Suarezen euskarafobia eredugarria

'Paris Match' aldizkariko elkarrizketa laguntzen zuen argazkietako bat, egun batzuk lehenago, abuztuaren 15ean, Adolfo Suarezi hegazkinean ateratakoa. Argazkia: Jack Garofalo / 'Paris Match'
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Paris, 1976ko abuztuaren 28a. Adolfo Suarez Espainiako presidente berriari buruzko erreportaje bat argitaratu zen Paris Match aldizkariko 1.422. zenbakian. Eta aste batzuk lehenago kargua hartutako Suarezek Philippe Ganier-Raymond kazetariari esandakoek polemika eragin zuten berehala.

Presidenteak Opus Dei eta Falangearekin izandako harremanak zituen hizpide erreportajeak; azken hori “gazteen zirkulu oso librea” zela esan zuen. Francisco Francok Espainia demokraziara eramateko pertsonalki eskatu ziola ere iradokitzen zuen. Baina, bereziki Euskal Herrian eta Katalunian hautsak harrotu zituena, erantzun jakin bat izan zen. Kazetariak batxilergoa handik aurrera euskaraz eta katalanez egiteko aukera izango zen galdetuta, hauxe bota zuen: “Zure galdera –barka iezadazu– ergela da. Aurki iezazkidazu lehenik kimika nuklearra euskaraz, katalanez irakasteko gai diren irakasleak. Izan gaitezen serioak”.

Adolfo Suarez: “Zure galdera –barka iezadazu– ergela da. Aurki iezazkidazu lehenik kimika nuklearra euskaraz, katalanez irakasteko gai diren irakasleak. Izan gaitezen serioak”

Serioak izanda, eta Jose Ramon Etxeberria fisikariaren hitzetan, “ordurako normal-normal ematen genituen euskaraz Fisikako klaseak, baita zentral nuklearrei buruzko hitzaldiak ere; Lemoizko zentralaren inguruko eztabaida puri-purian baitzegoen.” 

Erreportajeak eragindako polemika itzali nahian, irailaren 2an, Suarezen prentsa kabineteak oharra igorri zien komunikabideei. Oharrak zioen erreportaje fotografikoa zela eta kazetariarekin “kortesia” hutsez hitz egin zuela, deklarazio politikorik egiteko inolako asmorik gabe. Eta, beraz, esandakoak off the record modura hartu behar zirela, konfidentzialtasunean esanak. 

Kazetariak solasaldiaren edukiak ez zituen grabatu edo idatziz jaso, oharraren arabera. Eta, ondorioz, “erreportajean agertzen diren esaldi batzuk ez dute Gobernuko presidentearen pentsaera islatzen, beste batzuk soilik solasaldi pribatu baten testuinguru zabalagoan uler daitezke, eta, azkenik, beste baieztapen batzuk ez ziren inolaz ere egin elkarrizketa horretan”.

Baina oharrak ez zuen argitzen zehazki zein esaldiri zegokion kasu bakoitza. Argi utzi zuena zen euskara erasotzeak ez zuela ondoriorik erasotzailearentzat. Eta 50 urte geroago, batzuek oraindik  inpunitatez jarraitzen diote Suarezen ereduari. Agian horregatik esaten diote “trantsizio eredugarria”. 


Euskararen historia kanalean gehiago
2025eko urriaren 16
Linguae Vasconum Primitiae
Jalgi hadi mundura... eta hator etxera

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...