Formula matematiko batetik abiatuta, zortzi urte egin zituen friend egokiaren bila: eskalatzaileek paretara lotzeko erabiltzen duten piezetako bat da friend-a. Hura ekoizteko sortu zuten kooperatibaren eredu sozioekonomikoa hobetzeko bilaketan jarraitzen du.
Ingeniaria da ikasketaz. Denbora librea izateak eraman zuen friend berri bat asmatzera: arinagoa, kareharrian ondo sartzen dena… eta horri esker buruan zuen eredu sozioekonomikoa garatu ahal izateko enpresa sortu zuen: Totem. Hasierako kidea, Iñaki Zabala, goizegi eraman zuen heriotzak, baina haren ideiak oso presente daude Apezetxearen errelatoan eta proiektuan.
Zure pasioa bizibide bihurtu zuen pertsona zarela esanez aurkeztu zaitzakegu?
Bere garaian pasio bi nituen: eskalada eta mendia. Eskalatzeko pieza bat ekoizten dugula kontuan hartuta, enpresa sortu izanak aukera eman dit nire pasioa eta lana uztartzeko, baina nire benetako motibazioa enpresa eredua bera izan da. Nik buruan neukan eredu sozioekonomikoa lantzeko aukera eman dit kooperatibak.
Zer da friend bat eta nola hasi zineten friend berri bat sortzeko lanean.?
Friend-a paretaren arrakaletan sartzen da eta barruan zabaldu egiten da. Horrela, paretean zulorik egin gabe segurtasuna irabazten du eskalatzaileak. Totem Cam izenekoak berritasunak ekarri zituen: eusteko ahalmen handiagoa, buru estuak, espeka bi bakarrik kargatzeko aukera, malguak dira eta gutxi mugitzen dira, arinak eta iraunkorrak dira eta erraz zabaltzen dira
Ingeniaritza ikasketen amaierako proiektua egiten ari nintzen, eta denbora librea nuen. Matematika, ingeniaritza eta eskalada maite nituen, eta pentsatzen hasi nintzen. Zertarako? Neuk ere ez nekien orduan.
Bila eta bila Totem Cam izeneko friend-a sortu zenuen. Hori da zuen kooperatibak ekoizten duen produktua, eta eskalada munduan erreferenteak zarete.
Ebazpen matematiko batetik ateratako produktua da. Ebazpen horretatik abiatuta, Iñaki Zabala eta biok ibili ginen haritik tiraka. Behar genuena zen ebazpen matematiko horren potentzialitateak izango zituen zerbait, baina egunerokotasunean eskalatzeko onak ziren ezaugarriak ahaztu gabe: ergonomikotasuna, arina izatea…
Zenbat urte behar izan zenituzten nahi zenutenera iristeko?
Zortzi bat urte.
Behin pieza lortuta, merkaturatu egin behar zenuten. Esan duzunez, zure helburua zuk sinisten zenuen eredu sozioekonomikoa lantzea zen. Nola izan zen merkaturako saltoa?
Diruz larri heldu ginen momentu horretara. Finantziazio ona lortu genuen hasieratik, guretzat arriskurik gabekoa. Produktuaren garapena falta zen, ordea, eta merkaturatzeko baldintzetara heldu ginenerako dirua xahututa geneukan. Internetez saltzen hasi ginen, baina kosta egin zitzaigun eskalada komunitateari erakustea gure produktuak merezi zuela. Konpetentzia boteretsua zen eta gure marketing baliabideak hutsaren hurrengoak. Iritzi onak jaso genituen, baina kontrakoak ere bai. Produktua diferentea zen materialari dagokionez, eta mesfidantza sortu zuen.
Gogoratzen naiz AEBetako tipo bati bidali genizkiola friend batzuk bere inguruan banatu eta probak egin zitzaten. Balorazio txarra egin ziguten, baina irakurri genituen haien arrazoiak eta ez genuen ezer ulertzen. Haiek ziotena ez zetorren bat guk egindako probekin. Handik urte batzuetara, pertsona hori ia-ia gure gure enbaxadore izan zen.
Hor nonbait irakurri dut, Iñaki Zabala eta biak, Salt Lake Cityko azokara joan zinetela. Inflexio puntua izan zen?
Azoka horrek balio izan zuen gerora finantziazioa emango zigutenei erakusteko gure produktuan bazegoela interesa. Sinesgarritasuna eman zigun. Inflexio puntua gero etorri zen. Guk baliabide ekonomikoak lortu genituen hasteko, baina diru hori gastatu egin genuen eta hondoratuta geunden. Legez, behartuta geunden hartzekodunen konkurtsoa deitzeko, baina ez gintuztenez estutu jarraitu egin genuen. Halako batean, gure kolaboratzaile kataluniar baten bitartez, bezero txinatar batekin kontratu txukun bat lortu genuen. Dirua aurrez jarri zuten eta hor hasi ginen egoerari buelta ematen.
