Asteko Argazkiak

Kirol zoramena

Luis Tejido - EFE

Munduan zehar milaka eta milaka kirol ezberdin aurkitu ditzakegu. Geure inguruan, zorigaitzez, kirol pare batzuei baino ez zaie oihartzuna ematen, baina askoz gehiago dira. Futbola ez den beste edozein kirolen inguruko informazioa topatzea zaila bada, are eta zailagoa da kirol hauetan aritzen diren emakumeen irudiak topatzea. Argazki honek ideia hauekin apurtzen du, emakumeak sokatiran ikusita sokatik tiratzeko eta kirolean aritzeko haien indarra sekulakoa dela erakusten baitute.

Mohd Rasfan – AFP

Indarra alde batera utzi badira, zehaztasun gehiago eskatzen duten kirolak. Mahai tenisa bezalako jokoetan, zeinetan joko eremua nahiko txikia den, mugimendu zainduak eta konkretuak egitea garrantzi handikoa da. Horregatik, argazkiko jokalariaren begiradak erakusten duenez, sake bakoitza perfektua izatea ezinbestekoa da eta hori lortzeko kontzentrazio itzela behar da. Jokalariak pilota eskuetatik askatzen duen momentu beretik puntuak eta partida jokoan daude.

Divyakant Solanki – EFE

Beste kirol batzuetan, ordea, abiadurak du garrantzi handiagoa. Badmintonean pista zabalagoa da eta kirolariek eremu guztia ondo defendatu beharko dute, bolalumak lurra ukitu ez dezan. Honela, pistako bazter guztiak defendatzeko kirolariek mugimendu azkarrak burutzen dituzte eta azkartasun osoz mugitzen dira pistaren eremu batetik bestera. Mugimendu azkar hauekin argazki honen antzekoak eskuratzea lan erraxa da.

Cristina Quicler – AFP

Azkenik, badira animalien parte-hartzea ezinbestekotzat duten kirolak. Zaldi lasterketetan zaldien eta zaldizkoaren arteko konbinazioak perfektua izan behar du lasterketa irabazi ahal izateko. Gainera, era honetako lasterketen berezitasunetako bat pasaiak dira. Gainontzeko kirol guztiak eremu itxi eta kirol instalakuntza aspergarrietan burutzen diren bitartean, zaldi lasterketak hondartza hau bezalako pasaia ederretan burutu daitezke.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.