Lan gogorretik eratorritako ausardia eta kemena ezinbestekoak dira bizitzak begien parean jartzen dizkigun oztopoak gainditzeko. Haize boladek bizitzaren norabidea astindu eta norakoa etengabean aldatzen diguten arren, haizealdiak gainditu eta iparra berreskuratzeko borrokatzea ezinbestekoa zaigu bizirauteko.

Batzuetan bizitzak bidezidorrak begi-bistan ipiniko dizkigu, gure helburuak erraztasun osoz geure egiteko. Besteetan, ordea, adimena zorroztu eta bidean topatuko ditugun oztopoak gainditzeko ahalmena garatu beharko dugu.

Hala ere, bidean ezinezkoak diren ekaitzak topatzen ditugunean, etenaldiak egin eta gure barne ekaitzak argitzeko atsedenaldiak egiteak gure bizitza salba dezake. Izan ere, lanbroak, zenbaitetan, itsasargi indartsu eta distiratsuenen argia itzal dezake.

Horrela, atsedenaldi luze baten ostean, begietatik nagiak kendu eta indarrak berreskuratu ditugu, lehenago egin dugun moduan, idazluma eta orrialde hutsek eskaintzen diguten aukera aprobetxatuz, 52 kilometrotako bide honetan istorio berriak idazten jarraitzeko.