Kooperatiba zarete orain. Beti hala izan zarete?
Hasieran, lortutako finantziazio bideengatik, kooperatiba mistoa ginen. Programa publikoetan lortu genuen dirua, eta haietako batean, bazkide kapitalista izan genuen SPRIk kudeatzen zuen sozietate bat.
"Iñakik txertatu zuen hirugarren ideia: enpresaren erabakigunea demokratikoa izan behar zen. Baldintza horren bermea kooperatiba da"
Kooperatiban zure ikuspegi sozioekonomikoa garatzeko aukera izan duzula esan diguzu. Gaur egun arraroa da zuk asmatu duzun pieza egiten duen enpresan zeu bat gehiago izatea.
Arraroa da, batez ere, gure prozesuak eskulan asko duelako. Bizi garen eremu honetan ezohikoa da eskuzko lanean oinarritutako jarduera ekonomiko bat errentagarria izatea. Ezohikoa da ere eredu sozioekonomiko justua praktikan jartzen saiatzen den enpresa bat izatea gure tamainarekin: 33 langile gara.
Gizarte kapitalista honetan, normalena litzateke asmakizunaren jabeak jendea kontratatzea asmatutako pieza hori egin dezan. Zuk, ostera, “33 langile gara” diozu. Taldearen parte zara.
Normalena litzateke ideia on bat izan duenak enpresa bat lortzea ideia hori eros diezaion: ahalik eta etekin gehien atera ahalik eta epe motzenean, eta agur. Ohiko beste formula bat da, eskulan handia daukan proiektua bada, kanpoan aurkitzea hemen baino merkeago non egin.
Kontua da eredu ekonomikoa aldatzeko motibazioa dugula eta jarduera hemen mantendu nahi dugula. Guk ere zailtasunak pairatzen ditugu. Gauzak oso ondo egin behar dira, pieza asko egin behar ditugu errentagarriak izateko, eta gainera eskaladako materiala da: produktuaren kalitateak ardura handia eskatzen du. Hori hemen egitea, esperientziarik gabeko jendeak abiatutako enpresa batean, ezohikoa da.
Hasieratik zeneukan argi zer eraiki nahi zenuen, ala nahi ez zenuena zeneukan argi eta horren arabera garatu duzue Totem?
Hasierako urteetan, Iñakirekin biltzen nintzenean, nik bi gauza neuzkan argi. Bata zen irabaziak ez banatzea; hau da, kapitala izateagatik etekinik ez jasotzea. Eta bestea, berdin kobratzea. Iñakik txertatu zuen hirugarren ideia: enpresaren erabakigunea demokratikoa izan behar zen. Baldintza horren bermea kooperatiba da.
Orduan neukan ikuspegi sozioekonomikoa sinplista da. Ez nuke defendatuko esparru guztietan hala izan behar duenik, baina kapitala ez banatzearena berdin ikusten dut. Berdin kobratzearen kasuan, berdintasun zale izaten jarraitzen dut, baina metrika diferenteak daudela uste dut. Guk erabiltzen dugun metrika soldata da. Horretan aurrera egin du nire pentsamenduak. Ez dira berdinak pertsonek egiten ditugun jarduerak, eta horrek desberdintasunak sortzen ditu. Gauza da ze berdintasun ezartzen duzun, zeren eta taldeak eraginkorra izan behar du. Eraginkortasun hori lortzeko berdintasunaren metrikak zein izan behar duen edo berdintasunetik noraino urrundu zaitezkeen asko interesatzen zaidan eztabaida da.
Eztabaida hori Totemen barruan egin nahiko zenuke?
Bai. Egin behar dugu. Ez dut esango gauden moduan biziraun ezin dugunik, baina tirabirak sortzen dira, albokoari begira lan egiten dugu. Hausnarketa partekatu batek, eta denon artean ahalik eta ondoriorik adostuenak ateratzeak, Totemeko langileek sentitzen duten duintasuna mantentzen lagunduko luke.
Eguneroko lanak zaildu egiten du hitz egitea?
