Asteko Argazkiak

Bizitzaz tiraka

Saumya Khandelwal –
Reuters

Zoriona diruarekin erostea ezinezkoa dela gauza jakina da. Hala ere, zalantza ezina da diruak lasaitasuna ekar dezakeela, batez ere egoera zailetan aurkitzen diren horientzat. Orga baten gainean pilaturik bi indiar hauek zamatsuak diruditen pakete handiak garraiatzen dituzte. Trenbide gurutzeek osatzen duten itsaso zabalean murgiltzen dira etorkizun hobe baten bila.

Saumya Khandelwal – Reuters

Zaborra da beste itsaso honen protagonista. Leku guztietatik sakabanaturik dagoen zakarraren gainetik hegaka dabiltza kaioak, ahora eramateko zerbaiten bila. Kioak ez dira argazkian ageri diren bakarrak. Argazkian bi mutiko ageri dira eta batek aurpegia txanoarekin estaltzen du seguruenik inguruko kiratsetik ihes egiteko.

Jaipal Singh – EFE

Usain desatseginetatik loratu berri diren mostaza landareetara pasatzen gara. Zelai amaiezin batean zehar zabaltzen dira kolore hori biziko landareak. Argazki gehiena betetzen duen kolore horiaren artean, ordea, neskato baten aurpegia ageri da. Eskuartean duen igitaiagatik igarri daiteke lan orduan topatu dugula.

Wong Maye-e – AP

Azkenik, gaztetasunaren altxor preziatuena ikus daiteke argazki honetan: haurtzaroa. Inguruko egoeran sor daitezkeen zailtasunen ondorioz haurtzaroa ilundu daiteke. Baina, argazkian ageri den neskatoaren irribarreak erakusten duenez bizitza laburregia da egun osoa negarrez aritzeko eta soka baten azpitik bizitza saltoka ikustea politagoa da.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.