Hasiera »
Aitor Subizaren bloga - Ziutateaz
Aitor Subiza
Nafarra jaiotzez, Madrilgo biztanlea naiz aspaldidanik. Kultura interesatzen zait, eszenatokiak maite ditut. Baina kale-kantoietan hona ekartzea merezi duten istorioak topatzen ditut egunero eta horixe egiteko asmoa dut. Egunerokotasunak, bere txikian, milaka poema, nobela, komedia eta drama gordetzen dituelako bere baitan.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- ASIER GURIDI ZALOÑA(e)k Ez diren biziak bidalketan
- Arantxa Zabala(e)k Ez diren biziak bidalketan
- Pello(e)k Dena, eta izan behar zuena bidalketan
Hiru horma tortura-gelarako
2014-08-26 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
GOIZEAN
Eutsi egingo dut…
Horman orrialde zuri bat dagoen bitartean
eta nire eskuko hatzak urtzen ez diren artean.
Hemen, norbaitek
mezu bat sakatu du hormaren bidez.
Gure hariak zain bilakatu zaizkigu,
horma hauetako zainak.
Gure odol guztia
horma hauetako zainetan isuri da…
Mezu bat hormaren bidez:
Ziega bat itxi dute,
preso bat hil dute,
beste ziega bat ireki dute
eta preso bat eraman dute…
EGUERDIAN
Papera aurrean jarri didate,
arkatza aurrean jarri didate,
eskuan etxeko giltza jarri didate.
Zikindu nahi izan duten arkatzak
esan du: Eutsi!
Bekokia lokatzez zikindu nahi izan dioten arkatzak
esan du: Eutsi!
Etxeko giltzak esan du:
Zure etxe xumeko
harri bakoitzaren izenean, eutsi!
Kolpe bat horman,
esku hautsi baten mezua da,
“Eutsi!”, dioena.
Eta euria barra-barra
tortura-gelako sabaia kolpatzen.
Tanta bakoitzak oihukatzen du: Eutsi!
ILUNABARREAN
Inor ez dago nirekin,
inork ez du gizon honen ahotsa entzuten,
inork ez du ikusten.
Gauero, hormak
eta ateak ixten direlarik…
odola darien zaurietatik irteten zait
eta nire ziegan ibiltzen da.
Neu naiz.
Ni bezalakoa da.
Txikitan ikusten dut,
eta hogei urterekin.
Nire kontsolamendu bakarra da,
nire maitasun bakarra.
Gauero idazten dudan gutuna da
eta mundu zabalerako
eta herri txikirako zigilua.
Bart ikusi dut
nire zaurietatik irteten
ubel, oinazez, triste,
isilean oinez, ezer
esan gabe, esan nahi bailuen:
“Ez nauzu berriro ikusiko,
aitortzen baduzu,
idazten baduzu…”
Muin Basisu (1927-1984)
Quibya*
2014-08-25 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Balak,
ilargi beteko gauean
mendiak eta bideak zeharkatu zituzten.
Balak,
talka egin zuten hormen kontra
eta ateak eta leihoak kolpatu zituzten.
Bihotz-erraietara zihoazen.
Balak,
harrien atzetik,
labarretan zehar,
hondar-zakuen atzetik.
Balak.
Harrietan odolezko mitreak barreiatzen dira
eta odolezko apaingarriak itsasten dira paretetan.
Balak
eta gelignita,
gorpuak hienei botatzen dizkiete.
Garia erein genuen baina ez genuen jaso,
Mahastiak garaztatu genituen baina ez genuen ardorik edan.
Alferrik bainatu zitzaigun gaua laranjondoen lurrinetan.
Gure odola parrastan doa lur gorrian behera.
eta harrien gainetik.
Bila itzazue gure eskuak inurrien armaden azpian.
Itxi itzazue ateak,
kendu leihoetatik,
ezkuta zaitezte ilargitik,
babes zaitezte gauetik..
Baina ateak egurrezkoak dira
eta leihoak ez dira
airea, ilargia, gelignita
eta hienen betortzak
saihesteko eraikitzen.
Bihotza burdinazkoa da baina
balen aurka, gelignitaren aurka eta betortzen aurka
egurra baino ahulagoa da.
