Gure gustokoak dira National Geographic eta beste hainbat komunikabide eta plataforma famatuek antolatzen dituzten argazkilaritza lehiaketak. Beste arrazoi batzuen artean, hauetan ez daude mugak, kalitatea oso altua da eta bai gaiei eta baita ere estiloei dagokienez, edonoren gustokorako modukoak dira.

National Geographicek urtero antolatzen du Bidai-argazkilaritza lehiaketa. Dagoeneko badaude ikusgai argazki guztiak haien webgunean eta baita ere publikoaren gustukoenak eta irabazleak. Ikusgarriak izateagatik eta lehen esan bezala duten kalitate altuagatik, hauetako batzuk erakustea erabaki dugu asteko laburpen honetan.

Ez da gauza berria gure blogean paisai eta leku berezi eta ezezagunak erakutsi izatea. Hala nola lehenengo argazki hau, fantasiazko mundu bateko paisaia dirudiena.  Leku berezi hau marmolezko kobazulo bat da, Argentinako Patagonian kokatuta dagoena. Argazki honen autorea, turismo ohikoaz gain, leku bereziak ikusi nahi zituen bere aitarekin egindako bidaian, eta ondo bilatuta ere txoko berezi honetara iritsi zen 10 ordu errepidean pasa ondoren.

Argazkia: Clane Gessel


“Ohiko perspektibak baztertu eta surfaren ohiko argazkiak alde batera utzi nahian” lortu zuen irudi hau argazkilari honek, Donavon Frankenreiter surfista profesionalarekin bidaiatu zuenean Fiji irletara. Eta lortu zuen ere, ohiko argazkiek olatuari protagonismoa ematen dioten bitartean, honetan itsasoa bera baita protagonista. Surfistaren mugimenduak ur azpitik harrapatu ditu argazkilariak eta efektua, esan beharra dago, oso ederra dela.

Argazkia: Rodney Bursiel


Momentu arrunt batean ateratako argazki honek (baliteke uraren efektuagatik) bere arruntasunean lortutako edertasunagatik apaimen berezia lortu du. Arrunta da, tren bat besterik ez baita, Bangladeshko Gazipurreko zonaldean, barrutik pertsona bat kanporantz begira ikusten da lehio batean eta bestean berriz, guardasola zabalik. Ez du misteriorik, ezta ezer berezirik ere. Baina bere normaltasunean argazkilariak islatzea lortu dituen dirdirak eta koloreak irudiaren berezitasuna dira.

Argazkia: Moin Ahmed


Natura eta gizatasuna alde batera utziz, konposizio garbiko irudi honetan arkitektura eta simetria dira protagonistak, baita ere proportzioak, pasabidetik doan pertsonak Japoneko etxebizitza-eraikin honen tamaina eta proportzioak zeintzuk diren jakitea laguntzen baitigu. “Eraikin moderno honek kontraste handia sortzen du nire landa-herrian, eta denbora luzez ez nintzen kapaza izan honen izaera ulertzen. Argazkiaren berezko protagonista emakumea da, argazkiari zentzua ematen diona. Hura gabe ez nuke inoiz argazki hau aterako. “, dio argazkilariak.

Argazkia: Tetsuya Hasimoto