‘Stablishment’-ak gustuko du zu korrika ikustea

  • "Runningaren inguruan eraikitako diskurtsoak klase menderatzailearen interesei erantzuten die", idatzi zuen duela hamar urte Luis de la Cruz historialariak. Moda bihurturik, politikarien aliatu, korrikalari jendea ari da espazio publikoa kolonizatzen, eta haien erritmora doaz aldatzen hiriak. 

"Donostia agertokirik onena da aire zabaleko runninga gustuko dutenentzat", irakurri dugu turismo webgunean. "Hiri iraunkorra, kirola eta ariketa paraje ederrez gozatuz egiteko aukera ematen duena".DONOSTIA TURISMO
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Hiri-korrikalariaren figurak –Albert Noguerasek definitu duen bezala Eldiario.es-en–, denboratxoa behar izan du imaginario kolektiboan integratzeko. Gaur egun, korrika egitea erabat normalizaturik egoteaz gain, sozialki baloratua da, "lotua den heinean osasunari, diziplinari eta auto-zainketa garaikidearen ideiari". Afizioagatik egiten dugu korrika, osasuntsu mantentzeko, estetikagatik, edo, arrakasta goratzen duen gizartean, errendimenduari lotutako helburu geroz eta exijenteagoak gainditzeko. Hainbatek runningaren paradoxa deitu diote: zarata edo dena delakotik ihes egiteko hasten gara korrika, eta, azkenean, egunerokoan jarraitzen gaituzten obsesioak korrika-saioetara eraman ditugu: gehiago produzitu, errendimendu hobea izan, minutu bakoitza optimizatu, guzti-guztia neurtu.

Badira hamar urte Luis de la Cruz espainiar historialariak Contra el running. Corriendo hasta morir en la ciudad postindustrial (“Runningaren kontra. Hil arte korrika hiri post-industrialean”) saiakera publikatu zuela. Laburrean azaldu aldera: running-aren inguruan eraikitako diskurtsoa klase menderatzailearen –kapitalismoaren– interesen zerbitzura dagoela dio De la Cruzek. Jogging zen lehenengo, footing gero, running orain. Ordulariari gehiago begiratzen omen zaio gaur egun, hobetzeko grina eta pertseberantzia sustatzen dira, “baina produktibitate pertsonalari, lehiari eta indibidualismoari begira beti”, egileak dioenez. Fenomenoak mugitzen ditu milioika euro –nahiz eta korrika egiteko zapatila parea eta arropa erosoa besterik ez diren behar–, eta hari lotutako diskurtsoa “auto-laguntza eta ekintzailetzari buruzko liburuetakoen susmagarriki antzekoa da”. Ekonomia-aldizkariek konpainia handietako goi-karguak elkarrizketatzen dituzte running-az hitz egiteko, eta  enpresen arteko lasterketak egiten dira, baita Euskal Herrian ere. “Diskurtsoak erabat egiten du bat klase ertaina izan nahi duen masarekin. Adidasen Imposible is nothing-ek laburbildu dezake ideologia hori”, zioen historialariak duela hamar urte, hainbat mediotan egindako elkarrizketetan.

De la Cruzek dio interes propioek bultzatuta hasten dela pertsona bakoitza korrika, baina funtsean "muturreko indibidualismoa ezaugarritzat duen kapitalismo garaikidearen ideologiari" egiten zaiola men. Ez da kirol jarduera hutsa, gizartean ongi ikusia dago eta lotura du gorputzaren gurtzarekin. “Pertsona arrakastatsua izatea lotzen da stablishment-ak begi onez ikusten dituen kirolak praktikatzearekin”. Eta running-a horietako bat da. “Horregatik ateratzen da hainbeste politikari korrika egitera, hauteskundeak datozenean”.

Hiriaren kartografia propioa

Hamar urte igaro dira ordutik. Noguerasek idatzi du, Cómo la fiebre del 'running' está transformando nuestras ciudades ("Running-aren sukarra nola ari den gure hiriak transformatzen") erreportajean, “iraupen-korrikalarien bakardadea estereotipoa gaindituta”, espazio publikoan lasterka egiteak jarduera kolektibo baterantz eboluzionatu duela: “Garai batean, inor hirian korrika ikusteak harridura sortzen zuen eta txantxarako motibo zen. Nire aitak, 1980ko hamarkadako espainiar maratoilari onenetakoak, kontatzen digu ezezagunek burla egiten ziotela maiz: ‘Bat, bi, bat, bi...’, ‘azkarrago joan, autobusa galduko duzu eta!’... Baina runner-a jada ez da bakarturiko figura bat, espazio publikoaren erabiltzaile bat gehiago baizik, hara eta hona mugitzeko logika propioa duena. Ez du etenik nahi bidean, erritmo konstantea mantentzea baizik, mugimenduaren inertziari eustea”. Horri tiraka, Noguerasek dio korrikalariak etorbide edota parkeen erabilera moldatzen ari direla, eta etorkizunean hirien diseinua gehiago baldintzatuko dutela. De la Cruzek zioen zerbaitekin lotura du horrek: “Running-a eta hirigintza garaikidea bateratsu garatzen dira”. Hainbat ikerketak erakutsi du klase altuagoko auzoetan jende gehiagok egiten duela korrika, “izan espazio zabalagoak dituztelako, denbora libre gehiago, bizimodu sedentarioagoa edo klase menderatzailearen diskurtsoarekiko konexio handiagoa”, saiakera-egilearen hitzetan.

