Ez diren biziak
“ez den herrialdean sortu ginen
eta geu ere, esan gabe doa,
ez garena gara”
Joseba Sarrionandia.
Badu errefuxiatuaren bizitzak zerbait kitzikagarritik. Akzio-pelikuletako protagonistek nola, klandestinitateak erakarri egiten du. Ezizenak, segurtasun-neurriak, bizi dobleak. Nortasuna bikoiztu, bitan destolestu. Pertsona arrunton irudimenean interesgarria da ezkutuan bizi denaren bizitza. Morboa ematen digu, nolabait. Nago oso bestelakoa izango dela egiaz.
Izenak izana baldin badakar, ordea, ez-izenak ez-izana dakar, ezinbestean. Eta ez-izateak, ez-bizia. Itzal artean bizi, ala itzal bezala ez-bizi (“exilio é se esconder num armario com medo de que alguém o abra e com medo de que nenhum o abra”). Aipatzerakoan uxatu egiten den mamua da erbesteratua, deserriratua.
Ez. Beste. Des.
Deserria ahoan urtzen den hitza da, azukre-koxkorra kikaran bezalatsu. Eta halaxe desegiten da herria deserriratuarengan, bustitako mapa bilakatzen da memoriarena. Eta deserriratua munduak irudikatzen hasiko da apika, etxe ondoko larre berdeak izan ala sekula ezagutu ez dituen oihan edo desertu arrotzak. Toki zabal mugarik gabeak, beti ere. Ez dena ez-leku batean bizi da eta ez diren paisaiak eraikitzen ditu. Ai, iragandako denbora ere ez-denbora balitz sikiera.
Herria da beti galdera, itzultzeko asmoa. Baina zein herrira itzuli? Utzitakoa eta bueltan aurkituko duena ez dira herri bera. Erbesteratua eta itzultzen dena ere ez dira berdina izango. Eta itzultzean ez da lurrikararik izango herrian, seguruenik. Hiri handi batera igande arratsaldez heltzea bezala izango da.
Herria omen du (gaitu) arnas. Arnasestuka helduko da, azken muga zeharkatuta, bihotza eskuaren ahurrean estututa, harri bustiak boltsilo zulatuetan, hamarka urtetako burutazioak eztarrian trabeska, etorkizuna alboetatik igaroko zaion beldur.
Trakets antzean ibiliko da deserriratua herrian, lehendabiziko egunetan, baldar, lohi gainean bezala. Poliziak zelatan izango ditu, atzetik segika, autoa etxe parean geldirik, tabernan begiradak gurutzatuko dituzte. Inoiz atzeman ere egingo dute eta atxilo eraman, lauzpabost galdera eta kalera berriro, “kontuz, hemen gaude”, oinak lohian sakonago sartuta. Eta arnas gaituen herria izango du helduleku deserriratu herriratu berriak, nor (zer) bestela.
Dena daukagu egiteko. “Bizitza ez diren gauzez ere egina delako”. Zorionez.
Oso ederra!
Iheslari garen aldetik oso identifikatuta artikulu honetan azaltzen den guztiarekin. Batez ere gordeta, izkutuan dauden ihelarien bizitza gogorra azalaraztea da horren gutxi egiten dena….. Normalean edozelako bisitak jaso ditzaketen iheslariei buruz hitzegiten da; “gazta, txorixoa eta sagardoa” bisaltzen zaien iheslari horietaz;…bainan iheslarien artean bizi baldintza gogorrak eta askotan dramatikoak dituzten horiek ez dira existitzen…