Noizbehinka, aurretiazko abisurik bidali gabe, errealitateak gure bizitzak eta planak hankaz gora ipintzeko zaletasun korapilatsua du. Batzuetan kolpe arinak izan ohi dira, ia konturatu gabe gure albotik igarotzen diren abisuak. Horixe da Galiziako Obradoiro plazan euri eta haize boladei aurre egiteko batailan dabiltzan emakume hauen kasua. Eguraldi kaxkarrak oporretako plangintzak zapuztu badizkie ere, konturatzerako etxean egongo dira errutina goxoan murgildurik.

AFP agentzia

Beste kolpe batzuek, ordea, sekulako hondamendiak eragiten dituzte. Bizitzaren sustraiak errotik kendu eta gizakion bizitza lasaiak desegiterainoko indarra dute kolpe gogor horiek. Ugandako eurite izugarrien ondorioz 5 pertsona hil dira eta hainbat herrixka lokatz gailurren artean desagertu dira. Orain, indarrak hartu eta bizitzari eusten saiatuko dira, hainbatetan egin duten bezala.

Zaid Al-Obeidi – AFP

Infernuko sugarren artean, ordea, badira gaitzak alde batera utzi eta bizitzako zorigaitzen artean dantzatzeko adorea duten arima askeak. Irakeko Mosul hirian etxe irauli eta apurtutako bitzen arrastoen artean, bi gazte mahai-futboleko partida batean murgildurik daude, inguruko errealitateak haien bizitzetan eraginik izango ez balu bezala.

Simon Maina -AFP

Horregatik, garrantzitsua da tarteka etenaldi bat egitea gure inguruari begiratu eta inguratzen gaituen errealitateaz jabetzeko. Batzuetan, prozesu ezinbesteko hori gauzatzeko bigarren edo hirugarren pertsonen laguntza beharrezkoa izango zaigu edo, Nairobiko Makarada distrituko ispilu multzo honen gisa errealitatea erakutsiko digun objektu baten isla.  Honela, etorkizunak luzatuko dizkigun erronkei aurre egin eta gure bizitzaren norabidea berreskuratzeko gai izango gara.