Fahima
Fahima Sarfaraz dut izena eta hautagaia naiz biharko hauteskundeetan.
Bai gurasoek bai lagunek ez aurkeztea eskatzen zidaten; gazteegia nintzela, xiita nintzela eta, batez ere, emakumea…
2500 hautagaien artean, 410 emakume gaude. Banekien ez zela erraza izango. Kanpainan zehar, hiru hautagai eta zazpi langile bolondres akatu dituzte talibanek. Beste hamar, talibanen eskuetan daude oraindik, bahituta.
Azken hilabetean zehar makina bat heriotza mehatxu jaso ditut, bai eta aipatu nahi ez ditudan hamaika irain. Gau batean, nire etxeari su eman nahi zioten gizon batzuk. Zorionez, polizia garaiz etorri zen eta gaizkileak atxilotu egin zituen.
Bihar hautatua baldin banaiz, badakit zaila izango dela nire kazetaritza ikasketei eustea. Kazetaritza maite dut baina hura ere lanbide arriskutsua da oso. Duela bi aste nire irakasle bat akatu zuten Kabulen. Hamid Nuri izena zuen, oso kazetari ona zen.
Jakin badakit etengabeko mehatxua ez dela hauteskundeekin batera amaituko; hautatua izan ala ez, beti arriskuan jarraituko dudalakoan nago.
Baina zer egin dezakegu Afganistango emakumeok bestela? Burka azpian betirako ezkutatu?
25 urte besterik ez ditut. Gazteegia naiz etorkizunari uko egiteko.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Besteaz etxetik, amaiera - [...] den. Baina “gerrakoa” ere bada, hots, Abdul Rahman kanaberazko zuku saltzailearen istoria edota Fahima emakume hautagairena, bi besterik ez…
Interesgarria benetan. Holakoak ez dira maiz ohiko egunkarietan azaltzen.
Segi Fatimarena bezalako ahotsak helarazten.
Ondo izan.