Asteko Argazkiak

Asteko elkarretaratze xelebreenak

Scanpix Denmark -Reuters

Copenhagetik dator aste honetako argazki berezienetariko bat. Urtero bezala Mundu Mailako Santa Klaus Kongresua ospatu da bertan. Bizar zuridun elurretako gizon famatuenak milaka pertsona erakarri ditu eta jarraitzaileak era askotariko garraiobideak erabili dituzte ekitaldietara garaiz iristeko. Esaterako, argazkian ageri den gizonak itsasontzian eginiko bidaia aprobetxatu du bere mozorroari azken ukituak eman eta elkarretaratzera liraintasun handiz iristeko.

Stephanie Lecocq – EFE

Europako beste puntan, berriz, izaera guztiz desberdineko elkarretaratzea burutu da. Kasu honetan, Giza Eskubideen defendatzaileen elkargunean bilakatu da Europa hego-ekialdeko lurraldea. Turkian bilduriko manifestarien eskutik argazkian ikusi daitekeen mezuaren antzekoak ikusi ahal izan ditugu. Argazkiko gizonak haren eskumuturrak erabili ditu  munduari prentsa askatasuna eskubide bat dela gogorarazteko.

Noah Seelam – AFP

Antzeko helburuarekin bildu da emakume talde handi hau Hyderabaden. Mundu Mailako Bakearen Aldeko Baraua ospatzeko bildu dira Jainismo izeneko erlijioaren jarraitzaileak. Indiako erlijio zahar honetako kideek kolore biziez bete dute batzarlekua, kolore nahasketa indartsu honen bitartez mundua bakez betetzeko intentzioarekin. Barau islatzeko asmoz, kolore zuriko paper bat ipini dute euren ahotan bilkura berezi honetako partaideek.

Frank Augstein – AP

Asteko azken irudi berezia Europako hiri ezagunenetariko batetik dator zuzenean. Londresen ospatuko den Circus250-aren aurkezpen ofizialeko irudi bat da honakoa. Bertan, hiria beteko duten zirku ikuskizunen magia agerian geratu da, artista talde honek eskainiriko ikuskizunari esker. Akrobazien artean, Tamesis ibaiaren bazterrean hegan egitea posible dela erakutsi dute, era honetan, zirkuak daukan berezitasun hori agerian utziz.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.