Fatimaren besoek Hasanen gorpua inguratzen dute:
uraska bete odol.
Eta Hasanen aitarena,
qunbaz zarpaildua besterik ez.
Bila itzazue harrien azpian
eta josi besoak gorpuei.
Garia erein genuen baina ez genuen jaso,
mahatsondoak garaztatu genituen baina ez genuen ardorik edan.
Alferrik bainatu zitzaigun gaua laranjondoen lurrinetan.
Gure odola parrastan doa lur gorrian behera.
eta harrien gainetik.
Bila itzazue gure eskuak inurrien armaden azpian.
Balak,
harriak kolpatzen dituzte.
Gelignita.
Gaua urratu egiten da
gure olibondo eta mahastien artean.
Yabra Ibrahim.
* QIBYA Zisjordaniako herri bat da. Armada israeldarrak sarraskia egin zuen bertan 1953ko urriaren 14ko arratsean. Ariel Sharon Israelgo lehen ministro ohiak zuzendu zituen tropak egun hartan.
Hilotz anonimoak
2014-08-24 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hilotz anonimoak
ez ditu ahanztura batek batzen,
ez ditu oroitzapen batek bereizten…
Neguko belarretan ahazturik
kalearen gainean,
zangartasun eta sufrimenduzko
bi kontakizun luzeren artean.
“Biktima neu naiz!”. Eurek ez zuten erantzun:
“Biktima batek ez du beste bat hiltzen.
Eta istorio honetan bada hiltzaile bat
eta biktima bat.” Haurrak ziren,
Kristoren altzifreetako elurra jasotzen zuten
eta aingeruekin jolasten ziren
adin bera zutelako… Eskolatik ihesi zihoazen
matematikei eta antzinako poesia heroikoari
ihes egiteko. Hesietan
soldaduekin jolasten ziren
heriotzaren jolas inozoan.
Ez zieten esaten: utz itzazue fusilak
eta ireki bideak tximeletak, goizetik gertu,
ama aurki dezan.
Tximeletarekin hegaz egin dezagun,
ametsetatik kanpora, ametsak estuegiak direlako
gure ateetarako. Haurrak ziren,
jolasean ari ziren eta ipuin bat asmatzen zuten arrosa gorriarentzat,
elurraren azpian, zangartasun eta sufrimenduzko
bi kontakizun luzeren atzean.
Gero aingeru txikiekin ihesi joaten ziren
zeru garbi baterantz.
Mahmud Darwish.
Aitona-amonari gutuna
2014-07-18 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Aitona, amona:
Zer moduz zaudete? Gu ongi gaude. Amak esan du aste honetan ezin izango dugula zuen etxera joan, eta agian datozen asteotan ere ezin izango dugula. Horregatik idazten dizuet.
Eskolak bukatu ditugu, eta orain etxean nago, baina aspertu egiten naiz hemen. Horregatik kalera joan nahi dut beti, lagunekin, baina amak esaten dit ezetz, etxean egoteko, baina ni hemen aspertu egiten naiz. Margotu egiten dut, eta amari laguntzen diot etxean gauza batzuk egiten.
Atzo ateratzeko baimena eman zidan amak. Zuek oparitu zenidaten baloia hartu nuen eta hondartzara jaitsi nintzen lagunekin. Nire ekipoak irabazi zuen eta nik bi gol sartu nituen. Baina azkenean haserretu egin ziren beste taldekoak eta jolasa aldatzea erabaki genuen. Gerratan jolasten hasi ginen orduan. Bi taldetan banatzen gara, eta kamisetak aurkako zelaian uzten ditugu. Talde bakoitzak bere kamiseta guztiak berreskuratzen duenean irabazten du. Ehun arte zenbatzen dugu ezkutatzeko, eta orduan hasten da jolasa. Aurkako taldekoren bat eskuaz ukitzen baduzu, hil egiten da, lurrean egon behar du, baina bere taldeko batek salba dezake, lurretik altxatzen badu. Nik bi kamiseta hartu nituen atzo, eta aurkako taldekoek hiru.
