Gazteak ametsetan
Zaranjen nago, Nimroz eskualdeko hiriburuan. Irango mugatik oso gertu. Bi hegazkin hartu behar izan ditut honaino iristeko. Hauxe da, hain juxtu, Kabuldik urrutien dagoen hiri afganiarra.
Diotenez, merkantzien mugimendu handia dago beti mugako eskualde honetan: heroina harantz, Iran eta Europarantz; eta armak nahiz lehergailuak honantz, talibanentzat.
Merkantzia hauek guztiek Helmand ibaia zeharkatzen dute, hauxe baita Iran eta Afganistanen arteko muga naturala. Tamalez, Lashkar Gahn ikusitako ur emari ederra lehor dago Zaranjera iristerako. Igeri egin ezean, bertako gazteek euren motorrekin gozatzeko aprobetxatzen dute egunotan –Zaranjen aisialdi aukerak oso urriak dira–.
“Zalditxo” eta bestelako maniobretan luze aritu ostean, gazteak niregana gerturatu dira. Bestetan bezela, euren erretratuak aitzakia ezin hobea izan dira bertakoekin hitz egiteko.
“Hemen ez dago etorkizunik. Aukera izan bezain laister Iranera joko dut”, esan dit Azizek, Irango mugako eraikina atzean zuela, ehun metro eskasera baino ez.
“Nik Teheranen denboratxo bat emango dut lanean. Nahikoa diru lortzen dudanean, Turkiara pasa, eta handik Europara joango naiz”, Bilalek, irribarretsu eguneko hamaikagarren “zalditxoa” bikain egin ondoren. Londresen lana lortzea erreza dela esan diote. Hara joango da.
Gainontzeko lagunek antzeko planak dituzte: muga ezkutuan pasa eta Afganistan atzean utzi; betirako ez bada, sasoi luze baterako behintzat bai.
Gazteon ametsak eta egitasmoak entzuten ari naizela, duela urte batzuk Iranen ikusitako irudi bat etorri zait burura. Persepoliserako bidean, goizean goiz, errepide alboan zegoen talde handi batek erakarri ninduen: arropa zikinak, neke aurpegiak… ziurrenik, kalean egiten zuten lo.
“Beti hor daude, norbaitek eraikuntzan edo larreetan egunbeteko lana eman zain. Afganiarrak dira”, esan zidan nire egun hartako taxi-gidariak. Uste dut huraxe izan zela afganiarrak ikusi nituen lehen aldia.
Ilunabarrean, Bilalek ekarri nau hotelera bere motorrean. “Europan ikusiko dugu elkar”, esan dit bostekoa ematean 20 urteko gazteak.
Alak, Kristok edo Krisnak gorde diezaiola irribarrea.
Kostako zaie gaixo hauei Europaraino iristea. Agian iristear daudela, hamaika neke pasa ta gero, hiltzen dira kontainer baten barruan, iluntasunean, norbaiti ahaztu zaiolako kontainerra irekitzea. Hau pelikula batean ikusi nuen, afganiar migranteak ziren. Oso gogorra. Espero dut Zaranjeko hauei berdin ez gertatzea. Inshallah!
“In this world”, Michael Winterbottomen maisulana!
Zuru, artikulu polita eta argazki ezin-hobea! Segi fuerte!