Denbora luzea behar da hausnarketa hauek egiteko, eta gure jarduera ekonomikoa ez da malgua. Ez daukagu margen handirik eta gure lanaren zatirik handiena produktiboa izatera bideratzen dugu. Halako eztabaida bat ezin da saio bitan egin. Denbora behar dugu. Eztabaida ondo kudeatu behar dugu gure egunerokotasuna hobetuko duten ondorioak ateratzeko: tirabirak gainditzea, eraginkorragoak izatea… bidea irekiko lukeen eztabaida da. Soziologoekin-eta hitz egin dut ea alor horretan esperientziarik badagoen, eta eztabaida hori ez dago egina. Egintzat ematen dira gauza asko: ardurak konpentsazioa behar duela, soldataren eskala, gauez lan egitea gehiago ordaindu behar dela, lan deserosoak ordaindu behar direla… gero hasten bagara sakontzen zein izan behar litzatekeen bulegoko lanaren eta muntaia lanaren arteko oreka, aurkituko dugunak ni pertsonalki ez nau asetzen. Eztabaida hori ez dago era zintzoan jasota. Nik ez dut aurkitu, behintzat.
Eztabaida hori ez da jasoa egongo, normalean jendea halakoez hitz egiteko aukerarik gabe joaten delako lanera.
Jakina, eta hitz egiten baduzu, munduko arraroena zara. Gu 33 langile gara, taldea heterogeneoa da. Badugu ikuspuntu sozial konkretu bat, badakigu non gauden; baina akaso ardura hau ez dugu guztiok izango.
"Ingurumenarekiko errespetuaren kasuan, gizarteak gezurra esaten dio bere buruari. Energia berriztagarriak, kotxe elektrikoa, atez ateko bilketa… hori dena 'chapeau', baina gero karbonozko bizikletak nahi ditugu: birziklatu ezin den materialekoak"
Lan harreman justuak, erabaki demokratikoak, ingurumenarekiko errespetua eta berdintasuna dira zuen webgunean aurkitu ditudan baloreak. Horiei eusten jarraitzen duzue?
Ingurumenarekiko errespetuaren kasuan, gizarteak gezurra esaten dio bere buruari. Energia berriztagarriak, kotxe elektrikoa, atez ateko bilketa… hori dena chapeau, baina gero karbonozko bizikletak nahi ditugu: birziklatu ezin den materialekoak. Guk, adibidez, friend-aren espekak egiteko makina bat erosi genuen 2008an eta energia kontsumo konkretu bat zeukan. Orain, makina horiek energia aurrezteko hobekuntzak dituzte, baina pieza horien mekanizazio prozesua konplikatuagoa izango da hemendik aurrera, eta guk denbora berdinean atera behar ditugu piezak. Beraz, makinak azkarrago joan behar du, eta azelerazio-dezelerazio horretan energiaren kontsumoa handitu egingo da. Ez asko, baina zerbait bai.
Beste pieza batek arazoak ematen dizkigu biodegradagarria delako. Badago biodegradagarria ez den materiala ere, jakina. Pieza aldagarria izateko diseinu berriaren bila gabiltza. Akaso ardatzaren errematxea erroskara egingo bagenu, izorratzean ez litzateke pieza osoa txatarrera bota beharko, baina erabiltzaileak erroska hori askatu ahal izateak segurtasuna kenduko lioke piezari. Asko luzatu naiteke honetan, baina erabaki txiki asko hartu behar dira eta ez dira beti errazak.
Lan harremanetan espero dut eboluzionatuko genuela. Komunikazioan izan ditugu hutsuneak, baina orain baditugu barne aldizkaria eta foroa. Urtean batzar bi ziur egiten ditugu, eta gero beste hiru edo lau izaten dira. Departamenduek beren bilerak egiten dituzte, baina ez dut uste nahikoa denik.
Batez bestekotik gora zaudetela ondorioztatuko nuke bat-batean.
Segur aski bai, eredu sozioekonomiko berean mantentzen gara sortu ginenetik gaurdaino, formula berarekin, soldata berdintasunarekin. Denbora jartzen dugu eztabaida behar den bezala ez egiteko aitzakiatzat, baina agian apustu falta ere izango da. Dena den, hausnarketa hori egin egingo dugu: nik horregatik jarraitzen dut hemen.
Zuen webgunean erraza da informazioa euskaraz bilatzea, nahiz eta nazioartera begira egiten duzuen lan. Nahita egindako apustua da?
Begira, Euskal Herrian ez daukagu denda bat bera ere bezero dugunik: web orria euskaraz ere egitea erabaki politikoa da. Praktikan, horrek ez du gure jardunean eragin zuzenik. Hori horrela da Iñaki eta biok euskaldunak garelako. Oraindik harritu egiten nau zenbait webgune euskaraz ez ikusteak. Web orri bat hizkuntza bat baino gehiagotan funtzionatzeko diseinatzen duenak zenbat denbora behar du euskaraz ere jartzeko? Egun bateko lana da? Ez dut ulertzen ez egitea.
Jarraitzen duzue prozesu osoa Hernaniko tailerrean egiten?
