Dena, eta izan behar zuena
Gogo onez nentorren. Batek ez du egunero izaten halako txoko bat inauguratzeko aukera. Dotore jarri didate, gainera. Izenburu hanpatu xamarra, aipu sasi-intelektual eta guzti. Beti pentsatu izan dut izugarrizko egoa izan behar dutela bere esatekoak, inoren interesgarri izango direlakoan, lau haizetara zabaltzeko tentazioan erortzen direnek. Orain artekoak irentsi, beraz, eta hemen naiz, nire egotxo eta guzti. Ez zer esan interesgarririk izango dudalakoan, bai ordea nondik esan bitxi xamarra dudalako. Euskal Herrian sortu nintzen, eta Madrilen bizi naiz aspaldi xamar. Are bitxiago: gustura bizi naiz Madrilen. Hortxe nire ekarpena.
Lehendabiziko post honek Atzerri ederra da Espainia (batzuetan) izan behar zuen izenburu. Madrilgo jende atseginaz hitz egin nahi nuen (egon baitago jende atseginik), toki eder batzuez. Madrildarrekin elkar ulertzean sortu ohi diren gaizkiulertuez. Hemengo emakumeek, hango gauzez galdetzen dizutenean, arkano bat dezifratzen ariko balira bezala begiratzen zaituztela idatzi nahi nuen, eta begirada hori ezin lizunagoa iruditu zaidala beti (zentzurik onenean). Hemen mendira joan ordez zerrara joaten direla, garagardo-tertzioak “a pachas” hartzen dituztela. Eguneroko gauza ezdeusak hizpide, trago eskaseko kañak gora eta behera, astearte batean etxera gauerdia pasata heltzea normala dela kontatu nahi nuen, eta gauza ezdeus horiek zeintzuk izan ohi diren: inork bozkatu ez duen alkatesa, inork bozkatu ez duen presidentea, zabor-biltzaileen greba, irakasleen marea berdea, medikuen marea zuria, Usera auzoan ireki duten antzerki-areto berria, zer dakit. Lanetik etxerako bidean metroan entzuten dudan sirtakiaz hitz egin nahi nuen.
Madril Genova kalea eta Colon enparantzaren arteko tartea baino askoz gehiago dela esatera nentorren. Ez nuen Audientzia Nazionala aipatu ere egin nahi, lehendabiziko post honetan. Adiskidantzazko idazkia izan nahi zuen, bederatzi urte pasatxo daramatzadalako Madrilen, gustura asko, eta (betirako) itzultzeko asmo handirik gabe.
Baina gertatu da joan den hilean poliziak indarrez sartu zirela nire hiriko egongelan eta gazte bat eraman zutela atxilo ehunka pertsonen babesa jasota ere. Eta handik gutxira uztailaren sei bateko goiza argitu zidaten arrantzale bizardunak ere atxilotu zituzten, eta Lasa eta Zabala torturatu eta hiltzea agindu zuena aske utzi zuten erabat, eta bada beste bat hilketa horiek nola gauzatu ziren azaltzen duen liburuaren promozioa egiten dabilena, telebistatik irratira, eta azken asteotan bi auzokide Audientzia Nazionalean, aipatu nahi ez nuen Audientzia Nazionalean torturak salatu dituzte eta ematen du Madrilen inor gutxiri axola zaiola, eta hasi da Audientzia Nazionalean, ditxosozko Audientzia Nazionalean, gazte-urteetako larunbatak igaro nituen tabernen inguruko beste epaiketa bat. Pare bat aste dira Espainiako gobernu(ar)en espetxe-politika ankerra are ankerragoa egin dezatela eskatu zutela milaka pertsonek, bertako politikari eta komunikabide askoren esku-zartak lagun. Eta mendekua nola luza daitekeen aztertzen ari omen dira Audientzia Nazionalean.
Hurrengorako utzi beharko sirtakia. Ulertzen dut egunotako berriak ikusita Madrilekiko gauza on askorik ezin sentitzea. Beste batean saiatuko naiz. Madril, une honetan, kale bakar bat da askorentzat. Génova kaletik Colon enparantzara doan kale ilun, hotz, ustel, zikoitz, doilor eta krudela.
Ongi etorri!