Asteko Argazkiak

Garaipenek ezkutatutako ahaleginak

Sarritan garaipenek ahalegin ezohiko eta ia jasanezina ezkutatu ohi dute atzean. Behin lorpena lortuta, barneko ekaitzak desagertu eta zerua oskarbi ikusi arren, atzera begiratu eta egindako bideak ematen dio benetan balioa garaipenari. Hain zuzen ere, gainditu, lortu edo garaitu beharreko ezer izan ezean, garaipen hitza ez lukeelako zentzurik izango.

Pierre-Philippe Marcou – AFP

Lorpenaren osteko lasaitasunak batzuetan, berriz, iraupen laburra du, laburregia ere agian. Azken egunetan ia Europa osoko herrialdeetako Covid-19aren intzidentzia erakusten duen tasan goraka igarri da. Gorakada motela, baina, gorakada. Osasun adituek jada ez dakite gorakada berri hau hirugarren edo laugarren olatuan kokatu edo zuzenean tsunami erraldoi bateko beste itsaso-kolpe bortitz baten antzera hartu. Kurbak berriro gorako bidea hartzen duen bitartean ospitaleetako presioak ez du bera egiten. Beraz, asko dira Madrilgo Isabel Zendal erizaina larrialdietako ospitalean hartutako argazki onetan bezala birusa gainditzeko borrokari eusten dioten gaixo zein langileak, noizbait behin betiko garaipena hurbilago ikusteko desio sakonarekin.

Andrea Comas

Bizitza zentzugabe bihurtzen denean eta borrokatzen jarraitzeak zentzurik ez duenean, aldiz, heriotza irtenbide bakarrean bihurtzen da. Txema, David eta Dani Llorente heriotza duinaren alde denbora luzez borrokan ibili diren aurpegi ezagunenetako batzuetan bihurtu dira, haien emazte eta amak Alzheimerra harrapatu ostean lasaitasunez hiltzeko erabakiaz gozatzeko aukerarik izan ez zuen bitartean. Borrokari eutsiz egindako bideak bere emaitza izan du azkenean: Espainiako Diputatuen Kongresuan aste honetan Eutanasiaren Legea onartu baita. Maribelen senideek, legea errealitate izatea nahi zuten beste zenbait pertsonekin batera, bideari Change.org plataformaren bitartez ekin zioten sinadurak biltzeko. Honela, legearen alde Diputatuen Kongresura miloi eta erdi sinadura baino gehiago eramatea lortu zuten.

Suhaib Salen – Reuters

Beste batzuentzat, berriz, ausardia eta kemena bizitza osorako bidelagun bihurtzen dira bidean aurkitutako traba guztiak gainditu ahal izateko. Azken hamarkadetan gatazka eta gerrek gogorki kolpatutako palestinar askoren errealitatea da hau. Horren erakusle da Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak Gazan antolatutako futbol txapelketa baten hartutako argazki hau. Bertan anputazio desberdinak dauzkaten bi palestinar heriotzari partida irabazteko norgehiagokan murgildurik ikus daitezke.

Huseein Malla – AP

Beraz, aurreko adibide guztiek erakutsitako moduan, etorkizun hobe bat lortzeko desioak bultzatzen ditu askotan garaipenak lortzeko bidearen hastapenak. Are gehiago, senide, bizilagun edo lagunen etorkizuna ezbaian badago. Horrela ulertu daiteke gizon batek Beiruteko errepide nagusi bat erretako pneumatikoen bitartez mozteko erabakia. Izan ere, azken egunetan zehar Libanon gertatutako kontsumo-ondasunen eta tokiko monetaren prezioak igotzea kinka larrian jarri du Libanoko herriaren biziraupena. Beraz, orainaldia da etorkizun xume eta duin baten alde borrokatzeko unea.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.