Giza zabortegian
Aspalditik bisitatu nahi nuen Darul Aman jauregia baina ezin egokitu gaur goizera arte. Amanullah erregeak eraikiarazi omen zuen 20. hamarkadan eta afganiar neoklasizismoren eredu bakarra izan zen urte dezentez.
1979an bere itxuraldaketari eutsi zioten ingurukoek: errusiarrek lehendabizi, mujahidinek gero; pastundarrek, uzbekiarrek, tajikoek, talibanek… denek utzi zuten euren bisitaren oroigarri krudela bertan.
Hondakin hutsa denez, ez nuen espero inor topatzea bertan. Ustekabe itzela izan da, beraz, 50 familia nomada aurkitzea harrizko munstro honen tripetan.
“Hazarek gure lurretatik bota gaitzute; etxea, abereak… dena kendu digute!”, esan dit nomada batek.
Sei aste eman dituzte jada, baldintza jasanezinei aurre egiten: ez argindarrik, ez urik, ez komunik… Hori gutxi ez eta, inguruan, pertsonen kontrako lehergailuak omen daude oraindik. Dena den, umeak hankutsik zenbiltzan, korrika, batere ardurarik gabe. “Afganistan bera ere lehergailuz josita dago eta aldetik aldera zeharkatu dugu beti”, pentsatuko zuten.
Gobernuko datuen arabera, hiru milioi kuchi nomada daude Afganistanen. Denak pastuneraz mintzo badira ere, euren bizimoduak nahiz tradizioek biziki bereizi dituzte herrialdeko beste talde etnikoen artean. Hainbat historiagileek diote 3.000 urtetik gora eman dituztela Ekialde Hurbila eta Asia Erdialdeko basamortu eta mendiak zeharkatzen, merkantzien “zubi mugikorraren” gisa.
“Ijitoak dira, ez zaitez gerturatu haiengana”, esan zidan joan den astean Panshirreko tajiko batek; “diru asko daukate, ez pentsa!”, entzun diot gaur pastundar bati.
Nik gaur artalderik gabeko artzainak baino ez ditut ikusi.
Hegalak moztutako txoriak, zabortegi batean.
Nola egin dute urte hauetan negozioarekin jarraitzeko? Artista izan behar da egoera horretan toki batetik bestera zure merkantziekin joateko. Zer ezaugarri fisiko dituzte? Pastunen aldekoak ala Balucheena gehiago? Beste galdera bat merkantzia hitza aipatu duzula; heroina da negoziorik eta produktorik handiena hor. Zerbait entzuten da ? ikusten da ? Ikusten al dira ondorioak kalean ? Asko konsumitzen al da ? Kontsumitzen bada.
Hauen negozio bakarra esnea eta haragia da. Antza, mendez bizi izan dira horretaz. Ezaugarri fisikoak direla eta, nekez bereiz daitezke pastundarren artean.
Heroina dela eta, yonki ugari ikusten dira hainbat tokietan. “Errusiar zentroa” izeneko toki bat dago hemen:
http://www.viceland.com/int/v14n9/htdocs/rehab.php)
Kontsumitu, jakina. Etxe barruan beti.