Guk mekanizazioa, josketa eta muntaia egiten ditugu. Osagaiak ahalik eta gertuen erosten ditugu, baina ez nago erabat irizpide horren alde. Gure esparruan ahalik eta ondoen egitea behar dugu, eta hori ez du beti bermatzen gertuen egiten duenak. Kuriosoa da, kanpoan erosi behar ditugun hornigaietan, gure bizi-maila baino baxuagoa duten herrialdeetan erostea tabu da. Aldiz, gurea baino bizi-maila hobea duten lekuetara jotzea ez. Frantzian hornitzen gara, adibidez, baina gauza bera Korean edo Txinan badago; eta gaur egun ez lukete Frantzian baino okerrago egingo. Hor badago ebatzi gabeko eztabaida bat. Ahal dugun guztia egiten dugu hemen. Gero altzairua edo aluminioa nondik datozen… produktuaren konposaketan behera egin ahala, Afrikara edo Asiara iritsiko zara.
Non ikusi nahiko zenuke Totem etorkizunean?
Nahiko nuke ikusi hazita: beste produktu batzuk ere ekoizten. Lehen aipatu dudan eztabaida emanda ere nahi nuke ikusi, bere izaera gorpuztuta. Gustatuko litzaidake elkarrizketa hau etorkizunean eginez gero kontatu ahal izatea eredu sozioekonomikoan aurrera egin dugula eta beste enpresa batzuentzat erreferentea den sistema asmatu dugula.
Galdetu dizut hamar urte barru…
Bost urte barru.
Bost laster da!
Bai, baina beti nahasten gara eta azkenean izango dira hamar. Talde heldua daukagu, egonkortua, esperientzia badugu eta hobetzen ari gara. Mantso doa dena, baina ibilbidea ikusita, posible da hurrengo bost urteetan jauzi txiki bat ematea.
"Zintzoak izanda, sekula ez digute serio esan 'tori milioi erdi euro', eta ni izan naiz ezetz esan duena. Akaso horixe egingo nuke: oso burugogorra naiz eta ez dut dirudunaren bizitza nahi. Diru hori hartu izan banu beste enpresa bat sortuko nukeen"
Ez neukan pentsatuta galdetzea, baina badut kuriositate bat: zuek lortutako friend-ak arrakasta izan du mundu mailan. Inoiz saiatu zaizkizu ideia edo patentea erosten?
Bai, eta gauza bat esango dizut: jendeak uste du heroiak ginela Iñaki eta biok, baina bizitza hori baino askoz ere krudelagoa da. Salt Lake Cityko feria hartan geundela pertsona batek esan zigun standa jasotzeko eta berarekin joateko. Iñaki azkarragoa zen ni baino eta segituan esan zion: “Zenbaten truke?”. Morroia italiarra zen eta biharamunean ere etorri zitzaigun, baina ez zuen preziorik jarri. Gerora, eskalada munduko enpresa handi bat hurbildu zitzaigun. Gu gaizki geunden: hartzekodunen konkurtsoan ia-ia. 50.000 euro eta royaltiak eskaini zizkiguten. Guk hori baino gehiago zor genuen. Bilera eten egin genuen gure artean hitz egiteko. Jakina, haiek ez ziguten esan nahi zenbat ordaintzeko prest zeuden benetan, eta jakin nahi zutena zen gu zenbatean amore emateko prest geunden. Zifra hori esan ziguten guk zenbat behar genuen jakiteko, baina agian gehiago emateko prest zeuden. Orduan, guk ere berdin egin genuen eta milioi bi eskatu genizkien. Bilera pikutara joan zen. Zintzoak izanda, sekula ez digute serio esan “tori milioi erdi euro”, eta ni izan naiz ezetz esan duena. Akaso horixe egingo nuke: oso burugogorra naiz eta ez dut dirudunaren bizitza nahi. Diru hori hartu izan banu beste enpresa bat sortuko nukeen.
Baina zerbait berezia eta bakarra asmatu zenuten.
Gaur egun patentea iraungita dago, baina eskaladaren mundua txikia da eta inork ez gaitu kopiatzen irudiagatik eta negozioa estua delako. Pieza asko egin behar dira, azkar eta ondo. Ikuspegi ekonomikotik ez gara interesgarriak. Kopiatu beharko ligukete jada gure konpetentzia diren enpresek, baina irudia zaindu behar dute. Eta kopiatzea ez litzateke ondo ikusiko.
Eskaladaren mundua txikia da izan ere…
Harrigarria da, hala ere, zenbat Totem Cam saltzen diren. Edozein kirol denda handira bazoaz bizikleten atala izugarria da eta eskaladarako materialarekin bitrinatxo bat egongo da. Hala ere, milaka batzuk saltzen ditugu urtero.