Korrikalari bakoitzak hiriaren kartografia propioa osatzen du, ez du edozein lekutan egingo lasterka. Espaloien zabalera hartuko du kontuan, zoruaren kalitatea, oinezkoen kopurua, airearen kutsadura, semaforoak, iturriak, zarata, arbolarik ba ote den, argiteria... “Behin eta berriro errepikatzen diren zirkuitu informalak eratzen dira, denboran egonkorrak direnak”, Noguerasek dioenez.

Korrika egiten dugunean, hirietan bereziki, “espazioarekin elkarrizketa isil baina bizia mantentzen dugu”, idatzi du kazetariak. Hiria entrenamendu-kide intrusibo samarra da, eta bere forma, soinu eta geometriarekin korrikalariaren erritmoa baldintzatuko du, animoan eragin eta esfortzuaren pertzepzioa moldatu. Ez baita gauza bera arbolek inguratutako pistetan murgiltzea, edo futbol zelai bat bezain zabala den hiribide post-industrial batean aritzea. “Kirol desberdinak dira, ordulariak bietan 10 km markatu arren. Hiri arkitekturak energiaz kargatuko zaitu batzuetan, eta besteetan erritmoa mantsotu eta ingurura begiratzera gonbidatu”. Lurrazpiko pasabide ilun eta hezeak, adibidez, konturatu gabe azeleratzera bultzatuko gaitu, eta plaza eguzkitsu eta zabalak, erritmoa jaistera.

Bidegorriak ispilu?

Esan dugu jada, korrikalariek –eta gainerako pertsona guztiek, ziur asko– berdeguneak nahiago dituzte zebra eraikin zuri-beltz-grisen artean aritzea baino. Are, bero-sapak estutu eta asfaltoa zartagin bihurtzen denean. Maiz, baina, goizetan goizago eta arratsaldetan arratsalderago irten arren korrika egitera, zaila da klima larrialdiaren ajeei iskin egitea, zeuden arbola ia denak errotik atera eta kaleak porlanez estali dituzten hirietan bereziki. Inork irakurri nahiko balu, gaiaren bueltako erreportajea plazaratu du Eduardo Robaynak Climática-n: No es planeta para correr (“Ez da korrika egiteko planeta”). Bertan dio futbolak, tenisak, 1 Formulak, txirrindularitzak, Joko Olinpikoek, beisbolak... kirol industriak aurrekontu astronomikoak inbertitzen dituen bitartean ikuskizuna klimaren eraginetatik babesteko, kirol amateurra hilzorian dabilela negutegi bezala funtzionatzen duten udal kiroldegietan eta itzalperik gabeko etorbideetan.

Espazio publikoaren erabilera berriek, klima larrialdiari gehituta, hiri batzuk eraman dituzte azpiegiturak –eta turismo eskaintza– egokitzera. Londres, Paris, Erroma, Donostia –De la Cruzek propio aipatzen duen adibidea–... Hirien diseinua aldatzen ari da, aldatu zen bezala bizikletentzako bidegorri-sare ahalik eta fundamentuzkoena eraikitzeko... arrakastarik gabe zenbaitetan. Ordukoek lezio moduan balio behar dute, korrikalariak, kapitalismoaren ikur bihurturik ala ez, kalapita handirik gabe mimetiza daitezen hiriarekin. 

Luis de la Cruzek badu horren harira arreta deitu digun teoria bat: "Bizikletek hiriaren diseinua desafiatzen dute, espazio publikoa okupatu eta autoaren zerbitzura dagoen hiri-eredua zalantzan jartzen dute. Aldiz, korrika egiteak ez du deus jartzen zalantzan, eta ez denez gatazkatsua, mota guztietako politikariek egin dute bere". Historialariak dio horrek ez duela esan nahi txirrindulariak hobeak direnik runner-ak baino. Igual du, jada badugu zer leporatua, Behobiaren aitzakian zapatila koloretsuak jantzi eta aurki errepidera aterako diren lagun, senide eta lankideei. 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...