Eguneroko kontua da gizarteko gertakari ororen inguruan iritzi positiboa edo negatiboa daukaten pertsonak topatzea. Gizakiaren joera anitzak artaldeen funtzionamenduarekin alderatuz gero, animalien batasuna eta sinpletasuna harrigarriak direla iruditu dezake. Hala ere, taldea sakonean aztertuz gero, beti ardi beltzen bat topatuko duzu, bi edo hamabi ez badira. Ez baitago ardi beltzik gabeko artalderik.

Gure bizitzaren garapena guztiz oztopatze denean, berriz, iritziak banatzea eta sumindura areagotzea ezinbesteko egiten da. Horrela, bailara oso bat erasoturik sentitzen denean, ahotsa altxatzea da herritarren esku dagoen tresna bakarra.

Horixe gertatu da abuztuaren azken aurreko asteburuan zehar Txingudiko eskualdean. Abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen antolatu den G7 goi-bilkurak bailarako biztanleen mugimendu eta errutina guztiak hankaz gora jarri ditu.

 

Gailurrarekiko errefusa argi eta garbi adierazteko helburuarekin, milaka pertsonek Hendaia eta Irun arteko bideak zeharkatu zituzten, bidean haien iritzia zabalduz: G7a ez hemen ez inon.

 

Zazpi buru erraldoiez osatutako aurkariari irmoki erantzun diote mugako bi aldeetatik zein beste herrialdeetatik etorritako mundutarrek, izan ere, mundu osoaren etorkizuna jokoan egon baita hiru egun horietan zehar. Mobilizazio erraldoiak, ordea, erreibindikazio tartean festa giroa hartu du, herriari ahotsa eman eta helburu bateratu baten aldeko borrokan.

Irribarre zabal baten bitartez ohiruik sutsuena munduratzea posible dela erakutsi digute. Musika eta koloretako pankarten artean adin guztietako biztanleak ikusi ditugu. Auskalo etorkizunean euskal lurraldeetan horrelako irudirik berriro ikusiko dugun, baina, momentuz herriak erakutsitako indarraz harro egon gaitezke.