Etxera joateko gutxi geratzen zenean, trumoi erraldoi bat entzun nuen. Nire ezkutalekutik atera eta hirugarren kamisetaren bila atera nintzen lasterka. Ahmed lurrean zegoen, etzanda. Besoetatik tira egin nion, lurretik altxatzeko, baina ez zen altxatu. “Ahmed, Ahmed!” oihukatu nion, baina deus ez. Burua jiratu zuen, eta belarrian behera odola zuela ikusi nuen.
Amak esan dit gaur Ahmed ez dela jolastera joango, eta ni ere etxean geratzeko. Baina ni hemen aspertu egiten naiz.
Muxu bat,
Wahid.
Metodoa vs ofizioa
2014-05-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Denis Diderot filosofo ilustratuak azaldu zuen ederki asko Le paradox du comedien lan arin baina ezinbestekoan. Lehenago ere auzitan egona zen gaia. Nola jardun behar du aktore batek? Benetan bizi behar al ditu bere pertsonaiak pairatzen dituen emozioak ala nahikoa – eta eragingarriagoa- ote da emozioen azala, kanpoaldea imitatzea bakarrik?
Eztabaida horretan jarraitu du mendetan zehar interpretazioak, antzerkian bakarrik lehen, gainerako fikzio zenbaitetan geroago.
Argi dago, aktoreak bere pertsonaiaren emozioa biziz gero, benetan sentitzen badu alegia, taula gainetik (pantailatik) publikoari helaraziko dion bizipena ere zirraragarria izango dela. Gertatzen da, baina, aktoreek ere izan ditzaketela gorabeherarik euren bizitza partikularretan. Nola eman, orduan, komedia bat eszenatokitik kanpora bizitzak ostikada bat eman dizun egunean? Nola eman, bestela, pertsonaia tragiko bat alaba jaio zaizun eguneko funtzioan? Areago: nola egin hildakoarena, edo hiltzear denarena, aurretik sentitu ez dituzun emozioak dituen pertsonaiarena? Eta beste ikuspuntu batetik, merezi al du aktore bat bere pertsonaiaren zurrunbilo emozionalean sartzea, horrek ekar diezaiokeen kaltearekin? Laburbilduz esan genezake metodoa Stanislavski delako hark “asmatu” zuela, amaieran bere buruari kritika egin bazion ere, handik Estatu Batuetara jauzi egin, Actors’ Studio ospetsura, eta hortik, psikoanalisiaren nahitaezko osagaia gehituta, Argentinara. Eta Argentinatik heldu zen bueltan Europara, Stanislavskik berak egindako kritika erabat ahaztuta eta aktorearen lan emozionalean (lohi emozionaletan) gehiago sakonduta.
Horren aurrean, eta “metodoak” (bakarra bailitzan) eman dituen aktore bikainak bazter utzi gabe, askok gogora ekartzen dugu guk “interpretatu” esaten diogun horri beste hainbatek “jolastu” esaten diotela. “Play” ingelesez, “jouer” frantsesez. Interpretatzea jolasa da, txikitan ofiziotan jolasten garen bezala. Aski da, beraz, pertsonaia behar bezala aztertu eta nola erreakzionatuko lukeen kokntuan hartuta, emozio horren kanpoko itxura imitatzea eszenatoki gainean. Horrela aritzeko “metodo” asko dago, gorputzari garrantzi gehiago ematen diotenak, emozioaren “fisikotasunak” garrantzi handiagoa duen heinean. Gorputza landu eta landu, ez dago besterik. Nola negar egin pertsonaiaren emozioa sentitu gabe, adibidez? Negarraren zentroa gorputzean bilatuz. Negar zotinka gaudenean eztarrian min izan ohi dugu. Bada, arnasketa zentro horretara eramanez (ez gara hemen ariketak zehazten hasiko), ez dugu zaila izango negarrez hastea, emozio izpirik ere sentitu gabe. Eta ariketa hori testuarekin integratuz, gorputzak azkenerako gogoratu egingo du pasarte jakin horretan hala erreakzionatu behar duela, eta negar egingo dugu. Batere sufritu beharrik gabe. Gogotik lan egin eta gero.
