzonik baden bezalaxe.

Bi tesiak mahai gainean, errealitatea horietako baterantz edo besterantz lerratu dadin ahaleginetan dabilenik ez da falta. 2008koa baino indartsuago ei datorren krisi ekonomikoa kantoian buelta emanda, saretzen eta antolatzen ari da herritar asko, paradigma aldaketara bidean krisia beronen erantzuleek –hots, aberatsek– ordain dezaten xede. Nola ez, indarrean den ordena soziala bere horretan mantendu asmoz, kontrako noranzkoan dihardu establishmentak, eta gurean beronen jagole fidela den komunikabide taldea zuhurtziaz ari da norabide horretan saka egiten. El Correok etxebizitzaren aferaz informatzeko duen modua da, ziurrenik, horren adierazle nabarmenetarikoa.

Egunkariak denbora darama inurri lana egiten, iritzi publikoa jabetza pribatuaren eta aginte klasearen interesen alde agertu dadin. Urrian ikusi genuen nola kriminalizatzen zuten –beste behin– okupazioa, Portugaleten jazotako etxebizitza baten usurpazioa makiavelikoki okupazio mugimenduarekin lotuz. Gaiaren trataerak eragin zuen hainbat herritar mobilizatzea okupatutako etxebizitzak husteko –hein handi batean arrazakeriak motibaturik, gainera–. Orduko hartan hauspotutako suaren garrak bizitzeari ekin dio orain hedabideak, datorren krisia gordinen islatuko den eremuetako bat etxebizitzarena izango dela agerikoa denean. Euskadin okupatutako etxebizitzen “gehiengo handia” mafiek kudeatzen dituzte zioen iragan astean, Gueñesen herritar talde batek, Ertzaintzarekin ondoz ondo, pertsona bat okupatutako baserri batetik nola kaleratu zuten hedatu eta egun gutxira.

Testuinguru horretan ulertu behar da auzoko etxebizitza sindikatuak orain gutxi jaso duen deia: telefonoaren bestaldetik, herritar xumeen etxebizitzak okupatzea bultzatzen ari zirela leporatu zien asaldatuta batek. Etxebizitza eskubidearen defentsa usurpazioarekin nahasten zuen nonbait. Zergatik ote. Badirudi etxebizitza sindikatuek egiturazkoa den miseriari aurre egiten hasteko arrakala etxebizitzan aurkitu duten era berean, bertan aurkitu duela goi-klaseak ere miseria borrokatzera datozenak erasotzeko beste bide bat. Lehenengoek arrakala zartatu heinean, hormatu egiten dute bigarrenek, horma eraistera datorrenari zilegitasuna kentzeaz zenbait hedabide arduratzen diren bitartean. Azken hauen lanaren eraginkortasunaren berme, etxe kaleratzeak burutzen dituena (polizia-)herritarra da geroz eta sarriago. Besteren artean, arrakala horren bi aldeen artean datza biharamun bizigarriagoaren eta bizikaitzagoaren arteko norgehiagoka.

Iruzkinik ez

Trackbacks/Pingbacks

  1. Etxebizitza lubaki • ZUZEU - […] Amaia Lekunberrik Argia aldizkariko Engranaje artean blogean. […]

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

AMAIA LEKUNBERRI

Mundu honetako bizilagunen gehiengoa gaitu azpiraturik makinak, baina ez hargatik errenditurik. Egitura zanpatzailearen arrabotsak ezer aditzeko tarterik ematen ez badu ere, makineriarena ez den beste jardun bat antzeman daiteke honen baitan. Engranajeen hortz artean, hamaika dira birrinduak izateari erresistentzia jartzen dioten norbanako, talde eta borrokak. Herri boteretik, behetik gora, eta bizitza erdigunean jarri asmoz makineria trabatzeko ahaleginean dihardutenak. Berauek izango ditu ardatz blogak, feminismoari (zeharkatzen duten borroka guztiekin) toki zabala eskainiz.

@amaialekunberri

Tweets by amaialekunberri

Artxiboak

  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko iraila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria

Etiketak

8 alternatiboa anestesia basapiztia bilbo copyleft creative commons dantza diktadura drone durango edertasuna eje emakumea erandio feminismoa go guggenheim h&m hombre home ictus inditex industria kontzertuak m3 m8 mal malo martxoak merkatua metal musika nordikoak norvegia oihartzuna okkultokrati psikodelia sentinel sludge stoner tendentzia troika txosnak zortzi

Kategoriak

  • Argazkilaritza
  • arrazakeria
  • feminismoa
  • Gizartea
  • jendartea
  • musika
  • Politika
  • Sailkatugabeak
  • turistifikazioa
  • xenofobia

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA