Joxe Mari Telleria margolariari elkarrizketa.
Jose Mari Telleria
Euskal margolari gaztea
Joxe Mariz hitzegin ohi da gehiagotan ere astekari hontatik, bainan oraingoan beragana zuzendu naiz, hitz aspertu luze baten bidez, bere srtista nortasunaren muina aurkitu nahiaz. Azken urtetan, lanean gogor dihardu, bere nortasuna definitu nahiaz. Isiltasuna eta bakardadea izan dira bere bi lagunik handienak. Hau ondo aurkezten zuen Segurako beste seme batek, Joseba Intxaustik, Joxe Mariren erakusketa baterako egin zuen aurkezpenean:
Joxe Mari Telleria-k bakardadea maite du
Bakardade distiratsua
Trinkoa dela gero, bakardadea!
Ongi dago hortxe barnean
Hori du bere izan-modu eta sentiera jatorra.
Bestalde, artista zentzuduna dugu. Badaki zer lortu nahi duen eta berak hautatu duen hildotik aurrera doa. Egundaine ez ditu gehiegi argitara bere lanak, bainan azken aldi hontan, eta bere 30 urte gazteekin, han eta hemen azalketak egiten ari da. Joan den Urrian eta Bilbon "I certamen vasco-navarro de pintura" delakoan, Joxe Marik lehen saria irabazi zuen. Lehen sari hori 100.000 pezta eta zilarrezko madalia izan zen.
Beragana, zorionak emanaz, joan nintzenean, pozik zegoen, bainan ez arroturik. Aurrerakada handia emango dio sari honek ikerketa lanean jarraitzeko. Elkar bat Z. A.-rako egiteko prest ote legokeen galdetu diodanean, erantzun dit: Neretzat, prestatu gabe hitz egitea nekeza duk. Nik margoak bakarrik gertutzen zituat. Hala eta guztiz ere prestatu da neure galderak erantzutera, eta zuzenean joan gara elkar hizketara.
-Zenbat urterekin hasi hintzen margotzen?
-Neri betidanik gogozko izan zaidak marrazkiak egitea. 15 urte nituela egin nian neure lehenengo laukia. Garai hartan Beasainen nenbillean eskolan eta bertan egiten ziren marrazki txapelketa gehienak irabazi egiten nitian. Hoietako batean margo batzuek eman zizkidatean sari bezala. Ordutik hasi niñuen oleoz laukiak egiten.
-Hire eboluzioan, pintore bezala, irakasleren bat izan al duk?
-Ez. Autodidakta nauk. Horrek ez dik esan nahi beste pintore batzuen oihartzuna ez dudala izan. Oihartzun handiena izan dutenak neure pinturan: Arteta eta Tellaetxe, Euskal pintoreen artean, eta Cézanne (frantsesa) kanpokoen artean.
-Joxe Mari. Emaiguk hire pinturak eraman duen eboluzioaren berri.
-Haseran, Euskal Herriko paisajeak margotzen hasi niñuen, eta honela urte askotan barna. Gerora paisaje hoiek sinplifikatzen joan niñuen, paisaje gaiari baino, margo edo koloreari gehiago begiratuaz. Honela margotzen nitian paisaje abstraktoak. Gero, erabat abstraktora pasatu niñuen eta garai hartan, paisajeak ez ezik beste gai asko estilo hontan margotzen nitian. Euskal Herriko paisajearen koloreak kutsatuta, urdina (more tonoarekin) eta orlegia dituk nik gehienen erablitzen nituen koloreak. Azken bi urte hauetan, abstraktoa utzirik, figuratibora pasatu nauk, eta une hontan figuratibo berriaren barruan jarriko nikek neure pinturaren estiloa. Orain, gizonak izaten dituk neure pinturaren gaiak. Hemen dauden bi lauki hauetan (aurrean dauzkagun bi lauki aipatuaz) ikusten duk, gizonak ez direla osorik aurkitzen. Gorputzeko zati batzuek barne edo fondoarekin bat eginda zeudek, gure begientzat izanik ez dutela. Nik, figurak eta fondoa bat egitea lortu nahi diat erabat, eta horrek bere esanahia badik: Bizitzan, gizonak, gure zirkunstantziak mugatzen gaituztek, eta hautsi ezin dezakegun lotura hori azaldu nahi diat, egungo pinturan.
-Bilbon lehen saria irabaztea, nolatan izan duk?
-Begira. Orain arte oso gutxi ibili nauk azalketak egiten, eta azken bolara hontan higitu beharra nabarmendu diat. Horregatik, joan den irailean, Bilboko Sala Windsor-en azalketa bat egin nian. Eta neure laukiak 3 konkursotara bidali nitian. Hoietako batekin lehen saria irabazi diat. Laukia bidali nuenean, pintore denok noizean behin nabarmentzen dugun zalantza neukean: Lauki hau ona ala txarra izango ote da kritikoen iritzian?, pentsatzen nian nere baitan. Eman didatenen erantzuna, ezin pozgarriagoa izan neretzat.
-Zerbait esan ahal hezake lauki hontaz?
-Bai. TALDEA dik bere izena. Lehen aipatu diadan figuratibo berri estiloan margotua zegok. Bertan neska-mutil talde bat agertzen diat, bainan gorputzeko haragirik gabe. Arropak, txapelak, abarkak eta abar, ikusten dituk laukian. Honekin, askotan gizonak zein nortasun-galduak, zein materialistak aurkitzen garen nabarmendu nahi izan diat.
-Maiz entzun ohi diagu, zuek herriarentzat margotzen duzuela, bainan herriak ez duela ezer ulertzen. Zer gertatzen duk?
-Neretzat pintura duk, zerbait izatekotan, espresio-biderik errezena. Herriarentzat margotu nahi izaten diat, eta neure estiloa abstraktotik figuratibora aldatzea, herrian gehiago murgiltzeko izan duk. Abstraktoak, herriari ez ziok ezer esaten, eta figuratiboak zerbait bai, nahiz eta gaiari bakarrik begiratu. Bainan, hik planteatzen didaan galderari erantzuteko, zientzi gizon batek daukan problematikarekin paretuko nikek. Adibidez, Einstein batek, Erlatibitate Teoria burutu zianean, gizonaren onerako zela pentsatuko zian, bainan herriak teoria hori ez zian ezagutzen, are gutxiago ulertu. Einstein-ek ezin zezakean bere lana utzi nahiz eta hori horrela izan. Aurrera jarraitu zian. Arte mailan berdin-berdin arrazoituko nikek. Artista, arte eta herriaren arteko dialektika horren erdian zegok. Herriak igo beharko dik, artea dagoen mailara, eta, hori gertatzen ez baduk, ene ustez, akatsa eskoletan zegok. Haurrari, txikitandik irakatsi behar zaiok, pintura, musika eta abar sentitzen.
-Hi pinturako irakasle izana haiz Beasaingo Alkartasuna Lizeoan. Erraza ahal duk lan hori?
-Haurrari gogozko zaiok marrazki eta pintura bidez espresatzea. Hori aprobetxatuaz, haurraren espresio-bide lantzea, eta batez ere zuzentzea ez duk erraza. Hortarako irakasle espezializatuak behar dituk, eta hori, tamalez, ez duk posible gaur egun gure ikastoletan.
-Nola ikusten duk gaur egungo euskal pintura?
-Ene ustez, maila onean zegok. Euskal pintoreen artean, artista gazte asko zeudek, oso onak direnak. Neri gehienbat gogozko zaizkidanak, Zumeta eta Ortiz de Elgea dituk.
-Zer proiekto dituk aurrera begira?
-Lehen aipatu diadan bezala, neure lanak azaltzen eginahalak egin nahi ditiat. Azalketak egin nahi zituat Euskal Herriko hiri-buru denetan. Hau ez duk erraza izaten, artista asko bai gaude, eta denbora askorekin eskatu beharra egoten duk sala bat, azalketak egiteko. Oraingoz, Bilbon azalketa bat egiteko sala bat utzi zidatek. Baita Madrildik eta Kataluinatik ere eskatu zidatek. Bestalde, Euskal Herriko herrietan eskatzen didatenean, prest negok azalketak egiten jarraitzeko.
Arratsaldeko 8ak ziren Joxe Mariren estudiotik irten ninizenean. Kanpoan, illunak eta hotzak hustuta utzi zituen Segurako kaleak. Etxerakoan, Telleriaren pintura ulergarriago gertatzen zitzaidan neure barruan. Eta artistak berak esana gogoratu nuen:
Artistaren ideiak materia bihurtzean
Laukia errealitate da.
Munduaren aurrean
artistaren barrua agertu.
Artista bitarteko dela
munduari errealitatea salatu.
HARKAITZ
Joxe Mari, lanean
Telleriaren obra bat
8
GaiezKulturaArteaPinturaPintoreakTELLERIA1
PertsonaiazTELLERIA1
EgileezHARKAITZ1Kultura