Baina zuzendari edo aktoreak metodoa ala ofizioa aukeratuagatik, bada aritzeko bi moduon gainetik aintzat hartu beharreko beste ezaugarri bat. Nori eman zion botoa aktoreak azken hauteskundeetan? Begien bistakoa da zenbait sigla jakin bozkatu izanez gero ezinezkoa dela Lady Macbeth edo Lear Erregearena egitea. Presoek beren zigorrak etxetik gertu bete behar dituztela eskatzeak Atletico Madrilen zale gazte baten aitarena egitea galarazten duen bezalaxe.
Hor dago interpretazioaren koxka. Horixe da antzerkilarion bizitzaren txinparta.
Oporraldi on
2014-04-17 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
“Ikasleok”, aditu da ahots bat bozgorailuetatik, “ixo, ixo!”, dio irakasleak, eskuak airean astinduz. “Opor aurreko azken eguna denez, sorpresa bat dago guztiontzako jolastokian. Mesedez, egin ilara bana gela bakoitzean eta atera lasai”. Ikasleek oihu egin dute eta urduri daude, asaldatuta. Irakasleak saiatzen dira nahaspila horren gainetik euren ahotsa entzunarazten eta lasaitasunerako deiak egiten dituzte bata bestearen ondotik. Lortu, ezer gutxi.
Atera dira azkenerako ikasleak patiora. Eta hantxe ikusi dituzte hamabi bat gizon-emakume, berdin jantzita denak. Tramankulu andana dituzte atzean, alboetan. Sofistikatu xamarrak batzuk, kable eta botoitxodunak. Beste batzuk ez hainbeste. Ibilgailu batetik sirena bati eragin diote, eta nagusiak ozen galdetu du: “nork nahi du frogatzen lehena izan?”. Haurretako askok eskua altxa dute eta bi boluntario aukeratu dituzte. Ilehori kizkurra eta neska ttiki begi argia. “Etorri, etorri”, dio uniformedunen buruzagiak, “hasteko jarri eskuak horrela”. Eta eskuak bizkarrera ekarri ditu. Halaxe egin dute bi haurrek ere. Orduan berdez jantzitako gizon bi gerturatu eta eskuburdinak paratu dizkiete. Kizkurra saiatu da disimulatzen, baina aurpegian nabari zaio ez duela sentsazioa oso atsegin. Ikaskideek barre egiten diote, eta uniformedunen nagusiak oihukatu dio: “Zer? Mina, ala? Eta orain?” eskuburdinak areago estutuz. Negar batean da ilehoria.
Hori ikusita ez da hainbeste boluntariorik agertu hurrengo frogarako. Bakarren batek altxa du eskua. Baina uniformedunek eskua altxatu gabe ere edozein hartu dute, kirol-txandala daraman haur beltzarana kasu honetan. Konturatu denerako poltsa bat jarri diote buruan, aurpegia estaliz. Eta larri hartzen du arnasa. Poltsa kendu diotelarik halako irribarre batek ihes egin dio, lasaitu ederra hartu du dena nolabaiteko broma zela jakin duenean. Baina ez. Berriro jarri diote poltsa buruan, luzaroago oraingoan. Amorruz, etsipenez lurrera erori den arte. Poltsa kendu diote. Ikaskideek ez diote barrerik egin.
Beste boluntario bat eskatu dute uniformedunek. Izara baten azpian zer edo zer dago gordeta. Ikasleek eskurik altxa ez dutenez (patioko hesirantz hurbilduz joan dira ia denak), ikasketa burua atera da. Ikastetxeko zuzendaria urduri dago, izerdia burutik behera erortzen zaio, eta airea falta duela sumatzen du. Segundo bakoitza eternala iruditzen zaio. Denbora gelditu egin da bat-batean. Izara kendu dute, ikasketa-buruak listua irentsi du. Bainera bat dago izararen azpian.
Bi uniformedunek besoetatik hartu dute ikasketa-burua, eta burutik, libre duten eskuaz. Lurrean belauniko jarri arazi dute. Ikastetxeko zuzendariak erlojua begiratu du hamaikagarren aldiz azken hamaika segundotan. Ordu bata puntu-puntuan. Txirrinak jo du. Uniformedunek ikasketa-burua askatu dute eta ikastetxeko zuzendariak esan du: “mila esker euren lanaren froga egin diguten profesionalei, baita gurekin egon diren agintariei ere. Eta zuei guztioi, oporraldi on!”.
