Ainara Berges

Igandero bezala, asteak emandakoari erreparatzeko ordua heldu da. Asko dira aste batean zehar munduko bazter guztietan gertatzen diren gauzak eta ateratzen diren argazkiak. Argazki bilduma txiki honek azken zazpi egun hauetan munduan zehar jazotako gertaerak laburbiltzen ditu, omenaldi txiki baten moduan.


VENEZIAKO INAUTERIAK

Garai honetan ohikoa denez, ezin zen inauterien inguruko argazki bat falta bilduma xume honen barnean. Asko dira inauteriak ospatzen dituzten lurraldeak, baina,  zalantzarik gabe, Venezia da inauteriak ospatzen leku famatuenetariko bat. Argazkiaren atzealdean San Marko basilikaren aurrealdea ikusten delarik, postal bateko irudia ematen du inauterietako pertsonai honi atera zaion argazkia. Hala ere, argazkia atera zen unean zerua ziztu bizian zeharkatu zuen txori horrek argazkiaren konposizio perfektua apurtzen du, irudiari ukitu berezia emanez. Horrela, postal perfektuaren irudiarekin apurtzen da, inauteri hauen irudi tipiko eta aldi berean berezi bat lortu du.


 

26-02-2017-1

Oinazpi zenbakituak – Rizwan Tabassum (AFP)

OINAZPI ZENBAKITUAK

Inauteriak ospakizun eta alaitasun une bat badira ere, badira munduan zehar une hain alaiak bizi ez dituzten lekuak ere, irudi honek erakusten duen moduan. Irudiak berez ez du desatsegin gerta daitekeen zerbait erakusten, adibidez zauri bat edo hildako baten aurpegia, baina, transmititzen duen mezua indartsua da benetan. Hildako pertsona baten oinazpiak ikusten dira zenbaki baten bitartez identifikaturik, pertsona horren heriotza produktu edo emaitza bat izango balitz bezala. Argazki berezia da, errealitate baten berri ematen duelako era berezi batean, munduari erakutsiz zenbait tokitan egunero pairatzen diren egoerak oso gogorrak direla eta, argazkiak egiten duen bezala, ahalik eta gehien gordetzen direla gizarteak orokorrean honen berri izan ez dezan.


 

26-02-2017-3

Argazkilari konpultsiboak milanen -Stefano Rellandini (Reuters)

MODA NAGUSI MILANEN

Berriro Italiara itzuli behar gara, baina kasu honetan modaren inguruan hitz egiteko, aste honetan ospatzen baita Milango Modaren Astea. Argazkian, ordea, ez dira ez modeloak ez desfiletako ibiltokia ikusten. Publikoari eman zaio garrantzia kasu honetan, mota honetako desfileetan ohikoa ez den gauza bat. Eta ez hori bakarrik, argazkiak kritika moduko bat egiten du erakutsiz, alde batetik, era honetako ekitaldietara joan ohi den jendea nolakoa den eta, bestetik, egungo gizarteak teknologiekiko duen menpekotasuna. Izan ere, argazkian ikusten da nola une bakar batean hainbat pertsonek argazkiak ateratzen dituztela haien telefonoekin, inguruan gertatzen denari erreparatu gabe. Azken finean hori da argazki honek egiten duena, ibiltokian eta inguruan gertatzen denari garrantzia kendu argazkilariak nahi izan duenari protagonismoa emateko.


 

26-02-2017-4

Pablo Raez

BORROKA AMAIGABEA

Ospakizun eta jaien ostean, tamalez, astea albiste triste batekin amaitu da. Argazkian ateratzen den mutila Pablo Raez da, larunbat honetan hil dena, leuzemiaren aurka gogor borrokatu ostean. Bere argazkien bitartez gizarte oso bat mobilizatzea lortu eta hezur-muinaren donazioak biderkatzea lortu du ere. Izan ere, bere argazkiak honako hau bezalakoak ziren; sinpleak eta zintzoak; leku arruntenetan ateratakoak eta gaixotasun kolpe gogorrenak ezkutatzen ez zituztenak. Mutil honek munduari erakutsi dio ospitale bateko komun batean argazkiak ateratzen, nahiz eta ebakuntza osteko orbainak eta pijamak agerian uzten dituen , munduan mugimendu indartsu bat sortzea posible dela.