Politika, Sailkatu gabea

Politikarien kartelak, karteletako politikariak

Ainara Berges

Hauteskunde kanpainek hiri handienak itotzeko gaitasuna dute. Irribarre perfektuek, jantzi dotoreek eta esaldi miresgarriek kale ilunenetako horma zikinenak estaltzen dituzte. Hauteskundeak hemen dira, eman ezazu zeure botoa, erabakiak hartzeko ordua heldu da!

Gaurkoan Amsterdam dugu borroka politikoaren azken eszenatokia. Martxoaren 15an ospatuko diren hauteskunde orokorrei begira, Holandako hiri nagusiak norgehiagoka politikorako prestatzen hasiak dira irudian ageri den moduan. Hiriburuko kaleak ohi baino asaldatuagoak daude prestaketa politiko hauen aurrean. Aste batzuk falta dira oraindik herritarren erabakia ezagutzeko, nahiz eta hautagaien inguruko eztabaidak puri-purian dauden.

Sasoi honetan ohikoak diren kale inkestek Geert Wilders hautagaia irabazle moduan kokatzen dute. PVV alderdiko hautagaia, hautestontzietako irabazle posiblea izateaz gainera , kritika indartsuenen jomuga ere bada. Haren deklarazioek oihartzuna eta haserrea eragin dute mundu mailan, islamiarren aurka egindako adierazpen erasotzaileen ostean.  Wilders-ek beste hautagaiekiko eskuratu duen abantaila ulerterrazagoa bihurtzen da eskuin muturraren aurreratze geldiezinean ,Brexit-aren inguruko eztabaidan edo Donald Trump presidentearen agintaldian erreparatuz gero. Mundua eskuin aldera okertzen ari zaigu nahita edo nahigabe.

Azken erabakiaren eguna iristen den bitartean, Holandako kaleak borroka honen eszenatoki irekia izango dira. Diskurtso ikasienak eta argazki ederrenak apaindu ostean,propaganda predikatzaile onenak irabaz dezala!

Argazkia: Olaf Kraak, EFE

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.