Gurasoak patiora sartzen hasi dira, seme-alaben bila. “Ba gu aurten hemen geratuko gara, eta zuek?”. “Gu Kantabriara joango gara, Javierren senideen etxera”. “Egongo gara bueltan, orduan”. “Oporraldi on!”.
Oheak
2014-02-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
“Leihoaren ondoko ohean banengo behintzat…” Bere esku dagoen guztia egingo duela esan dio erizaintzako kontroleko langileak Enriqueren alabari. Izan ere, trenean edo hegazkinean bezalatsu, alde handia dago ohea pasabide ondoan egon ala leihoaren ondoan. Intimitatea eta ahalkea kinkan jartzen dituzten tokiak izaten dira ospitaleak. Hala, senidea leiho ondoko ohean baldin badago, pasabide ondokoaren miseriak zeharkatzea egokitzen zaizu harenganaino heltzeko, bere erraien artetik pasa beharko bazenu bezala. Trukean patio bat irekitzen zaizu gelan, hiri osoa atzealdeko patioan, bihotz-arimaren arnastoki. Aldirietako tximinien kiribilak, hodeien itxura apetatsuak, eta zeruertzean galdu egiten den berdegune zabala.
Antonio. Gero Oscar. “Bueno, gu bagoaz”. “Bihar emango omen diote alta”. “Zuek ere laster joango zarete ba etxera”, eta “ez dut uste, ez dakit ba…”, begiak lurrera jaitsiz.
Bere esku dagoen guztia egingo duela esan du erizainak eta, azkenerako, Enrique gelaz aldatu dute, eta susmo txarra hartu dio horri. Gogora etorri zaio txikitan bi bider ospitaleratu behar izan zutenekoa; ezer larririk ez, baina gelan pilatzen zitzaizkion jostailu ezdeusen kopurua zuzenki proportzionala zen hurrengo egunetan pairatuko zuenarekiko. Odol-ateratzea, ipuin bat. Sabeleko froga erdi-mingarria, ipuina eta auto txiki bat. Ospitaletan opariak ez dira musutruk izaten, eta ohe-aldaketa ez da nolanahiko oparia. Hori bai, bisitei nolabaiteko dotoreziaz egin dakieke arreta. Etxe berria erakusten duzunean bezala. “Hango hori eztakitzein mendi da, eta han eztakitzer dago”.
“Barruak ustelduta ditu”, pentsatu du Enriqueren andreak bere hats atsitua, sagarrarenaren antzekoa usaintzean. Handik aurrera “ez dago ezer egiterik”, “ez dezala sufritu, behintzat”, 204. gelako atea erdi itxiaz bestaldera, “ez hitz egiten saiatu, Enrique, arnasa itotzen zaizu-eta”. Batek uste izaten du bere azkeneko hitzek halako pisu bat izango dutela, bizi osoa izan duzu azken hitzak prestatzeko, eta pentsatzen duzu zure oinordekoek betirako gogoan izango dituztela, urrezko letraz grabatutako epitafioa bailiran. Baina gertatzen da “urdailean korapilo bat egin zait” esaten duzula, behin eta berriro jan behar duzula esaten dizutenek behingoz kalakari utz diezaioten. Eta ustekabean, horiek izan dira Enriqueren azken hitzak, ez baitu gerora beste ezer esateko indarrik bildu. Eskasak, inondik inora, azkenak izateko.
Orduan oilo-salda, barrua pixka bat berotu eta ezpainak bustitzeko. Gero sueroa besterik ez -sueroa hilgarriontzat, ospitaleko langileek “salino” esaten diote-, deshidratazioa saihesteko.
Begiak azkeneko aldiz itxi baino lehen irribarre egin du barrutik Enriquek. Leihotik La Princesa ospitaleko atearen aurrean elkarretaratzea egiten ari diren mediku, erizain eta erabiltzaileen oihuak heldu zaizkio. Osasungintza publikoaren alde. Goxo hartu du orduan heriotza Enriquek. Heriotza goxo har daitekeen neurrian, noski.
Normalizazioa
2014-01-14 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Kameliek berdin-berdin jarraituko al dute klorofila egiten Aparicio komisarioa, A.F.-ri zabor-poltsa buruan jarri ostean, etxera heldu eta ureztatuko dituenean?
Zer erantzungo dio Aparicio komisarioak bost urteko semeari eskolan egindako marrazkia erakusten dionean, I.E.-ri akitu arte flexioak egin arazi eta gero?
Antzemango al du Doki boxer marroiak, bere gorozkiak plastikozko poltsatxoan jasotzen ari denean, Aparicio komisarioak buruan tiro egiteko mehatxua egin diola X.U.-ri?
Igarriko al du Teresak, Aparicio komisarioarekin larrutan egiten ari denean, erratz baten makila A.N.-ren aluaren inguruan ibili duela, bortxatuko zuela mehatxu eginez?
Konturatuko al da Isidro frutaria, alberjinia kilo erdi, bi kilo patata garbi eta zukutarako laranja poltsa jartzean, Aparicio komisarioak barrabilak zanpatu dizkiola H.M.-ri?
Nabarituko al du Cristinak, Aparicio komisarioari eta bere emazteari gordailu bat eskaintzean, % 1,7 UTB urte eta erdira, bihotzeko eritasuna duen aita atxilotzeko mehatxua egin diola, oihuka, U.I.U.-ri?
Ohartuko al da Luis, pluseko partida ikusten ari denean bigarren kaña zerbitzatzen dionean, Aparicio komisarioak kulerotan eta kukubilko egonarazi duela I.O.?
Sarak, Diako kutxazainak, jakingo al du tomate birrindu-potea, garagardo lata-paketea, bi gaileta-kutxa, limoi zaporeko jogurtak eta esne erdigaingabetua laser-irakurgailuaren gainetik pasatzean, Aparicio komisarioak burua zangoen artean eraman duela A.M. Madrileraino?
Euskal gizartearen gaixotasun moralaz ari dira asko eta asko. Eta kostako omen zaigu gizarte normala izatera heltzea. Lan handia egin du hainbatek orain arte normalizazioaren bidean. Aparicio komisarioak, adibidez.
Ez diren biziak
2013-12-12 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
“ez den herrialdean sortu ginen
eta geu ere, esan gabe doa,
ez garena gara”
Joseba Sarrionandia.
Badu errefuxiatuaren bizitzak zerbait kitzikagarritik. Akzio-pelikuletako protagonistek nola, klandestinitateak erakarri egiten du. Ezizenak, segurtasun-neurriak, bizi dobleak. Nortasuna bikoiztu, bitan destolestu. Pertsona arrunton irudimenean interesgarria da ezkutuan bizi denaren bizitza. Morboa ematen digu, nolabait. Nago oso bestelakoa izango dela egiaz.
Izenak izana baldin badakar, ordea, ez-izenak ez-izana dakar, ezinbestean. Eta ez-izateak, ez-bizia. Itzal artean bizi, ala itzal bezala ez-bizi (“exilio é se esconder num armario com medo de que alguém o abra e com medo de que nenhum o abra”). Aipatzerakoan uxatu egiten den mamua da erbesteratua, deserriratua.
Ez. Beste. Des.
Deserria ahoan urtzen den hitza da, azukre-koxkorra kikaran bezalatsu. Eta halaxe desegiten da herria deserriratuarengan, bustitako mapa bilakatzen da memoriarena. Eta deserriratua munduak irudikatzen hasiko da apika, etxe ondoko larre berdeak izan ala sekula ezagutu ez dituen oihan edo desertu arrotzak. Toki zabal mugarik gabeak, beti ere. Ez dena ez-leku batean bizi da eta ez diren paisaiak eraikitzen ditu. Ai, iragandako denbora ere ez-denbora balitz sikiera.
Herria da beti galdera, itzultzeko asmoa. Baina zein herrira itzuli? Utzitakoa eta bueltan aurkituko duena ez dira herri bera. Erbesteratua eta itzultzen dena ere ez dira berdina izango. Eta itzultzean ez da lurrikararik izango herrian, seguruenik. Hiri handi batera igande arratsaldez heltzea bezala izango da.
