Erdi Aroko monje kopistek questio (galdera) hitza jartzen omen zuten esaldiaren amaieran, irakurleak galdera moduan irakur zezan. Denboraz, qo laburdura erabiltzen hasi ziren, lanak errazteko; gero, bi letrak bata bestearen gainean jartzeko joera iritsi omen zen, kopiagileak denbora eta espazioa aurreztu zezan; eta azkenik, o hizkia puntu bihurtu zen, egungo galdera-markara iritsi arte.
Hipotesi hori Willem Bilderdijk (1756-1831) poeta herbeheretarrak sortu zuen, baina egungo hizkuntzalariek teoria hori baztertzen dute. Eta azalpen askoz sinpleagoa ematen dute: karolingiar garaian punctus interrogativus delakoa erabiltzen hasi ziren, puntu batez eta marra ondulatu batez osatutako ikurra.