Herria omen du (gaitu) arnas. Arnasestuka helduko da, azken muga zeharkatuta, bihotza eskuaren ahurrean estututa, harri bustiak boltsilo zulatuetan, hamarka urtetako burutazioak eztarrian trabeska, etorkizuna alboetatik igaroko zaion beldur.
Trakets antzean ibiliko da deserriratua herrian, lehendabiziko egunetan, baldar, lohi gainean bezala. Poliziak zelatan izango ditu, atzetik segika, autoa etxe parean geldirik, tabernan begiradak gurutzatuko dituzte. Inoiz atzeman ere egingo dute eta atxilo eraman, lauzpabost galdera eta kalera berriro, “kontuz, hemen gaude”, oinak lohian sakonago sartuta. Eta arnas gaituen herria izango du helduleku deserriratu herriratu berriak, nor (zer) bestela.
Dena daukagu egiteko. “Bizitza ez diren gauzez ere egina delako”. Zorionez.
D
2013-11-28 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Gogoratzen naiz helduek “elurra egiteko hotzegi dago” esaten zutela. Eta nik ez nuen ulertzen, niretzako ez zegoelako elurra baino hotzagorik. Amonak, erdi-gaixo nengoelako ikastolara joan gabe etxean gelditzen nintzenean, udaltzainek eramango nindutela esaten zidala, piper egiten ikusiz gero.
Bost urte arteko geletako kortxozko zoruak gogoan ditut, eta egun euritsuetan sarreretan botatzen zuten zerrauts bustiaren usainaz akordatzen naiz. Gogoan dut atezainak errieta egiten zigula arrapala lasterka jaisten genuenean, eta nolako bertigoa ematen zuen hiru urtean behin “helduen pasabidera” salto egiteak. Bidarraiko kanpaldiaz gogoratzen naiz. Gogoratzen naiz Fiteron kalea genuela jolastoki, eta horman pitzadura handiak agertu zirela eraikin berria inauguratu eta berehala. Ikastolara ez zihoazen haurrek “¿Sabes vasco? Dí algo en euskera” galdetzen zigutela, eta guk, ezinbestean, “Zer nahi duzu esatea?” erantzuten geniela.
“Ika, ika, ika, hemen dago Korrika” gogoratzen dut arnasestuka, eta “vascuenceren legea pikutara”, lasaixeago.
Institutuko urteek ibaiertzeko makalen gerizpera eraman gintuzten. Han ikasi nuen fisikaz euskaraz aritu ahal izateko bi gauza besterik ez direla jakin behar: fisika eta euskara. Grebak oroitzen ditut, nola ez, hezkuntza-legeren baten aurka, curriculum propio baten alde. Bazen, zorionez, lozorroan geratzeko asmorik ez zuenik. Zuzendari eta ikasketa-buruarekin izandako tirabiraren bat oroitzen dut, eta Biurdanako belardietako lehen zirri traketsak, eta Jon Ander historiako irakasleari aulkian txintxeta bat jartzen saiatu zenekoa. Gogoan dut urte haietan ohartu nintzela ez nuela arazorik presokratikoez euskaraz idazteko, baina ezin nituela auzoan erosketak euskaraz egin; areago, ez nukeela erosketak euskaraz egiten jakingo. Eta hori ez zitzaidan normala iruditzen.
Eta hala, Sarrik irudikatutako desertuen malenkoniaz gozatzen ikasi nuen, eta bi bertsoren arteko isilune sakona ulertzen. Obaban izan naiz behin baino gehiagotan, eta Miranderekin eztabaida sutsuak izan ditut. Horrek ez dit sekula galarazi Espainiako errenazimenduko literatura atsegin izatea edo Lorcarekin hunkitzea, Shakespeare, Mayenburg edo Kawabatarekin bezalatsu. Ez dut uste inor baino gehiago naizenik, baina aberatsagoa naiz.
Ez dut egunotan agertu diren “informazioak” gezurtatzeko gogorik. Ez dut denborarik galdu nahi horren guztiaren atzean egon daitekeen asmo politikoa asmatzen. Baina minduta sentitu naiz, hori behintzat lortu dute, eta D erraldoi bat aldarrikatu nahi dut, beste baten aldean. Doilorkeriaren aitzinean, Duintasuna.